Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldeak autobusak antolatu ditu abenduaren 14an Donostiako Illunben izango den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalera joateko.
Joaneko autobusak 15:00etan aterako dira; Alegiatik abiatuko da autobusetako bat eta Tolosan, Anoetan eta Iruran geldituko da, eta bestea Asteasutik irtengo da, Zizurkil eta Amasa-Villabonan geldituz. Azken autobus honek Andoainen ere jasoko ditu bertsozaleak. Autobusak 15:40ak aldera iritsiko dira Illunbera eta ordurako ateak zabalik egongo dira, 15:30erako irekiko baitituzte. Itzulerako autobusak finala amaitu eta 30 minutura abiatuko dira, eta joaneko ibilbide bera egingo dute.
Izen ematea
Autobusetan izena eman nahi dutenek honako lekuetara jo ahal dute: Alegiako kultur etxea, Tolosako Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen bulegoa, Anoetako eta Irurako liburutegiak, Asteasuko kultur etxea, Zizurkilgo Iriarte jatetxea, eta Amasa-Villabonako Amasa kafetegia. Beste aukera da harituz.bzt@gmail.com helbide elektronikora mezu bat idaztea edota 628 912 230 telefono zenbakira deitzea.
Harituzek eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak finalera autobusez joateko gomendioa egiten diete bertsozaleei, izan ere, egun berean Errealaren eta Bartzelonaren arteko futbol partida izango da Reale Arena futbol zelaian eta trafikoan eragozpenak egotea espero da.