Etorkizuna, eredu propio batetik

Irati Saizar Artola 2019ko aza. 30a, 08:59

Gizartea aurrera doan heinean, herriek ere garapen bat daramate. Bide horretan, herri bakoitzak bere egingo duen eredu propio bat osatzea ikusten du egokiena Tolomendik, hirietako garapen ereduari jarraitu beharrean, bakoitzak bere bidea egitea, alegia.

Landa eremuko herrietan bada joera, oraindik ere, hiri handiagoetara bizitzera joateko, edo bai behintzat haiei begira jartzeko. Herri txikien edo landa eremuko herrien etorkizuna bermatzea da, ordea, besteak beste, Tolomendi Landa Garapen Elkartearen nahia.

Duela 20 urte egindako Landa Garapenari buruzko Legea berritzeko asmoa erakutsi du, aurten, Eusko Jaurlaritzak. Legearen aurreproiektu horrek albo batera uzten ditu soilik landa garapena bilatzen duen eta nekazaritzara nabarmen lerratuta dagoen politikak, eta lurralde ikuspegira igarotzen da. Tolomendiren ustez, ordea, «ezin dugu itsutu hirien garapen eredua gure herrietan besterik gabe kopiatzearekin, horrek ez gaitu inora eramango».

Azken urteetan, smart hitza edozein lekutan eta edozein kontzepturen alboan irakur daiteke: adimentsu esan nahi du. Hiriei ere deitu ohi zaie adimentsu, eta hiri horiek big data-n oinarritutako teknologiak erabiliz funtzionatzen dute. Hiriak bai, baina, herriak, eta Tolosaldearen kasuan, landa guneko herriak, izan daitezke adimentsu?

Galdera horri tiraka idatzi zuten artikulu bat Paul Soto eta Enrique Nieto adituek, herri adimentsu batek nolakoa behar duen izan azaltzeko. Tolomendiko Iker Karrera kudeatzailea bat etorri da haiek proposatutakoarekin: «Herri adimentsuak ez dira hiri adimentsuen parekoak». Hiriek teknologia dute helburu eta big data horretan zentratzen dira, eta sarri, herri txikiak handien menpe egoten dira: «Hiriek bidea markatzen dute, eta herriak atzetik doaz, baina hori ez da bidea», dio Karrerak.

Azken batean, Tolomendiko kudeatzaileak argi ikusten du hirien eta herrien artean «arrakala digitala» badagoela. «Landa eremuko herrietan, adibidez, banda zabalaren garapena eta teknologiaren garapena askoz ere txikiagoa da, ez daukagulako azpiegitura nahikorik eta jendearen formazio maila ere apalagoa delako», dio Karrerak.

Bestalde, ordea, herri txiki askotako joera «okerra» hiriak markatzen duen erritmoari jarraitzea dela dio: «Hiriaren garapen eredua herri txikietara eraman nahi dugu, bakoitzak bere eredu propioa garatu beharrean». Horixe da Tolomendik bultzatu nahi duena: landa eremuko herriek garapenerako eredu propioak martxan jartzea. «Izan ere, ez dugu inoiz hiria harrapatuko, hiria beti joango zaigu aurretik».

Hiri adimentsuek teknologia oinarri izanda funtzionatzen duten neurrian, herri adimentsuek etorkizuna euren esku hartzen dute, «baina ez beti teknologia digitalaren laguntzarekin», argitu du Karrerak. Sotok eta Nietok artikuluan jaso bezala, Karrerak ere bost elementu identifikatu ditu landa eremuko herrien inguruko definizioa ematerako garaian:

Hiriaren bidetik ihesi

Bakoitzak bere herrian bizitzen jarraitzea erabaki badu, zerbaitegatik izango dela dio Karrerak: «Landa eremuan bizi denak kontzienteki erabaki du hor bizitzeak zenbait gauzei uko egitea suposatzen duela, baina beste hainbat abantaila izango dituela». Izan ere, herri batek ez du hiri batek duen guztia, eta ez du inoiz izango. Kontrako zentzuan ere, herri batek duen guztia izatera ez da sekula iritsiko hiria. «Adibidez, hirian bizi denak ordu erdira ez dauka Txindokira joateko inongo aukerarik».

