Tolosan erabakiko da dena. Usabal kiroldegia bertsozalez beteta egongo dela ziurtatuta dago, sarrerak duela hainbat egun agortu baitziren. Bertaratzeko aukera izan ez duenak, baina, badu saioa jarraitzeko aukera, ATARIA IRRATIAK zuzenean eskainiko baitu.
16:45ean hasiko da Imanol Artola Felix-ek gidatutako saioa, eta (H)ari naizela ATARIA IRRATIKO bertsoari buruzko saioaren gidariak bidelagun izango du Unai Mendizabal zizurkildarra. Hala, bertsoak zuzenean jarraitzeko aukera izango da, eta adituen horien inguruko balorazioa ere bai. Aldi berean, saioaren ostean, bertsolarien hitzak entzuteko tartea ere izango da. Halaber, saioa irratiz (FM bidez 107,6an eta sarean www.ataria.eus -en) jarraitzen dutenek euren ekarpena egiteko aukera ere zabalik izango da. Horretarako, nahikoa izango da 695 76 28 43 zenbakira whatsapp mezua bidaltzea.
Hirugarren eta azken finalaurrekoa izaki, erabakiorra izango da abenduaren 14an Ilunben izango den finalari begira, gaur jakingo baitira finalera pasako diren zortzi bertsolarien izenak. Oihana Iguaran, Jon Maia, Jokin Uranga, Iban Urdangarin, Beñat Lizaso eta Haritz Mujika ariko dira Tolosako saioan. Saioko irabazlea zuzenean sailkatuko da finalera eta gainontzeko bertsolariek puntuazioaren arabera edukiko dute zuzenean sailkatuta dauden Agin Laburu eta Beñat Gaztelumendirekin batera finalean aritzeko modua.
Beraz, eskualdeko bi bertsolari, Iguaran eta Mujika, finalerako txartela lortzeko lehian izango dira, igandeko, Tolosako azken finalaurrekoan. Asteasuarrari behintzat ez zaizkio animoak faltako, pankarta eta guzti etorri zaizkio jarraitzaileak.