M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2020

Autoantolatuz

Jon Miranda Labaien 2020ko mar. 7a, 08:59

Tolosaldeko Mugimendu Feministak Josi ta Josi festa feminista ospatuko du gaur Anoetan; azken urteotan herriz herri ugaldu diren talde eta kolektibo feministek elkar ezagutu, espazio politikoak konpartitu eta aurrera begirako agendak bateratzeko aukera izango dute.

Tolosaldeko mugimendu feminista askotarikoa da eta azkeneko urteetan ugaritu egin dira herriz herri emakume talde, kolektibo eta asanblada feministak. «Amalgama» aberatsa da eta elkarrekin komunitate feminista konprometitua osatzen dute. Maddi Sarasola Eizmendi anoetarrak «lur komun» gisa definitu du feminismoa: «Mugimendua esaterakoan kosta egiten zaigu zer den irudikatzea, nahi gabe oso egitura klasikoetara jotzen dugu, pentsatzen dugu zerbait egituratu, antolatu eta hierarkizatua dela. Eta ez da horrela».

Mugimenduak berarekin dakar etengabeko aldaketa eta Sarasolaren hitzetan, horrek eztabaida gehiago sortzea, inklusibitatea lantzea eta enpatia presente edukitzea dakar. Bat dator Pilar Garaialde Salsamendi alegiarra: «Feminismoa dinamikoa da, etengabe eguneratzen eta berrantolatzen doa, horrek dakarren konplexutasun guztiarekin». Gakoa antolakuntzan dagoela uste dute feministek, eta horregatik aukeratu dute aurtengo martxoaren 8rako ondorengo leloa: Antolatu indarrak, batu borroka feministara.

Eider Olazar Elduaien gazteluarrarentzat azkeneko bi urtean «ikaragarri» zabaldu da mugimendu feminista eskualdean. «Orain arte modu batean antolatu gara, baina hemendik aurrera nolako antolakuntza behar dugun hausnartu behar dugu elkarrekin». Horretarako aukera bat, gaur, martxoaren 7an izango da Anoetan. Tolosaldeko festa feminista egingo da bertako plazan 17:00etatik aurrera Josi ta Josi lelopean.

Aurreko bi urteetan greba feministak antolatu izan ditu Euskal Herriko mugimendu feministak arrakasta handiz. «Greba tresna bat da eta ez helburua. Aurten ez antolatzeak ez du esan nahi, inondik inora, ahulduta gaudenik edo indarra galdu dugunik. Borrokarako prest gaude eta kaleak hartuko ditugu», dio Olazarrek. Martxoaren 8a edota Azaroaren 25a bezalako ekimenak antolatzeko koordinazio puntualetik harago, feminismoaren indarra egituratzeko beharrari erantzun nahi diote, bai Euskal Herrian, baita Tolosaldean ere. Hasiera bat izango da gaurko eguna, eskualdeko emakumeek elkar ezagutu dezaten eta saretzea abiatu dadin.

Mila Canseco: "Beldurrez dauden horientzako esperantzarako leiho bat izan daiteke Tolosaldeko Emakumeen Etxea".

Mila Canseco Nieto tolosarrak ilusioz begiratzen dio gaur egungo mugimendu feministari. Emakume pentsiodunen Oneka kolektiboko kidea da, mugimenduaren transbertsalitatearen adibide gisa, gazteekin batera ari da borrokan. Eskualdeko talde eta asanblada feministekin batera, jatorri ezberdineko emakumeak biltzen dituzten elkarteek edo pentsiodunen taldeek ere bat egin dutelako biharko festaren antolakuntzan. «Feminismoa ura bezalakoa da, toki guztietara iristen da eta bazter guztiak bustitzen ditu», nabarmendu du Ana Merino Iriarte tolosarrak. «Borroka ezberdinak lotzeko bertutea du feminismoak, emakumeon eskubideen alde egiteak, langile, gazte, pentsionista eta emakume arrazializatuen eskubideen alde egitea esan nahi du. Bizitza horiek ikusarazteko borroka ere bada gurea».

Ana Merino: "Feminismoa ura bezalakoa da, toki guztietara iristen da eta bazter guztiak bustitzen ditu".

Jendarte eredu hau bizi-gaitza dela uste dute feministek eta hortik dator azken urteetan bizitzak erdigunean jarri eta zaintzarekin dagoen gatazka azaleratzeko ahalegina. «Mugimendu feministak egindako lanketa hori erreferente izan da beste hainbat eragile eta borrokentzat. Ikusi besterik ez dago urtarrilaren 30eko greba orokorra. Ez zen lan produktiboa bakarrik geldiarazi, gizartean ikusiezina eta azpi baloratuta dagoen lan erreproduktiboan ere jarri genuen argia», esan du Olazarrek.

