Aurten zer ari da jendea bereziki eskatzen?
Ez dago zerbait zehatza. Egia da, sona izan duten pelikuletatik asko jotzen duela jendeak. Geroz eta eskaintza zabalagoa dago mozorroetan, ideia berri asko agertzen dira urtetik urtera.
Mozorro klasikoek indarra izaten jarraitzen al dute gaur egun?
Bai. Gertatu dena da, pailazoen, piraten, indioen eta horrelakoen mozorroak ugaritu egin direla, hau da, lehen pailazo bakarra baldin bazegoen, gaur egun desberdin ugari daude aukeran.
Zure gogokoena pailazoarena al da?
Beti izan da pailazo mozorroa nire gustukoena. Lehen begirada beti mozorro horretara bideratzen dut katalogoak begiratzen ari naizenean. Gustatzen zait ikustea urtetik urtera ze pailazo mota egin duten.
Herritar guztiak gara inauterietan pixka bat pailazo, ezta?
Bai, eta uste dut horrela behar duela. Ezin da inauterietara arpegi tristearekin joan. Barruan dugun alaitasun puntu hori ateratzea da garrantzitsuena. Gainera, hori oso osasungarria dela diote.
Zuri gustatzen al zaizkizu inauteriak ?
Bai. Asko. Hori bai, azken urteetan lanean egotea egokitu zait, eta orduan ezin izan ditut asko gozatu. Gainera, bereziki inauterien bezperan, eta inauterietako lehen egunetan izaten dugu lanik gehien, eta oso nekatuta bukatzen dugu, baina, hala ere, beti hartzen dut tarteren bat inauteriez gozatzeko.
Aurten Jaiak dendan duzuenetik zer azpimarratuko zenuke ?
Hainbeste ditugu, ez dakit zer nabarmenduko nukeen. Zerbait aipatzekotan oso politak diren dragoien isatsak esango nuke.
Zenbat mozorro dituzue?
Ez ditugu zenbatuta, baina, milaka izango dira. Ileordeetan ere sekulako aukera dago.
Eta ileordeez gain, osagarriak ere funtsezko izaten dira mozorro batean.
Bai. Betaurrekoa, lepokoak, ezpatak... pentsaezinezko osagarriak topa daitezke mozorroa borobiltzeko.
Dendan ez ezik internet bidez erosteko aukera ere bada.
Bai, gainera, aurten berritu egin dugu jaiakdenda.com ataria. Bertan eskaintza zabala ikusi eta eros daiteke.
Nongo inauteriak aukeratuko zenituzke?
Munduko leku askotako inauterietan egona naiz, Dallasen, Londresen... Rio de Janeirokoak ikusi nahi izan ditut beti. Euskal Herrikoen kasuan, Iturengoak, Lantzekoak, Donostiakoak eta, noski, Tolosakoak ezagutzen ditut, azken horietan askotan egon naiz gaztetatik, eta gaur egun ere Zaldunitan joan ohi naiz.