Tolosaldeko ospitale publikoa

"Lehenbailehen har dezala Osasun sailak eskualde ospitalearen kudeaketa"

Tolosaldeko Ataria 2020ko mar. 11a, 18:59
Tolosako udalbatza, artxiboko irudia

Udalbatzaren osoko bilkurara Asuncion klinikaren gaia eraman zuen EH Bilduk, joan den astean. Ander Figuerido zinegotziak salaketa larriak egin zituen, espezialitate tituluen auzitik harago.   

"Informazio ugari atera da azken egunotan Tolosaldeko osasun arretaren gabezien inguruan", hasi zen Ander Figuerido. Ondoren, bere ikuspegitik, Asuncion klinikan gertatzen dena deskribatu zuen puntuz puntu: 

  • "TOPAk udal honetako hiru alderdi politikori urrian emandako informazioa eta datuak baieztatzen ari dira: eskualdeko ospitale lanak egiten dituen Asuncion klinikako mediku asko, espezialitate titulua homologatu gabe jarduten ari dira. Salaketa hau gaur bertan berretsi dute 175 osasun profesionalek (astelehenean 200era iritsi ziren)".

  • "Egoera hori normaltzat saldu nahi diguten arren, ez da beste eskualdeetan gertatzen. Osakidetzak kudeatzen dituen ospitaleetan ez dago mediku bat bera ere espezialitatea homologatu gabea duenik, eta Tolosaldean hamarnaka ditugu egoera honetan".

  • "Espezialista falta da jartzen duten aitzakia, baina hara non, orain gutxira arte bazeudela, eta ez dira ez jubilatu ez eta lan eskaintza batengatik joan ere, klinikako kudeaketa jasangaitza zelako baizik. Benetan espezialista falta egongo balitz, ez litzateke hemen soilik gertatuko".

  • "Are gehiago, duela bi edo hiru urte, kasu isolatu batzuk baziren klinika honetan, baina orain 20 baino gehiago dira".

  • "Zenbait arlotan gainera, anestesia edo traumatologia kasu, egoera are larriagoa da, izan ere, lantaldearen gehiengoa, edo ia guztia, etorri berriak da eta espezialitatea homologatu gabe dute. Honek beste eskualdeekin desberdintasuna ekartzeaz gain, pazientearen segurtasuna ere kinka larrian jartzen du".

  • "Baina ez da desberdintasun bakarra, Osakidetzaren mediku historien sistema bera ez da erabiltzen klinika honetan. Eta askotan, arazoak daude beste ospitaleetan Tolosaldeko herritarren historiak begiratzeko ere".

  • "Beste eskualdeetan txertatzen diren protokoloak eta plan estrategikoak, Gipuzkoa osorakoak, ez dira hemen inplementatzen, kudeaketa pribatuak nahi ez duelako. Besterik gabe".

  • "Pazientearen segurtasuna bermatzeko jartzen diren neurriak ere ez dira hemen jartzen, adibidez, odol transfusioen kasuan, oso garestiak iruditzen zaizkiolako klinikako jabeari".

"Otorrinolaringologia zerbitzurik gabe"

EH Bilduko zinegotziaren esanetan, espezialitateen homologazio falta "iceberg-aren punta besterik ez da". Horrez gain, beste hainbat datu kezkagarri daudela azaldu zuen Figueridok: "Lan baldintza kaskarrak, gehiegizko lan kargak, murrizketak, profesional lan talde aldaketa handia... Aurreko astean hiru mediku joan ziren, eta ondorioz, eskualdean otorrino gabe geratu gera".

"Osasun sailak har dezala kudeaketa"

Azken egunetan otorrinolaringologia zerbitzurik ez dela egon salatu ondoren, "irregulartasunen" zerrendarekin jarraitu zuen EH Bilduko zinegotziak, hasieran esandakoak gogoratuz: "Osakidetzako protokoloetatik kanpo egotea; beste eskualdeek dituzten pazienteen segurtasuna bermatzeko sistema falta; historia mediko ez konpartitua; diru publikoa desbideratzea enpresen sare korapilatsuan; ogasun eta gizarte segurantzarekin duen zorraren betikotzea; osasun sailaren diru ekarpen eskasa eskualdeari... Bistakoa da irregulartasunak egon badaudela, eta ez gutxi".

