Ataria Bertso Jaialdia 2020

Hitzen malabaristak fin, Leidorreko zirkuan

Itzea Urkizu Arsuaga 2020ko urt. 18a, 20:49

Txaloek, algarek eta hitzek bete dute, gaur, Leidor aretoa, ATARIAren 2020ko bertso saioan; oholtzak ohiko itxura galdu, eta zirkuko karparen jantziz atondu da hitzordurako. 

Iragarritako orduan zabaldu dira, bat-bateko hitz jarioaren karpako ateak, eta iragarri baino askoz ere lehenagotik zen jendea, zain. TOLOSALDEKO ATARIAren urtarrilarreko bertso saioak aspaldi agortu zituen eskuragarri zeuden sarrerak, eta bertsozaleak ase dituzte Julio Sotok, Oihana Iguaranek, Alaia Martinek, Andoni Egañak, Amets Arzallusek eta Maialen Lujanbiok. Amaia Agirre gidari zutela, hausnarrerako, barrerako eta lotsatzeko tartea izan da, bi orduko hitzorduan. 

Presoen egoeraz eta dispertsioaz nahiz maskulinitate ereduez pentsarazi diete, bertso zaleei, oholtzan kantuan aritu direnek. Umoreak ere izan du tarterik, ordea, eta Maialen Lujanbio udaltzainaren eta Andoni Egaña erretirodunaren arteko elkarrizketak piztu ditu lehen algarak; gero iritsi da, besteak beste, ATARIAko saioaren bueltan, sarrerekin sortu ohi diren egoera surrealistei eskainitako tartea. Smartphonen gehiegizko erabileraz eta genero-estereotipoez ere kantatu dute bertsolariek. 

Gai jartzaileak berak proposatutako hariak ez ezik, ATARIAko bertso saioan tradizio bilakatu da, honezkero, bideoz nahiz gonbidatu bereziz gidaturiko bat-bateko lanak entzutea. Horrela, bada, Martxelo Otamendik pantaila bidez proposatu die gaia Egaña, Lujanbio eta Arzallursi; hirurek izan dute loturaren bat, Berria egunkariarekin. 

Baina, saioko unerik berezienetakoak belaunaldi arteko trukearekin sortu dira. Batetik, Joxe Luis Gorrotxategik jarri dio gaia Andoni Egañari, eta hark dirdiraz osatu ditu hiru bertso, sorterria hustu, eta azkenean bakarrik geratu den herritarraren ahotsetik. Imanol Lazkanok, bestetik, puntuak jarri dizkio Amets Arzallusi, haren izena aitzakia hartuta: amesteari eta ameslari izateari buruzko hausnarketak utzi ditu tarteak. Eta ez da hor amaitu: Lazkanok joan den igandean sortutako bertso bat botatzeko baimena ere eskatu die entzuleei. Hilaren 12an bete zituen 84 urte, eta esnatu eta ohean zela bere buruari kantatutakoa eskaini nahi izan die. Hala bukatu du alea: zahatu dela, baina gehiago zahartu nahi duela esanez. 

Azkenik, eta urteroko dinamika bati eutsiz, Maialen Lujanbiok zenbait rol esleitu behar izan dizkie bertso kideei. Horretarako, saioak Gure Zirkuko Iker Galartzaren eta Joseba Usabiagaren laguntza izan dute; haien karpako tramankulu eta objektuek atondu dute aretoko oholtza, ariketaren aurretik. Karpa zabaldu, eta bizikletan, malabareetan, uztaiekin dantzan, baloi handia hartuta eta zapata erraldoiekin irudikatu ditu kideak, Lujanbiok. 

Aurtengoarekin hamaikagarren urtarrileko bertso saioa izan da eskualdean. 

Erlazionatuak

ATARIAren 2020ko bertso saioa

Itzea Urkizu Arsuaga 2020 urt 18 Tolosa

Imanol Lazkano ameslari, 84 urterekin ere

Itzea Urkizu Arsuaga 2020 urt 18 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!