URTEKARIA

Deshobiratzeaz

Ataria 2019ko abe. 27a, 09:03

Zortzi hamarkada luze igaro dira Espainiako gerra bukatu zenetik, eta lau hamarkada pasatxo Frankismoa delakoa, diktadorearekin batera betiko hil behar zenetik. Mende erdia igaro da errepresio bortitza Euskal Herria herriz herri hedatu zenetik, eta 40 urte borobil hauteskunde demokratikoak burutu eta lehen udalbatzak aukeratu zirenetik.Urteurrenak urteurren, denborak aurrera egin badu ere, argiak itzalgune asko ere badituela adierazidu 2019 honek. Frankismoaren itzal luzea presente da oraindik.

Carlos Herandez ikerlariak Los campos de concentración de Franco liburuan Tolosako zezen plazan kontzentrazio esparrua izan zela eman du jakitera, bertan gertatutakoa “plaka ziztrin” batean ere ageri ez bada ere. Errepresaliatu politikoak bertan egin behar izan zuten lan eta baita, besteak beste, Erorien Haranean ere. Madrilen daude, hain zuzen, Lucas Ugarte Plazaren gorpuzkiak. Familia atez ate aritu da 2019an ere, Ugarte Plazaren gorpuzkiak Tolosako hilerrira ekartzeko.

Urteak ekarritako gertakarien artean, Frankismoaren aztarnatik gertu, Jose Arana Irastorza gudariaren omenez Donostiako Polloe hilerrian jarrita zegoen plaka lapurtu izana. Bestalde, historia deshobiratzen jarraitu dute aurtengoan ere Aranzadi zientzia elkartearen auzolandegiek, Saseta Defentsa Sistema ikertuz eta 36ko gerra garaiko lubakietan indusketa lanak egiten.

Gainera, alegiarrak memoria arakatzeko lanetan murgildu eta martxoan Alegia, 1936-1945. Giza eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan aurkeztu zuten. Beste liburu batek, gordinki gogoratu ditu «miaketak, atxiloketa masiboak, erbesteratzeak eta tortura-kasuak»: 1968. Gipuzkoa salbuespen egoeran. Bertan jasotzen dira gordinki Tolosaldeko hainbat herritarrek jasotako gehiegikeriak: Julia Alijostesek, Eduardo Osak, Eugenia Sarasolak eta Inazio
Aranaldek.

Gehiegikeriak gehiegikeria, errepresioak jarraituzuela zalantzarik ez, eta 1975 eta 1978 artean Tolosako Guardia Zibilaren kuartelean torturatu egin zituztelako, aurten, salaketa jarri dute Tolosako epaitegian Jokin Sarasolak, Jon Goñik, Josetxo Zabaletak, Elixabete Nosellasek, Juan Arangoak eta Joxe Ramon Begiristainek.

Gauzak honela, justiziarik ez, minak erreparatzeke eta egia batzuk argira ateratzeko dauden honetan, 2019.urtekaria irekiko duen gaiak ezinbestean Frankismoa behar zuen. Frankismoak utzitakoak oraindik orain deshobiratzea dagokiolako bai ordezkari politikoei, bai gizarteari eta baita komunikabideoi ere.

Deshobiratze lan horretan, hondarretik ateratze horretan, 2019ak utzitako gainerako guztiak ere izango dira: udal hauteskundeek utzitako argazki politiko berria, GEDren ziklo berria, lan gatazken hari luzea, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren fasez faseko kronika, mugimendu feministaren egonkortzea eta berrestea edota Zubimusu Ikastolak aro berriko lehen Kilometroak antolatzea, besteak beste.

Azken batean, atzean uztera goazen urtearen hondarrak irakurgai dituzu, irakurle, datozen orriotan. Eta urte berrira begira, ba berriro ere, zure begiak gure orri artean topatzea nahiko genuke eta bide batez, atrebentziaz, begirada berriak eskatu nahiko genituzke.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!