Pasahitza (zaharra)

Tratamendua

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Mendiluze 2020ko urtarrilaren 16a

Joan zen behin lagun bat medikuarenera ―nahiko handi-mandia, dena esan behar bada―, azkenaldian zerbait arraroa sentitu duenaren ezinegon berberaz. Hauxe izan omen zen medikuaren erantzuna:

«Bai bai, orain artekoak entzunda, horrek izan behar du, seguru. Egia da kontatu diguzun hori ez dela broma eh, ez zaitezen engaina, ez da kasu makala eta pazientzia behar-beharrezkoa izango duzu, baina lasai egon zaitezke, hemen badugu-eta eskarmentua horrelakoekin. Borondatea izanez gero, lortuko duzu, horixe (kolpetxoa bizkarrean). Zure beharretara egokitutako tratamendua jarriko dizugu. Hara:

Has zaitez unibertsitatera joaten, laugarren mailako ikasgairen batera. Datuak baditugu, eta badakigu, ondo jakin ere, zeintzuk diren suspentso gehien dituzten ikasgaiak: horietakoren bat esleituko dizugu, arazorik gabe, hitzarmena egina baitugu unibertsitatearekin. Ziztada txiki bat emanda, zast!, mikrotxip bat itsatsiko dizugu garunean: horrek emango dizu klaseetarako sarbidea. Ikasgaiak astean hiru saio izanagatik, zuk gehienez bi astean behin joateko baimena besterik ez duzu izango, aditzen? Debekatuta, berriro diot, de-be-ka-tu-ta duzu oharrak hartzeko erabil daitekeen edozein objektu: boligrafo, paper, ordenagailu, mugikor… eta bestelakoak. Kontrol zorrotza pasako dizugu, horrelakorik eraman ez dezazun. Zuk beti gogoratu zein den tratamenduaren helburua: fitsik ere ez ulertzea, tuntun sentitzea instant batez. Ondoren, tratamenduaren bigarren fasean, hizkuntzan ere aldaketa batzuk nabarituko dituzu, zure inguruko pertsona guztiak ulertzen ez duzun hizkuntza batean hitz egiteko programatuko baititugu…»

Gogorregia irizten zion lagunak tratamenduari. Nik, ordea, esan nion batzuetan alferrik dela, neurriak hartu beste aukerarik ez dagoela, neurri makurrak izanagatik ere. Bestela goxo-goxo jarraituko duela orojakile (sasi)jakintsuen tronuan, tematuta ezjakinak beti direla besteak, eta beti beste guztiak direla ezjakinak, eta mundu honen tamala beste infrajende guzti horri zor zaiola. Mezu hori berbera bota nion, baina gozoki-paperetan. Ulertu zuen tonu lagunkoia.

Tratamendua bide onean doa. Nahi izanez gero pasako dizuet medikuaren kontaktua. Enpatia-ariketa polita da; denoi komeni zaigu, tarteka, zerbait ulertzen ez duenaren larruan jartzea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!