Guzti horren azken ardura Osasun sailarena dela esan zuen Ander Figueridok, "eta bere bitartekoa den lurralde delegazioarena". Izan ere, EH Bilduren ordezkariarentzat Inviza SA eta Osasun sailaren arteko akordioa ez da betetzen: "Hitzarmen horrek berak akordioa bertan behera uztea ahalbidetzen du, baldintzak bete ezean. Gure helburua argia da, Tolosaldean gainerako eskualdeetan ematen ari den osasun arreta berdina jasotzea. Ez gehiago, eta noski, ez gutxiago, orain gertatzen ari den bezala. Udal honek Tolosako herritarron ordezkari izanik, eta eskualdeko herri nagusi garen heinean, osasun sailari bere ardurak har ditzan eskatu behar dio. Lehenik eta behin, kontzertua bere osotasunean bete dadila, eta beste eskualdeekiko ekitatea izan dezagun, lehenbailehen Osasun sailak har dezala Tolosaldeko eskualde ospitalearen kudeaketa. Gainerako eskualdeetan duela urte mordoa egin zen bezala. Borondate politikoa besterik ez da behar".

Olatz Peon alkateari zuzenduz

Sarrera horren ondoren, EH Bilduko zinegotzia Olatz Peon (EAJ) alkateari zuzendu zitzaion, Ataria Irratian egindako adierazpenen harira: "Homologazioen afera, ez da zuk Olatz, aurreko egunean Atarian esan zenuen bezala. Erabilera 'amarillista' etiketa jarri zenion. Hau ez da hedabide batek argitaratutako informazioaren ondorioz hasi. Bide batez esan, adjektibo hori erabiltzea, hedabide batek ustelkeria kasuak salatzen dituelako ez dela oso demokratikoa, nahiz eta zuen gustukoa ez izan. Esan bezala afera hau ez zen hasi hedabide batek argitaratuko informazio baten harira, hori guztia eta gehiago, duela hilabete batzuk klinikako langile ohi batek salatu zuena eta egun partzialki argitaratzen ari dena da".

Puntu horretan, Ander Figueridok, Asuncion klinikaren aurkako salaketa jarri zuen medikuari elkartasuna azaldu zion: "Ausardia osoz, eskualdeko herritarren osasun kalitatea helburu, ez besterik, Asuncion klinikan ematen ari den irregulartasunak salatu zituen, eta ordainetan, bere aurkako kanpaina erasokorra jasaten ari da. Bai klinikako lehendakariaren aldetik, bai zenbait hedabideetatik ere. Horregatik gure babes osoa azaldu nahi diegu, bai langile ohi honi, baita urteetan zehar klinika horretan lan egin eta egoera oso latzak jasan dituzten hainbat langileri ere. Eta nola ez, egun gaixotasun egoera bat pairatu behar dugun herritarroi ahalik eta artapen eta tratu egokiena jasotzeko lan eskerga egiten duten klinikako langileei".

Azkenik, Olatz Peon alkateari zuzenean ondorengo galderak luzatu zizkion EH Bilduko ordezkariak: "Gehiago itxaron gabe kudeaketa publikoko ospitale publikoa nahi dugu. Hortaz, benetan pentsatzen duzu oraindik eskualdean osasun zerbitzu ona eta beste eskualdeetako berdina dugula, Olatz? Zer egingo du udal honek desberdintasun nabari hauek bukatzeko? Osasun sailari argibideak eta erantzukizunak eskatuko dizkiozue? Eta bidez batez, Tolosaldeko osasun arreta ospitalarioaren kudeaketa publikoa eskatuko diozue?".

Olatz Peon alkatearen erantzuna irakurtzeko, egin klik hemen.

Ondorengo bideoan, martxoaren 5eko udalbatzan Asuncion klinikaren gaiak eman zuen guztia:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!