«Pentsamendu negatiboek gaixotzen gaituzte»

Naiara Roldan de Aranguiz 2020ko ots. 8a, 05:59

Maite San Sebastian anoetarra pare biomagnetikoko terapeuta da eta urteen poderioz metodo propioa garatu du osasun eta arimaren sendatze bidean. Horrela aurkeztu du berak, bederen, bere proiektu berria: Aimer metodoa.

Maite San Sebastianek (Anoeta, 1972) Aimer metodoa ezagutzera emateko erronkari heldu eta Amezketan ikastaroa eskaintzen ari da, maila ezberdinetan. Asteburuan bigarren mailari ekingo diote. «Imanen laguntzarekin, norberaren edo ingurukoen ongizatean trebatzeko aukera» dela dio anoetarrak. Gorputza, burua eta arimaren arteko konexioan lan egiten du San Sebastianek, eta imanak erabiltzen ditu lan tresna.

Queen-en Bohemian Rhapsody abestiak jarri dio elkarrizketari abiapuntua. Izan ere, anoetarrak konexioa sentitzen du britaniar rock taldearekin. Aipatu abestiak ni-aren bilaketari egiten dio erreferentzia, terapeutaren ibilbide profesionalak bezala.

Musikak laguntzen al du gorputza eta arima konektatzen?

Bai. Nik teknika ezberdinak erabiltzen ditut: mantrak, binauralak, tibetar kaikuak, diapasoiak... Azken finean bibrazioa duen orok laguntzen du. Energia eta bibrazioa baikara.

Zer esan gorputza, burua eta arimaren konexioaz?

Urte luzez aritu naiz horren gainean ikasten. Gorputza arimaren isla da; guk proiektatzen ditugun pentsamendu horiek toki batera edo bestera eramango gaituzte. Pentsamendu negatiboek gaixotzera eramango gaituzte eta pentsamendu positiboek berriz, sendatzen lagunduko digute, oreka batera eramango gaituzte. Konexio handia dago, arimaren, buruaren, sentimenduen eta gorputzaren artean.

Gure buruak proiektatzen duen hori gure gorputzak hartzen badu, zergatik ezin ekidin pentsamendu negatiboak?

Pentsamendu negatiboekin gorputza gaixotu daiteke. Pentsamendu negatiboek energia mugituko dute, eta ez dugu ahaztu behar mugitzen ari garen energia hori negatiboa dela. Energia negatiboa mugitzen dugunean, zer edo zer gaizki aterako zaigu, seguru.

Jende asko kexu da, uneoro kontu negatiboak gertatzen zaizkiolako. Pertsona horiei galdetzen diezunean noizbait pentsatu ote duten zerbait ona pasa behar zaiela, ezezkoa izaten da erantzuna. Azken batean, kontu txarrak gertatzeko probabilitatea handiagoa denaren ustea dago.

Gizakia izatez negatiboa al da? Joera handiagoa al du gizakiak negatibora jotzeko?

Tristea da, baina bai. Horregatik pixkanaka denok landu behar dugu positibo izaten. Batzuei positibo ote diren galdetzerakoan, «errealista naiz», izaten da euren erantzuna. Eta «errealista» delakoa, beti, negatiboarekin lotzen dugu. Goazen indarrak positibo izaten jartzera, errealitate hori nolabait aldatzeko.

Gaixotasuna aukera izan daiteke?

Hori barneratzea zaila da. Gaixo zaudenean ez zaizu iruditzen zuk proiektatu ahal izan duzunik gaixo egotea bezalako egoerarik. Nola ba! Nik ere urte asko behar izan ditut hori onartzeko, nik neuk horixe proiektatzen nuela, alegia. Azken batean, onartu behar izan nuen oso azkarra ez nintzela hori proiektatzen ari banintzen: gaixoturik egotea.


Azken batean, norberak bere barrura begiratu beharra dauka. Sendatzea edo gaixotzea norberaren barruan dago.

Nire terapietara jendea etortzen denean, «zuk sendatuko nauzu», esaten didate. Eta, nik beti esaten diet nik ez ditudala sendatuko, ni hor laguntzeko nagoela, bultzada bat emango diedala euren barrura begiratzeko. Baina sendatu behar dena, norbera da, nahi badu, behintzat.

Noiz hasi zinen osasunarekin kezkatzen?