Modu horretan, herri txiki batek dituen elementu edo balio positibo guztiak identifikatu, eta horiek indartzen saiatu behar duela esan du Tolomendiko kudeatzaileak. Herri baten garapen prozesu horretan, «askotan, zerbitzuak izaten ditugu buruan», dio. «Udalei zerbitzuak eskatzen dizkiegu, baina ezintasun batean sartzen dira, jendearen eskariak ezin erantzunda». Landa eremuko herri askok beraien etorkizuna hipotekatzen dutela dio, zerbitzu eskari horiekin. «Gaur egun, hiriek daukatena lortzen saiatuko bagina, hemendik hamar urterako lortuko genuke, baina une horretan hiriak duena beste zerbait izango da, eta hura nahiko dugu; eta hori, ezinezkoa da», argitu du.

Fokua, ordea, beste bat behar du izan: herriko baliabideak identifikatuz eredu propioa duen herri bat osatzea. «Eredu propio bat garatzeko aukerak aprobetxatu behar dira: ekonomia berdea izan daiteke edo karbono gabeko ekonomia batean, elikadura sistema iraunkor bat bestela».

Landa eremuan azken urteetan aktibitate ekonomiko nagusiak izan direnetan, besteak beste, nekazaritzan edota basogintzan, aukerak egon litezkeela dio Karrerak, «noski, horretan apustua egin eta sinesten bada». «Batzuetan oraindik kosta egiten zaigu nekazaritza garapen ekonomikorako aukera bezala ikustea, baina, adibidez, elikadura sistema iraunkor bat garatu nahi bada, ezinbestean inguruko baratzetatik eta inguruko ekoizpenekin lan egin beharko da».

Beraz, herri bakoitzak dituen baliabideak zein diren jakin eta ahalik eta etekin gehien nola atera dakiokeen asmatzean dago gakoa. Karrerak dio ez dagoela herri guztientzat balio duen errezetarik. Baina eredu propio batetik abiatuta, landa herriek etorkizuna segurtatuta dutela dio.

Horrelako eredu bat osatzen ari dira, esaterako, Orexan. Herriko bi elementu garrantzitsu identifikatu dituzte bide horretan: kooperatiba eta ostatua. Horiek ardatz hartuta, herri eredu propioa eraikitzen ari dira. Bestalde, Orexa Bizirik izeneko herri marka sortu dute, eta herri izaera eta nortasuna definituta, herri osoa barne hartzen duen proiektu batekin ari dira lanean.

Funtzio osagarria

Gaurko gizartean, funtzio bat betetzen dute herri txikiek. Karrerak dio, beraientzat ez ezik, gizarte osoarentzat beharrezkoak diren funtzioak ere bete litzaketela herri horiek, eskutik joan daitezkeela inguruko herri nahiz hiriekin. «Adibidez, hiri batek garapen iraunkor bat nahi badu, ezinbestean landa eremuarekin batera egin beharko du lan, izan ere, hiriek ez dauzkate baliabideak elikadura hornitzeko, energia berde bat lortzeko».

Hiriaren osagarri izan daitezkeen baliabide horiek landa eremuetan daude, beraz, eskuz esku egin beharko dute lan beraien iraunkortasuna bermatzeko. Kate baten modukoa dela azaldu du Karrerak: «Landa eremuari aukera esparru bat sortzen zaio, gizarte osoari begirako funtzio bat betetzeko, eta hortik, ekonomia bat eta diru sarrera bat sortzeko, ondoren, herritarrei beste hainbat zerbitzu eman ahal izateko». Bide horretan, aldaketa digital guztiak ahalik eta gehien aprobetxatu beharko dituzte landa eremuko herri horiek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!