Haimar Altunak Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko du

Ataria 2020ko otsailaren 21a

Hamabi lagunek Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko dute euskal presoen ongietorriengatik, eta horietako bat da Lizartzako Haimar Altuna.  Datozen egunetan eta asteetan joan beharko dute Madrilera.

Ezker abertzaleko hamabi lagunek Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko dute datozen egunetan eta asteetan, euskal presoen ongietorriak direla eta. Tartean daude Guardia Zibilak urtarrilaren 22an atxilotu zituenak: Lizartzako Haimar Altuna, eta Oihana Garmendia, Antton Lopez Ruiz eta Oihana San Vicente. Guztiak dira Sortuko kideak.

Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzioko salak agindu zuen operazioa, auzitegiko fiskaltzarekin elkarlanean. Euskal presoei eginiko 95 harrera ekitaldi «antolatzea eta koordinatzea» leporatzen diete. Atxiloketen egunean, Barne Ministerioak ohar baten bidez adierazi zuen «terrorismoaren goratze» eta «biktimen umiliazio» delituak egozten zizkietela, hiru urtean euskal presoen ehundik gora harrera ekitaldi antolatzeagatik. Barne Ministerioak jakinarazi zuen ordu gutxiren buruan aske geratuko zirela, eta arratsaldean atera ziren Donostiako Intxaurrondoko kuarteletik.

Haiekin batera joango dira Auzitegi Nazionalera Juan Mari Olano eta Julen Larrinaga. Horiez gain, beste sei lagunek ere deklaratu beharko dute Madrilen: Alberto Matxainek, Garazi Autorrek, Ikerne Indakoetxeak, Jorge Olaizek, Irati Tobarrek eta Miren Zabaletak. Itxuraz, horiek beranduago joan beharko dute, eta oraindik ez dakite noiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!