Gaixotu nintzenean. Oso gazte gaixotu nintzen, 17 urterekin. 17 urterekin pentsa hormonak nola dauden! Bizitza erabat aldatu zitzaidan, ate guztiak jo nituen orduan. Adoleszentzia garaia norbere burua bilatzeko unea izaten da, eta baita duda garaia ere, bilaketak eragiten duen duda garaia, alegia. Nire barnean horrenbeste mugimendu egoteak gaixotzera eraman ninduen. Horrek guztiak itotzera eraman ninduen; ito egiten nintzen. Zergatia bilatzeko ate erabat ezberdinak jo nituen. Inorekin ez nuen azalpenik ezta erremediorik topatzen. 17 urte pasa ziren bilaketa lan horretan.

Orduan konturatu nintzen aditu guztiek erantzun antzekoa ematen zutela: «Ez daukazu ezer ere, ondo zaude». Baina ni ez nintzen ondo sentitzen.

Fisikoki ez zinen ondo sentitzen?

Fisikoki ez nintzen ondo sentitzen, ezta psikologikoki ere. 17 urterekin fisikoki ez bazara ondo sentitzen, pixkanaka-pixkanaka psikologikoki okerrago eta okerrago sentitzen hasten zara. Osteopatia ikasten egon nintzenean irakasleari galdetzen nion ea zer nuen eta berak honakoa erantzuten zidan: «Patologia ezberdinen gainezarpena». Hori banekiela erantzuten nion, baina zergatia jakin nahi nuen. Malko batean ondo senti nahi nuela esaten nion, eta berak erantzuten zidan, benetan ez zekiela, baina kontu askoren metaketa zegoela. Metaketa hori urte luzez gaixo egotearen ondorioa zen, baina hasiera hori topatu nahi nuen. Nire burua ez nuela topatzen sentitzen nuen: zer nahi nuen, zer egiten nuen hemen, zertarako balio nuen...

Orduan energiekin konektatzen hasi nintzen eta sentitu nuen dohain txiki bat banuela eta bazegokidala hori zabaltzea, lantzea eta besteei nire esperientziatik laguntzea.

Hainbat esperientzia bizi izan gabe, besteei laguntzea zailagoa izaten da?

Besteen postuan jarri eta besteak ulertzea ezinbestekoa izaten da.

Enpatia handia behar izaten da. Egia da denetik ez zaidala pasa eta eskerrak! Nahikoa pasa dut nik neuk bakarrik. Baina ondo ez zauden egoera horretan jartzeko balio dizu. Ondo ez zaudenean, besteengandik ulermena baino ez duzu behar. Enpatia horretan sartu, eta jendea konturatzea sartu zarela, oso inportantea da.

Gaixo egoteak hausnarketa bat egitera eraman zintuen, bilaketara, formatzera... Orain beste egoera batean zaude.

Hori da, ikasitakoa besteei erakusteko ordua iritsi da. Ez naiz publiko aurrean hitz egiteko zalea, baina egia da mugitzen ditudan energia horiek eraman nautela nik dakidana besteei erakustera; ezin dut niretzako bakarrik utzi. Gauza positiboak direnean zabaldu egin behar dira. Niretzat bakarrik utzita, egoista nintzela sentitzen nuen. Bide bat hartzea lortu dut eta ezin dut niretzat gorde.

Jende askok honakoa esaten dit: «Erakusten baduzu ez dira zure kontsultara joango». Niregana etorri behar dena, etorriko da. Ez diot behin ere beldurrik izan lana ez izateari. Hainbat denboralditan baliteke lan gutxiago sentitzea, agian ni-neu ere, ez nagoelako jendea tratatzeko. Nik neuk ere gorabeherak ditut.

Ikastaroak Amezketan eskaini dituzu eta eskainiko dituzu. Bi mailatan banatuta daude.

Etxe ondoa aukeratu dut bai, Amezketa. Ugarten bizi naiz eta udalak kultur etxea erabiltzeko aukera eman dit. Gertu nahi nuen eta bertan hasi naiz. Pentsamendua Espainiara jotzea ere bada.

Metodoak bidaiatzeko aukera emango dizu?

Bai, nik uste baietz. Nola ez! Dudatzen ezin orain hasi! Seguru nago baietz! Hala ere, beti beldur puntu hori egoten da. Beldurrak askotan gaixotzera eramaten gaitu.

Azken batean, zeri diogu beldurra? Hiltzeari. Hiltzeari beldurra kentzen diogunean, beldurra kenduko dugu, bizitzen hasiko gara. Askotan, urteak pasako ditugu, beldurragatik hilda egongo bagina bezala bizitzen.

