Larunbatean beteko dira hiru hilabete 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa Oñatin abiatu zela. 15 saioren ondoren, Donostian jokatuko den finalarekin amaituko da. Gaur aurkeztu dute finala, Gipuzkoako hiriburuko San Telmo museoan; bertan izan dira Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaria, Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura eta Euskara Zinegotzia eta zortzi finalistak: Agin Laburu, Alaia Martin, Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Beñat Lizaso, Jon Maia, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran.
17:00etan hasiko da finala, Donostia Arenan (Illunbe). Ion Zaldua billabonatarrak eta Itziar Etxezarreta ezkiotarrak egingo dituzte aurkezle eta gai jartzaile lanak. Bestetik, Amaia Otxotorena, Eneritz Azkue, Maite Sukia, Mikel Beloki, Mikel Lersundi eta Zigor Leunda ariko dira epaile lanetan. Idazkariak, berriz, Joxemari Altuna, Silvia Etxaniz eta Gorka Segurola izango dira.
Bi zati izango ditu finalak. Lehenengoan, zortzi bertsolariek, hamabosna bertso puntuagarri abestu beharko dituzte. Lehenik, binaka, gaia emanda, zortziko handian, hiruna bertso, eta zortziko txikian, beste hiruna bertso. Gero, bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian, hiruna bertso. Berriro binaka, gaia emanda, hamarreko txikian, hiruna bertso. Eta azkenik, bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.
Lehen zati horretan puntuazio altuena lortzen duten bi bertsolariak pasako dira buruz burukora, eta beste hamar bertso puntuagarri abestu beharko dituzte. Batetik, binaka, gaia emanda, sei puntuko motzean, hiruna bertso. Bestetik, binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte. Azkenik, kartzelakoaren txanda izango da. Bi bertsolariek, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso bota beharko dituzte. Amaieran, saio guztiko puntuazioak batuko dira txapelduna erabakitzeko.
Aurtengo irabazleari Xabier Gaztelumendik jantziko dio txapela, borondatez egindako lanagatik. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak omenaldi berezi hau egin nahi izan dio finalean, merezimenduaren aitortza gisa.
SARRERAK SALGAI, ORAINDIK
Finaleko sarrerak larunbat eguerdiko 13:00ak arte erosi ahal izango dira www.bertsosarrerak.eus webgunean. Ordurako sarrera guztiak agortzen ez badira, 15:00etan irekiko da txarteldegia, larunbatean. Ohi bezala, Bertsozale Elkarteko bazkideek prezio berezia dute: 18 euro. Gaztetxoen sarrerak (6-16 urte) 12 euro balio ditu, eta sarrera arruntak, berriz, 24 euro.
Finalerako zenbait ohar
Larunbatean, 16:00etatik aurrera, Reale Arena (Anoeta) futbol zelaian, Realaren eta Bartzelonaren arteko futbol partida jokatuko da, eta Amaran eta Illunbe inguruetan jendetza handia eta autoak aparkatzeko zailtasun handiak izango direla aurreikusten dute antolatzaileek. Horregatik, Donostia Arenara garaiz eta garraio publikoan gerturatzea aholkatzen die bertsozaleei.
15:30ean irekiko dira Donostia Arenako ateak. Inguruan, sarbide eremu bat kokatuko du antolakuntzak. Aretoaren bi aldeetatik sartu ahal izango dute bertsozaleek, eta, behin barruan, aretora sartzeko 2, 1, 10 ateak eta 10 atearen inguruko eskailerak erabili ahal izango dituzte; 2, 1 eta 10 ateak harmailetara joateko, eta 10 atearen bi aldeetara dauden eskailerak, berriz, pistara joateko. Behin sartuta, nahi duten lekuan kokatu ahal izango dute bertsozaleek.
Mugikortasun arazoak dituzten pertsonen beharrak (irismena, aretoko kokapena...) behar bezala kudeatzeko, pertsona horiek finalera joango direla aurrez abisatzeko eskaria egiten dute antolakuntzatik. Horretarako, gipuzkoakotxapelketa@bertsozale.eus helbidera mezua bidali edota 943 670 575 telefono zenbakira deitu behar da.
Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldeak autobusak antolatu ditu finalera joateko. Joaneko autobusak 15:00etan aterako dira, Alegiatik eta Asteasutik. Lehena, Tolosan, Anoetan eta Iruran geldituko da; bestea, berriz, Zizurkilen, Amasa-Villabonan eta Andoainen. Itzulerako autobusak finala amaitu eta ordu erdira abiatuko dira. Autobusetan izena eman nahi dutenek ohiko lekuetara jo behar dute. 628 912 230 telefono zenbakira deituz edo harituz.bzt@gmail.com helbide elektronikora mezu bat idatziz ere eman daiteke izena.
telebistan eta sarean ere
Finalera joateko aukerarik ez duenak ere, zuzenean jarraitzeko aukera izango du, ETB4 kateak osorik eskainiko duelako. Euskal Telebistako lehen kateak, berriz, gaueko albistegiaren ondoren egingo du bat finalarekin. Internet bidez, www.eitb.eus eta www.bertsoa.eus atarietan ere eskainiko dute finala, Ilaski Serranok eta Martin Aramendik aurkeztuta.