M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2020

Jatorri ezberdineko emakumeak berriz ere saretzen

Jon Miranda Labaien 2020ko mar. 7a, 08:58

Martxoaren 7ko ekitaldiaz hitz egiteko Tolosaldeko Ataria-rekin bildu diren mugimendu feministako kide guztiak zuriak dira. «Esanguratsua da», aipatu du Maite Aranaldek, eta aurrera begirako erronken artean, egunerokotasunean parte hartzen ez duten horiengana zabaldu beharraz hitz egin du, «lehen sektorean aritzen diren emakumeengana, adibidez, edota jatorri ezberdina dutenengana».

Iazko azaroan Durangon egin ziren Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan dekolonialitateari buruzko mahai nagusian gertatutakoak arrastoa utzi du. «Zaplazteko ederra jaso genuen», aitortu du Maite Aranalde Ijurko ibartarrak. Oholtza gainetik emakume zuriekiko konplazientea ez den diskurtso antikoloniala ozen entzun ahal izan zen eta horrek «azkura» eragin zuen mugimendu feministan. «Eztabaida interesgarria dago eta barrura begiratu behar dugu. Hausnartu behar dugu nolako harremanak sortzen ari garen, horizontalak edo bertikalak ote diren, nola harremantzen garen eta lidergoa zeinek daraman», dio Eider Olazarrek.

Tolosaldean mugimendu feminista askotarikoa da eta biharko ekitaldia antolatzeko garaian jatorri diferenteko emakumeak biltzen dituzten kolektiboek hartu dute parte, hala nola, Divinas, Ana Yurd, Ereiten edota Zutanik.

Horrekin batera, Tolosaldea Garatzeneko Migrazio sailetik bideratzen duten Guretzako proiektuari esker, jatorri ezberdinetako emakume taldeak sortu dituzte Anoetan, Villabonan, Iruran eta Zizurkilen. Ana Telleria Migrazio teknikariak azaldu du zein helburu bete nahi dituzte talde hauekin:

1. AHALDUNTZE PERTSONALA: autoestimua, trebetasun sozialak, entzute aktiboa, komunikazioa, beharrak eta eskubideak aitortzea, lanerako prestakuntzarako informazioa…

2. TALDE AHALDUNTZEA: sareak, aliantzak eta elkarri laguntzea, ekintzetan parte hartzea, indarkeriari aurre egiteko estrategiak, lana generoka banatzea, botere-harremanak…

3. MIGRAZIO ESPERIENTZIETATIK ERATORRITAKO PROZESU PSIKOSOZIALEN ILDO ESTRATEGIKOA: esperientzia pertsonala, migratzeko arrazoiak, familia deserrotzea, amatasuna urrunetik edota bakardadean, zaintza kate globalak, informazio eta lan ibilbideak, harrera lekuak…

4. ESTEREOTIPOEI, AURREIRITZIEI ETA BAZTERKERIARI BURUZKO LANKETA GENEROAREN ETA KULTURA ANIZTASUNAREN IKUSPEGITIK: jatorrizko eta helmugako kultura, mitoak eta aurreiritziak, arrazakeria, jatorri desberdinetako emakumeek euskal gizartean parte hartzea.

Maria Perezek asmatutako izena da anonimatua gorde nahi baitu taldean parte hartzen du: «Urtebete inguru daramat hemen eta askotan gainerako emakumeen harremana egitea kosta egiten zait. Udaletik gutun bat iritsi zitzaidan gosari baterako gonbita eginez eta gerturatu egin nintzen. Bilera horretan, aurrez ezagutzen ez nituen eta herrian bertan eskaintzen dituzten baliabide batzuen berri izan nuen, eta gainera, emakume errumaniar bat ezagutu nuen. Ordutik elkartu izan gara kafea hartzeko edota telefonoz hitz egiteko. Ekimen interesgarria iruditzen zait, oso polita, eta ahal dudanetan behintzat bertaratzeko asmoa dut».

Maddi Sarasola anoetarrak laburbildu du talde hauen dinamika: «Ahalduntzeko espazio bat dira talde hauek, beraiek ere saretzeko aukera bat izaten baitute bertan. Guk jasaten ez ditugun beste zapalkuntza batzuk jasaten dituzte emakume migranteek eta haiek eurentzako espazio propio bat edukitzea garrantzitsua da».

Erlazionatuak

Autoantolatuz

Jon Miranda Labaien 2020 mar 07 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!