Beldurrak ez du bizitzen uzten?

Beldurrak paralizatu egiten gaitu. Pena da, azken batean badakigu gure gorputzak iraungipen data duela, kotxe bat bezala, eta aprobetxatu beharra dago, kotxea ondo dagoenean kilometro pila bat sartzeko aprobetxatu beharra dago.

Nola laguntzen du Aimer metodoak ondo sentitzen?

Urteen poderioz, ikasketa asko tarteko, garatzen joan naizen metodoa da Aimer. Azken batean, terapeuta bakoitzak bere metodoa garatzen du. Aimer metodoa erregistratu dut, nire barrutik jaio delako. Teknika ezberdinen bilgune bat da, azken batean. Eta egingo ditudan horien bilgune ere, izango da.

Noizbait amaitzen al da ikasketa prozesua?

Ez, ez da sekula amaitzen. Ez, ilusioa dagoen bitartean, behintzat. Ikasten jarraituko ez banu kezkatuko nintzateke.

Aimer metodoaren izena nondik dator?

Istorioa oso polita da. Izen bilaketa horretan hasi nintzenean, Maite eta Amane izenak aukera zerrendan nituen baina kanpora joateko ez zitzaizkidan egokienak iruditzen.

Gauetan askotan laguntza eskatzen dut, gora, eta orduan, informazio asko etorri egiten zait. Orduan, liburu baten irudia ikusi nuen; lagun bati liburu hori lortzeko eskaera egin nion, eta eskatutako liburua beharrean beste bat ekarri zidan. Gauzak ez dira kasualitatez gertatzen, kausalitatez baizik.

Lagunak ekarritako liburuak asko lagundu zidan. Belusezko liburua zen, azal urdin polit batekin, imanei buruz hitz egiten zuen. Imanekin antzinatik tratatzen zela jasotzen zen bertan, era ezberdin batera noski, gauzak eboluzionatzen direlako. Kontua da iman hitza aimer hitzetik zetorrela, eta frantsesez maitasuna esan nahi du, hain zuzen ere. Maite izenak ere horri egiten dio erreferentzia, noski. Maitatzen duen emakumea, emakume maitatua.

Pertsona bat zure kontsultara sartzen denean nolakoa izaten da prozesua? Nola antzematen duzu pertsona horrek zer gaitz duen eta nola tratatu?

Esku-ohean etzaten dira eta hanken bitartez, kinesiologia teknika erabiltzen dut, pare biomagnetikoarekin, edo biomagnetismoarekin, kinesiologia lantzen dut. Hanketatik egiten dut lan, horrela pertsona lasai egon daiteke, eta azterketarekin has naiteke orduan. Miaketa egiten dut gorputzean zehar. Zerbait antzematen denean, gorputzak erantzun egiten dit. Erantzuna ikusten dudanean iman negatiboa jartzen dut.

Nola erantzuten du gorputzak?

Hanka bat moztu egiten da, motzago azaltzen da, laburtu egiten da. Badakit kontu fantasmagorikoa dela eman dezakeela, baina horrela da.

Umeek grazia egiten didate, gurasoei esaten diete: «Hankekin hitz egiten du!».

Eta egia da, gorputzarekin hanken bitartez hitz egiten dut, azken batean DNAarekin, gure barruko urarekin. Bera baita gaixo dagoena, bera da erantzuna duena.


Irakasle batek beti esaten zidan: «Pertsonei kasu erdia egiezu, oso gezurtiak dira eta; testatzen duzun horri, egin kasu».

Pazientei galderak luzatu eta erantzunei filtroa jartzea ezinbestekoa da?

Bai, noski. Dena ez dago sinesterik. Askotan guk geuk ere, geure buruari tranpa egiten diogu. Errealitatea ez dena sinesteko abilezia dugu. Kasu askotan horregatik gaixotzen gara, askotan hortik hasi beharko dugu bilaketa. Orduan, barrura begiratu beharra dago; zer-nolako beldurra ematen duen barrura begiratzeak! Esperientziaz esaten dut, beldur handia ematen du.

Behin gorputzak adierazten dizunean gaitzen bat dagoela, zein da hurrengo pausoa?

Imanak jartzen ditut, positiboa eta negatiboa, puntu bakoitzaren arabera, zer atal zeinekin erlazionatuta dagoen. Orduan gorputza orekatu egiten da, positiboa eta negatiboarekin. Patogenoek indarra galtzen dute orduan.

