Tolosaldeko ospitale publikoa

"Titulartasun publikoa, kudeaketa publikoa eta zerbitzu publikoa"

Tolosaldeko Ataria 2020ko mar. 11a, 14:54

Ander Figueridoren galdera zuzenen aurrean, joan den asteko udalbatzaren bilkuran, Olatz Peon alkateak hitza hartu zuen, udalaren ikuspegia emateko.

Homologatu gabeko espezialitateen inguruan, Olatz Peon alkateak kezka hori lurralde delegaziora bidalia dutela esan zuen, TOPAk egin bezala. 

Fiskaltzaren ikerketaren inguruan, berriz, bidea egiten utzi behar dela gogoratu zuen: "Ikusi beharko da zer esaten duen. Ondoren, eskatu behar baldin badira,  erantzukizunak eskatuko dira dagokion tokian; legea bete egin behar delako. Intrusismo kasu bat dagoela esaten dute. Guk beti esan dugun bezala, Tolosaldean kalitatezko zerbitzua eskatu eta aldarrikatzen dugu, doakoa eta unibertsala. Hori, orain arte, kontzertazioaren bitartez izan da posible Tolosaldean".

Tolosako alkatearen hitzetan, azken urteetan zailtasunak "handitu"egin dira: "Legealdi honetarako kanpainan esan genuen titulartasun publikoko ospitale publiko baten aldeko lanketa bat egingo genuela. Gure ustez, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, Tolosaldeko beharretara egokituko den ospitale publiko bat eraikitzea behar beharrezkoa da, eta horretarako ari gara lanean". Ondoren, EH Bilduko Ander Figueridoren galdera berri bati erantzunez, Peonek zalantza guztiak uxatu nahi izan zituen: "Titulartasun publikoa, kudeaketa publikoa eta zerbitzu publikoa".

Hori iristen den bitartean, Asuncion klinikarekin dagoen hitzarmenari heltzea besterik ez zaiela geratzen esan zuen Tolosako alkateak.

Ander Figueridok egin bezala, Olatz Peonek ere salaketa jarri zuen medikua hizpide izan zuen: "Bere aurkako kanpaina bat baldin badago, argi eta garbi esan nahi dut kanpaina hori guztiz arbuiatzen dugula. Mundu guztiak zilegi du bere iritzia demokratikoki eta publikoki azaltzea, eta uste dituen salaketa guztiak jartzea. Horrelako kanpaina erasokorren aurkako jarrera irmoa azaldu nahi dut, bai gai honetan eta baita beste edozeinetan ere; beste askotan ere gertatu direlako horrelakoak herri honetan".

Homologazioen gaiarekin amaitzeko, puntu bat argi utzi nahi izan zuen Olatz Peonek, gaizki ulerturik egon ez dadin eta "erantzukizunez" jokatze aldera: "Gauzak kontu handiz esan behar dira, behar baino alarma gehiago ez sortzeko. Herritarrek medikuak diren ere zalantza egin dezakete. Argi utzi behar da medikuak direla. Hor homologazio arazo bat dago. Egia da Osakidetzan ez dela baimentzen, berez, homologazio gabeko espezialistak lanean aritzea. Aldi berean, egia da ezohiko egoeretan legeak hori baimentzen duela. Ez dakit hori den gure klinikaren egoera edo beste bat den. Hori fiskalak erabaki beharko du, eta ez guk".

Ander Figeridok, bere azken ekarpena egin nahi izan zuen puntu horretan: "Suposatzen da espezialitatea badutela beraien herrietan egina, baina hemen oraindik ez daukate homologatua. Hori ez da tramite huts bat, Montoya jaunak esaten duen bezala. Hor azterketa batzuk daude, baldintza batzuk bete behar dira eta bakoitzaren maila erakutsi behar da".

Ospitale berria eta epeak

8-10 urteko epea jarri zuten EAJko arduradunek hauteskunde kanpainaren atarian. "Ez gaude Txinan, guk ez ditugu ospitaleak egun batetik bestera egiten. Ez dakit prozesu guzti horrek zenbat denbora eramango duen. 8-10 urte esan genuen, hiru urte esan eta egingo ez balitz inor kontu eske ez etortzeko. Gauza asko daude aztertzeko, tartean, langileen esku aldaketa hori nola egin behar den. Berme bat ematen duen epea aipatu genuen. Guri tokatzen zaiguna eremua zehaztea da. Hori iritsi bitartean, orain artekoari heldu beharko diogu, baina berme guztiekin. Ikusi beharko dugu zer gertatzen den homologazioen afera guzti horrekin, eta sortu daitezkeen beste kontu guztiekin. Gainean egon beharko dugu eta Osasun sailari erreklamatu, orain artean bezala".  

Ospitale berria non joango den aztertzen hasiak direla jakinarazi zuen Olatz Peonek; nahiz eta oraindik ezer zehatzik ez dagoen.

EAJren iritzi aldaketa

Asuncion Klinikaren inguruan iritzia aldatu izana aipatu zion EH Bilduko ordezkariak Tolosako alkateari. Honek horrela erantzun zion: "Iritzia aldatu dugula esan diguzu. Hauteskunde aurretik gure proposamena aurkeztu genuenean, adierazi genuen kontzertazioa izan zela alderdi politiko guztiek eskatu genuena, bere garaian. Balio izan duen formula bat izan da. Horri esker izan dugu osasun arreta zerbitzu on bat eskualdean, hainbat urtetan. Egia da, azken urte hauetan eragozpen batzuk izan direla. Zergatik? Arreta emateko moduak, OSIak eta antolaketak aldatu direlako. Klinikak jabetza pribatua izatean, eragozpenak izan dira. Informatika eta beste hainbatetan aipatu ditugun kontuen aldetik. Horregatik esan genuen ospitale publiko bat erreklamatzeko garaia zela. Horrez gain, aipatzen genuen aurreko ibilbidea egin gabe ziurrenik ez genuela ospitale publiko bat edukiko. Aurreko bide guzti horri esker iritsi gara honaino".

Joxe Mari Villanueva (PSE-EE): "Oso kezkatuta nago"

Udalbatzan PSE-EEren ordezkariak, Joxe Mari Villanuevak, informazio objektiboaren beharra azpimarratu zuen, ahalik eta diagnosi zuzenena egiteko: "Informazio desberdinak jasotzen ari gara, eta logikoki, ni behintzat oso kezkatuta nago Asuncion barruko hainbat profesionalekin hitz egin ondoren. Objektiboa izan behar duen diagnosi bat egin beharra dago. Osasun sailari eta OSIko arduradunei ikuskaritza lanak egin ditzaten eskatu behar zaie. Eta azkenean, hitzarmen hori betetzen ez baldin bada, ez dauka inolako logikarik daukagun sistema honekin jarraitzea. Egoera honetan gu bakarrik gaude, besteak sare publikoan daude. Nire iritzi pertsonala bat izanagatik, hau da, zerbitzu txukuna eman dutela orain arte, horrenbeste gauza ateratzen ari dira, kezkagarria izan daitekeela. Egoera honi aurre egin behar zaio".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!