SAPERE AUDE

Zenbat gara? Bat, bi... edo ehun bilioitik gora?

Erabiltzailearen aurpegia Ane Amundarain 2019ko abe. 14a, 05:57

Benito Lertxundiren abestiak dioen bezala, ba al dakigu zenbat garen? Zehazki, giza gorputzaz ari natzaizue gaurkoan, izan ere, gutako bakoitzaren gorputzean giza zelula bakoitzeko hamar mikroorganismo inguru bizi dira.

Pentsa, hainbeste dira zein denak batera pisatuko bagenitu 2 kg-ko pisua hartuko luketen… zalantzarik gabe, gutako bakoitza zoo ibiltari bat gara. Beraz, bakterioak ikasle-pisuetan janaria usteltzearen eta parranda ondorengo gastroenteritisen eragile bakarrik direla uste duten horietakoa baldin bazara, irakurtzen jarraitzera gonbidatzen zaitut. Eta beharbada, artikuluaren bukaerarako zure mikroorganismoak hobeto tratatu behar dituzula konbentzituko zaitut.

Gutako bakoitzaren zoo partikular hau mikrobiota normal modura ezagutzen da, eta giza bizitzarako ezinbesteko funtzio ugari betetzen ditu. Zehazki, giza mikrobiota 100 bilioi mikroorganismo inguruz osatua dago, eta hauetako gehienak bakterioak badira ere, birusak, protozooak eta onddoak ere aurkitu dira gure zelulen artean pozik eta alai bizitzen. Mikroorganismo hauek ez dira giza ehun guztietan aurkitzen, izatez, baldintza normaletan azalean eta arnas-, digestio- eta gernu-aparatuetako mukosetan bakarrik aurkitzen dira. Izan ere, gure gorputzean mikroorganismorik existitu ezin daitekeen organoak ere badaude, hala nola, bihotza, garuna, birikak, gibela, odola,… Organo hauei axenikoak deitzen zaie, eta hauetara mikroorganismoak hedatzeak organo horien infekzioa dakar, bizitzarentzat dakarren arriskuarekin. Hala ere, infekzioak infekzio, mikrobiota normalak guregatik gauza asko egiten ditu (eta oso gutxi eskertzen diogu). Esaterako, azal eta mukosetako mikroorganismo onek mikroorganismo patogenoen aurkako lehen defentsa-lerroa osatzen dute. Era berean, digestio-aparatuko mikrobiotak zenbait elikagairen digestioan eta immunitate-sistemaren garapenean laguntzen du, eta hesteetako zelulen hazkuntza kontrolatzeaz ere arduratzen da, hesteetako minbiziaren kontrolerako ezinbesteko prozesua dena.

Azken hau da orain arte gehien ikertu den mikrobiota, heste flora bezala ezaguna izango duzuena. Imajinatuko duzuen bezala, mikrobiota hau ez da gure digestio-aparatuan bestetik gabe agertzen. Izatez, amaren uteroan gaudenean esterilak gara (ez daukagu mikroorganismorik) eta jaiotzean, amaren mikroorganismo bainubat jasotzen dugu bagina zeharkatzean. Eta orduan hasten da inbasioa… Lehen bi urteetan heste flora ikaragarri aldatzen da, hiru urtetik aurrera egonkortzen den arte. Hala ere, amaren herentziaz gain, inguruneko faktoreek berebiziko eragina dute mikrobiotarengan, hala nola estresak, dietak, farmakoak, agente kutsatzaileak,… Hau dela eta, indibiduo ezberdinen mikrobioten artean ikaragarrizko aldeak daude. Honen harira, azken urteetan ikerketa ugari egin da gaitz konkretu bat pairatzen duten (autismoa, diabetesa, obesitatea, gaitz digestiboak,…) eta osasuntsu dauden pertsonen mikrobiotak konparatuz, hauen artean ezberdintasun nabariak aurkituz. Hau ikusirik, azken urteotan zeresan handia eman duen gorotz transplanteabezalako estrategiak planteatu dira kolitis infekziosoa eta heste suminkorra bezalako gaitz digestiboen tratamendurako. Zehazki, pertsona osasuntsu baten gorotzak hartu eta gaixoaren hesteetan inplantatzen dira kolonoskopio baten bidez. Eta harrigarriki, emailearen bakterio onekhartzailearen hesteak kolonizatzea lortzen badute gaixoa sendatu egiten da. Erraza, ezta? Badira Youtube-n transplantea etxean probatu dutenen bideoak… Xehetasun gordin gehiagorik gabe, irakurle maitea, horrelako tratamenduak profesionalen esku utzi behar dira.

Ikusten duzuen bezala, gure zoo partikularren unibertsoa oraindik oso ezezaguna da, baina ez dago zalantzarik gure osasunerako mikrobiota osasuntsua izatea onuragarria dela (batzuek etxean probatzeko punturaino…). Beraz, besterik gabe, zuen mikrobiotxoak pozik eta alai mantentzera animatzen zaituztet… gure bizitzako hainbat aspektutan lagunduko gaituzte eta!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!