Hurrengo pausoa pertsona berarekin azterketa egitea izaten da. Esaterako, emozioak ikustea. Hemendik aurrera arlo ezberdinetan sartuko naiz, arlo organikoa alde batera utzita.

Pertsona batzuk organikoa ikustera baino ez dira etorriko. Emozioetan ere sartu naiteke, asko ere puntu horretaraino iristen dira, emozioekin ere erlazionatuta baitaude. Ardurak eta kezkak begiratzen ditugu orduan, pazientearekin konfiantza hartu heinean, pixkanaka. Batzuetan aurreneko sesioan ez da gertatuko. Egia esan, ez zait gustatzen sesio asko egitea. Modu honetara, pertsona berriro ere kanpora begira jarriko delako. Baina soluzioa ez da kanpoan egoten, ordea.

Egia da elikadurari ere begiratu izaten diogula, kanpoko toxikotasunei... hauek ere orekatu behar izaten dira eta.

Etxera joan eta zeure burua zaindu nahi duzuenean, ondo jan behar duzu, aldaketa batzuk egin behar dira, ohitura osasungarri batzuk hartu behar dira. Orduan, pertsona hauekin emozioetara sartzen naizenean, puntu horiek jotzen ditudanean, askotan hitzekin bakarrik, liberazio bat gerta daiteke.

Lantzen dudan tekniketako bat esaterako, askatasun somato-emozionala izan daiteke. Hitzekin bakarrik eta sortzen den konexioarekin, pertsona horri plexu solarrean eskuak jarrita, askatu egiten da.

Hitzen bitartez, aterako du orduan, pazienteak barruan duena?

Bai, hori da. Era ezberdinak daude. Egia esan pertsona bat gerturatzen denean, behin ere ez dudala jakiten nolakoa izango den kontsulta. Batzuetan asko hitz egingo dut, beste batzuetan ez dut ezer hitz egingo, eskuak baino ez ditut jarriko, energiak mugitzeko. Azken kasu honetan esaterako, pertsonak agian egunean bertan ez du ezer sentituko, baina pixkanaka etxean gauzak mugitzen hasiko zaizkio. Pertsona bakoitzarekin zer egin sentitzeari eusten diot.

Nolakoak dira Maite San Sebastianen kontsultako atea zeharkatzen duten pertsonak?

Denok erlazio handia izan dezakegu, baina argi dago bakoitza mundu bat dela. Azkenean denok arazo berdintsuak ditugu. Ni ez naiz besteengandik ezberdina. Besteei esan izan diet, ikusten baduzue nire egoa handitzen dela, dena sendatzeko abilezia dudala esaten hasten banaiz, mesedez esadazue. Orduan beste edonora joan beharko dut, orduan ez dut honetarako balio izango. Ezagutzen nautenek badakite nagusitasun hori behin ere ez dudala atera, eta ez nuke nahiko, gainera.

Egia da jendeak askotan begiratzen dizula goran egongo bazina bezala, baina ni behin ere ez naiz goran jarriko.

Gertukoak aipatu dituzu. Nolakoa da gertukoak tratatzea?

Oso zaila [Barreak]. Eta gainera gertukoek sinesmena nekezagoa dute. Hori ere prozesuaren parte da, onartu egin beharra dago. Hasieran kosta egiten da. Izan ere, etxekoek ez badute sinesten, zeinek sinetsiko du! Mamian sinesten dutela uste dut, baina egia da gaixo ikusi nautela, neure buruarekin nahikoa lan izan dudala, negatiboaren hurrengoa bezala ikusi nautela, hipokondriako bezala ikusi nautela, itota egon den pertsona bezala ikusi nautela... Eta horren guztiaren ondoren pentsatuko dute: «Honek nola sendatuko du ba!».

Tratatzen al dituzu gertukoak?

Gutxi. Organikoki, gauza puntualak. Batzuetan ni neu sartu naiteke pertsonaren barruan edo etxekoen barruan emozio horiei toke txiki bat emateko, baina saiatzen naiz beste terapeuta batzuena bideratzea, saiatzen naiz gauzak bere horretan ez uzten. Mundu honetan jende askok lan egiten dugu eta.

Egunero besteen apaltasun eta energi baxu horien artean egiten duzu lan. Nola ez kutsatu? Nola lasaitu zeure burua?