Eider Olazar: "Eskuin mutur zaharkitu, misogino eta homofoboari aurre egiten dion feminismo antifaxista da gurea".

Feminismoaren aurkako erreakzioari planto

Kapitalismo basatiari, xenofobiari eta arrazakeriari aurre egiteko indarrak antolatzeko deia egin du mugimendu feministak. Garaialderen esanetan, jendeak uste duena baino eragin handiagoa du feminismoak jendartean: «Lur azpia mugitzen ari zaiela sentitzen dutenak geroz eta gehiago dira, ez dira bakarrik Vox edo PPkoak. Horregatik daude hain urduri eta horregatik hainbeste eraso azkenaldian. Begirada morea zabalduta dago eta geroz eta intzidentzia politiko handiagoa dugu». Mahaiaren bueltan bildutako feminista guztiak bat datoz ultraeskuina eta faxismoa areagotzen ari direla esaterakoan eta horregatik uste dute, borroka feministak «derrigor» izan behar duela eskubide sozial eta politikoen aldeko borroka. «Eskuin mutur zaharkitu, misogino eta homofoboari aurre egiten dion feminismo antifaxista defendatuko dugu», dio Olazarrek.

Pilar Garaialde: "Lur azpia mugitzen ari zaiela sentitzen dutenak geroz eta gehiago dira, ez bakarrik Vox edo PPkoak".

Aurpegi zuriketarekin amaitzea ere eskatzen dute eskualdeko feministek. «Egunotan erakundeetako eta alderdi politikoetako ordezkariak azalduko dira adierazpenak egiten, baina gauza bat teoria da eta bestea praktika. Esaten duten horrekin zerikusirik ez du egunerokotasunean daramaten politikak. Bizitzak erdigunean jartzeaz ari bagara, gaur egun egiten diren politikak aldatu egin behar dira, bestela bizi-gaitza da mundu hau emakumeontzat».

Saretzea antolakuntzatik hasita

Gaur Anoetan ospatuko den Tolosaldeko festa, eskualdeko feminista guztiek antolatu dute elkarrekin eta elkarlanean. Baina aldi berean, eskualdeko emakume guztientzat topagune izan nahi du hitzorduak. Beste eredu bat gorpuztuko da bihar, «gorputzen merkantilizazioa eta binarismoa borrokatzen duena, kapazitismoa jo puntuan jartzen duena, norberaren gorputzerako eskubidea, ugalketa eskubideak eta aniztasuna eta askatasuna defendatzen dituena»

Saretzeko abiapuntua izango da, baina ez bakarra, hilabeteak daramatzatelako feministek Tolosaldeko Emakume Etxearekin lotuta lanean. «Energia eta denbora asko kendu digun kontua izan da baina guretzat apustu garrantzitsua da», aitortu du Olazarrek. Prozesu guztian egon dira presente feministak, «gu gabe ez litzateke proiektua aurrera aterako». Emakumeen Etxeak sortu diren herri eta eskualdeetan ikusi izan da gauza askorako balio izan dutela, baita aliantzak sortzeko eta tokian tokiko mugimendu feminista indartzeko ere. Hemen ere horrela izatea espero dute.

Cansecok ere desio du Tolosaldeko Emakumeen Etxea lehenbailehen martxan jartzea, behar guztiak aseko ez dituela badakien arren, «isilduta» dauden emakume guztiengana iristeko tresna izan daitekeela uste du: «Beldurrez dauden horientzako esperantzarako ate bat izan daiteke, gure adinekoei, bere garaian, ate guztiak ixten zitzaizkigun».

Bukatzeko, Merinok mezu positiboa bidali nahi izan du gaurko festari begira eta auto-zaintzarako deia luzatu du: «Feminista izatea, modu batean zama da. Lan handia suposatzen du uneoro zapaltzen gaituen errealitateari erantzuteak. Baina bidea ere ilusionagarria da eta nik plazera erreibindikatu nahi dut. Nire igualekin disfrutatzeko aukera eman nahi diot nire buruari».

Gaur izango da lehen okasioa Anoetan. Ibarraldeko emakumeek, Berastegi, Elduain, Berrobi, Gaztelu, Leaburu eta Belauntzatik datozenek hitzordua egin dute Ibarrako plazan 16:00etan. Alegialdekoak eta Tolosakoak 16:30ean bilduko dira Trianguloan eta ordu berean egin dute hitzordua Aiztondokoek Zizurkilgo Joxe Arregi plazan. Martxa moreetan egingo dute Anoetara bitarteko bidea eta 17:00etan hasiko da festa feminista. Arratsaldeko ekitaldien ondoren, afaria izango da frontoian eta biharko ekimena antolatu duten feministek Anoetako Udalak laguntzeko agertu duen prestutasuna eskertu dute.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!