«Agertoki politiko berrian ezker subiranismoa kolpatu nahi dute»

Rebeka Calvo Gonzalez 2020ko mar. 3a, 12:00

Haimar Altunak Auzitegi Nazionalean deklaratu du gaur, «terrorismoaren goratze» eta «biktimen umiliazio» delituak egotzita.  

Haimar Altuna lizartzarrak Auzitegi Nazionalean deklaratu du gaur, euskal presoei eginiko 100 bat harrera ekitaldi «antolatzea eta koordinatzea» leporatuta. Goizean deklaratu du beste bost pertsonarekin batera, eta jada Euskal Herrirako bidean dira. Altunak berak, Lizartzan iluntzerako antolatutako batzar informatiboan hartuko du parte. 19:30ean izango da, plazan.

Altunak esan duenez, deklarazioa hartzea «formalismo hutsa izan da, legeak deklarazioa hartu behar digutela dio, eta bete dute. Gure abokatuaren galderei bakarrik erantzun diegu, baina esanguratsua izan da epaileaz eta fiskalaz gain, akusazioko beste hiru abokatu egon direla, justu Espainiako biktimen elkarte nagusietako abokatuak, hau da, Covite, Dignidad y Justia eta AVT. Ikusiko dugu honek baduen ibilbiderik edo ez, eta epaiketara iristen den». 

«Ez da kasualitatea»
Lizartzarren iritziz sumario hau ez da kasualitatea; «inoizko adostasun handiena dago euskal jendartean bakea eta elkarbizitza eraikitzen jarraitzeko. Eta adostasun zabala dago ere preso, iheslari eta erbesteratu politikoak etxean behar dutela esaterakoan ere, agian ez guztiak batera, baina bai modu mailakatuan etxeratzeko, konponbide oso batek bakarrik ekarriko baitu bake justu eta iraunkor bat. Auzi honek helburu bakarra du; iraganari lotuak nahi gaituzte». 

«Euskal Herriak badu gatazka politiko bat Espainiako Estatuarekin eta sustraiko gatazka horri aterabide zentzuzko eta demokratiko bat emateko agertoki politiko berri honetan berriz ere ezker subiranismoa kolpatu nahi dute», gaineratu du. Madrilera deklaratzera joan beharra «herri honetako gehiengo baten nahi eta desiraren aurkako eraso bat» bezala ikusten du Altunak. 

Etorkizuna
Urtarrilaren 22an atxilotu zuten lizartzarra, Oihana Garmendia, Antton Lopez Ruiz eta Oihana San Vicenterekin batera, guztiak Sortuko kideak. Gaurkoan  Juan Mari Olano eta Julen Larrinagarekin batera deklaratu dute, eta aurreko astean Miren Zabaleta, Jorge Olaiz, Garazi Autor, Ikerne Indakoetxea, Alberto Matxain eta Irati Tobarrek gauza bera egin zuten. Hamabiei terrorismoa goratzea eta ETAren biktimak umiliatzea egozten diete, eta ez dakite datozen asteetan beste norbaitek deklaratu beharko duen. 

Hiru urtean 100 bat euskal presoen harrera ekitaldi antolatu edo koordinatu dituztela leporatzen diete. Espainiako Barne Ministerioak berak jakinarazi zuen Altuna eta beste hiru pertsonak atxilotzerakoan harrerak hirugarren pertsona batzuek egin zituztela, baina atxilotutako «taldearen ildoari» jarraituz. 
Lau atxilotuak egun berean utzi zituzten aske, baina deklaratu beharko zutela jakinarazi zieten. 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!