Kirola asko gustatzen zait, mendia asko gustatzen zait. Behar izaten dut mendira joatea, han garrasi batzuk atera, oinutsik jarri energia negatiboa husteko, zuhaitzei heldu... Edozeinek ikusita, pentsatuko du burutik oso ondo ez nagoela, baina berdin dit, egia esan. Itsasoa ere asko gustatzen zait.

Ikastaroaren bigarren mailan, asteburuan esaterako, meditazioa asko landuko dugu: eguzkia tarteko, itsasoan, edo mendian egiteko meditazioak. Azken batean, deskargatzeko modu ezberdina izan daiteke meditazioa.

Askotan, egia da iluntzean etxera joaten naizenean, galdetzen didatela zer gertatu ote zaidan. Agian egun horretan isilik egoteko beharra daukat. Isiltasun horren bitartez egunean zehar gertatutakoa deskargatuko dut.

Elikadurak eta kirolak laguntzen dute ongizatean?

Asko. Hestea eta garuna oso inportanteak dira. Pentsamendu zein toxikotasunekin asko gaixotzen gara. Hesteari erreparatuz gero, bigarren garuna dela esan daiteke, zer jaten dugun horixe ere izango baikara. Hala ere, ez dugu gehiegikerietan erori behar. Egia da hainbat momentuetan, oso gaixo gaudenean, muturrera eraman behar izaten direla kontuak, baina bestela, oreka bilatzea da garrantzitsuena. Imanak beti ditut buruan. Imanek oreka bilatzen baitute eta bizitzako alor guztietan oreka bilatzea da garrantzitsuena.

Kontrako erabakiek isolatzera eraman ahal gaituzte. Isolatzen garenean, ez gara zoriontsu; besteekin batera joan beharra dago. Niri ere dendetara joan eta erostea gustatzen zait, adibidez. Askok esan dezakete hori kontsumismoa dela. Guztia, azken batean, bizitza honetan, oreka batean egin beharra dago.

 

Imanak

Tratamenduaren parte handi bat imanekin lantzen du Maite San Sebastianek: «Imanak pareak dira, polo negatiboa eta positiboa dute. Gorputza zein emozioak orekatzera eramaten dituzte. Imanek lan horretan lagundu egiten dute; fisikoki Pha orekatu egiten dute.

Gorputza orekatuta dagoenean ez dago gaixotasunik. Orduan, birus, bakteria, parasito, hongoak etortzen zaizkigunean, organiko partea edo disfuntzioa etortzen da zerbait alkalinizatu egin delako. Orduan zergatia bilatu beharra dago? Birusez josita gaude, baina egia da pertsona guztiak ez direla gaixotzen. Toki itxi batean birus asko daude baina orekatuta gaudenean, estresatuta ez gaudenean, ez gara gaixotzen. Sistema immunea jaisten denean ordea, urduritasuna edota haserrea tartean daudenean, gaixotu egiten gara.

Esku baten tamaina daukate imanek. Nik beti gainean eramaten ditut. Larruz forratuta daude, gorriak alde batetik eta urdina edo beltza, beste aldetik. Alde beltza edo urdina, polo negatiboa da. Eta gorria berriz, polo positiboa.

Imanak Isaac Goizen teknika dira. Aitzindaria Goiz da eta nik eskertu egiten diot teknika hau azaldu izana».

 

Ikastaroa

Asteburuan, otsailaren 8 eta 9an, Aimer metodoaren bigarren maila eskainiko du Maite San Sebastianek Amezketan: «Lehen mailan gorputza testatzen ikasi genuen. Eta bigarren mailan barrurago joango gara».

Ikasle bakoitzak imanak eta Aimer metodoaren liburuak jasoko ditu: «Liburuak ontzeko garaian bi aingeru topatu ditut. Iruñeko Rosa Nagorek lagundu dit batetik, eta Donostiako Ana Maria Bayon bestetik. Prozesuan oso esperientzia politak pasa ditugu. Tartean gaixotu ere egin gara. Azken batean emozio asko askatu ditugu, oso barnera joan gara, paperean jartzeko oso-oso barrura joan gara eta arlo oso ezberdinak ukitu ditugu. Batzuetan azalean atera zaizkigu gaitz batzuk, beste batzuetan katarro fuerte samarrak azaldu dira. Ni gaixotze horretaz libratu naiz, eta ohe-etzaneko lana tokatu zait, erabat».

Informazio gehiagorako: 660 447 637 / maytedonosti72@gmail.com

Erlazionatuak

«Gaixotasuna aukera izan daiteke»

Naiara Roldan de Aranguiz 2020 urt 20 Amezketa   Anoeta

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!