"Orexan bizi diren herritarrak bere herriaz harro egotea lortu dugu"

Irati Saizar Artola 2019ko aza. 29a, 15:11

Herritarrekin bildu eta etorkizunera begira herri poriektu bat osatzen ari dira Orexan; herritarrak zainduko dituen eredu baten alde egin dute.

Azken urteetan garapenerako eredu jasangarri bat osatzeko lanetan aritu dira Orexan. Beharrak identifikatu eta herri proiektu bat jarri zuten martxan: Orexa Bizirik. Eredu propio bat izatearen garrantziaz aritu da Eneko Maioz Orexako alkatea.

Garapen eredu propio bat lortzeko lanean aritu zarete Orexan. Zer da egin duzuena?

Lehenengo hausnarketa bat egin genuen. Garapen eredu horretan, iruditzen zitzaigun gureak ezberdina izan behar zuela. Askotan, herri txikien eta herri handiagoen garapen ereduak parekatu nahi izaten dira, eta nik uste oso ezberdinak direla. Kontziente izan behar dugu, gure kasuan, herri isolatu bat izateak berezitasun batzuk ematen dizkigula. Errealitate hori zein zen ikusita, plan bat egin genuen Orexa hemendik aurrera nola irudikatzen genuen ikusteko.

Zeintzuk izan dira zuen helburuak?

Herri proiektu bat sortu dugu Orexa Bizirik izenekoa, garapena modu iraunkorrean egiteko. Herrian garrantzitsuak izan daitezkeen kontzeptuak hartzen ditu, gure kasuan kooperatiba, ardi esnea erabiliz produktuak egiten dituena, eta ostatua izango litzateke beste eragile ekonomikoa. Horretaz gain, garbi ikusten genuen Orexa bezalako herri batek jasangarritasunean eduki behar zuela bere garapena, eta hor bereziki energiaren gaia landu dugu, eta baita ere ingurunea ezagutu eta zaintzeko beste ildo bat. Horrekin, gure eredu propio bat lantzen ari gara.

Zein pauso eman dituzue?

Agenda 21 berritzea tokatu zitzaigun eta horretarako herritarrekin lantalde batzuk eginak genituen. Hortik atera zen zerbait sakonagoa eta zehatzagoa egiteko ideia. Ideia hori garatzen joan zen talde ezberdinetan, bilkura ezberdinak eginez, bai adinekoekin, bai gazteekin, herriaren sentipen hori lehen eskutik ezagutzeko. Bakoitzak bere beharrak ikusten ditu, akaso, adineko bat mendi pista bat itxita dagoela pentsatzen ariko da eta lehen beti irekita egoten zela, eta gazte bat arituko da pentsatzen Orexan bizi nahiko lukeela eta ez daukala nola. Interes ezberdin horiek batu egin behar genituela ikusi genuen, eta ariketa oso interesgarria izan zen. Horrek ekarri gaitu gaurko agertokira, non garatzen hasi garen eta jendeak ere ikusten duen bere parte hartze zuzen bat proiektu horretan.

Herritar guztiak hartu dituzue kontuan, beraz.

Bai, prozesuan egin genuen beste lanketetako bat komunikazioarena izan zen. Herriko marka bat osatzen saiatu ginen, herriak eskaintzen dituen gauza guzti horiek balorean jartzeko. Orexa oso parte hartzailea da, landa gunean kokatua dago, baina tira, askotan ez dugu lortzen hori guztia transmititzen. Bereziki, gure ustez, kanpora begirako ariketa bat egin genuen, baina konturatu ginen barrura begira eta herritarrei begira pedagogia lan handia egin duela, guztiak kontziente izan garela benetan Orexak eskaintzen duena askoz gehiago dela. Demostratu dugu gure txikitasunetik gai batzuetan lehen maila batean egotea lortu dugula.

Helburu batzuk fisikoki agerian daude, baina izan dira begi hutsez ikusten ez direnak ere.

Bai, lehenengo helburuetako bat herritarren arteko kohesio hori da. Nolabait lortu duguna da Orexan bizi diren herritarrak harro egotea bizi diren herriaz, herri dinamiko batean bizi direlako. Uste dut gauza fisikoez gain, herri izaera horretan ere aurrerapauso handia eman dugula.

Zer falta zaizuela uste duzu garapen bide horretan?

Orexa Bizirik proiektuarekin gabiltzala izango dira lau-bost urte, eta oraindik asko daukagu egiteko. Ez da goizetik gauera egiteko proiektu bat. Nik uste lagundu digula zentratzen egin beharreko lanetan. Orain, adibidez, energetikoki burujabetzara gerturatuko gaituen proiektu batean, baina kooperatibarekin ere elkarlanean ari gara proiektu ezberdinak aurrera eramaten. Nik uste lan hau ez dela inoiz amaitzen, ikuspegi kontua dela. Gure txikitasunetik eredu izan gaitezke zenbait proiekturekin, adibidez, ostatuaren gaiarekin ikusi dugu kanpotik jende asko etorri zaigula proiektua bera ezagutzera. Horrek esan nahi du zerbait ezberdina egiteko gai behintzat izan garela. Horrek herri nortasunean puntu handi bat ematen du eta jendeak gustura hartzen ditu horrelako ekimenak.

Garapen eredua bakoitzak berea egin behar du, bereziki landa guneetako herriek. Azken batean, garapen eredua bereziki teknologiari oso lotuta dago, baina uste dut herri txikiek sekulako aukerak dituztela horrelako proiektuak aurrera eramateko. Horretarako ezinbestekoa da herritarrekin batera lan egitea.

Merezi du herri eredu bat sortzeak?

Zalantzarik gabe. Errezeta magikorik ez da existitzen, eta ez bada existitzen, are gutxiago hiri handienetakoak landa ingurunerako. Klasiko bat izan da landa guneak hiri guneari lehengaiak eta beste zerbitzu batzuk emateko egotea. Hori historikoki horrela izan da, baina, guk ere demostratu dugu bidea eginez, beste gauza batzuk ere posible direla, eta izan gaitezkeela eredu. Landa eremua inoiz ez da hirigune izango eta inoiz ezin dugu beraien parametroekin konparatu. Hor dago gakoa. Errezetarik existitzen bada, bakarra da: herritarrekin egitea, eta bakoitzak berea egitea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!