Alegiatik aterako da autobusetako bat eta Asteasutik bestea. Alegiako Ferreteriko geltokitik 15:00etan abiatuko da lehen autobusa eta Tolosako Zezen Plazan 15:05ean egingo du lehen geldialdia eta handik Anoetako Apaetxe baserri parera joango da 15:10ean eta Irurako ikastola parera, 15:15ean.
Asteasun, berriz, 15:00etan egingo dute hitzordua autobus geltokian. Ondorengo geldialdiak egingo ditu bigarren autobusak: 15:05ean Zizurkilgo Oria paper fabrikako geltoki parean, 15:10ean Villabonako Elduaien hizkuntza eskolaren aurrean eta 15:15ean Andoaingo Txoperako geltokian.
Bi autobusak finala bukatu eta 30 minutura aterako dira Ilunbetik Tolosaldera itzultzeko.
Izen emateak
Harituz bertsozale elkarguneak antolatutako autobusetan finalera joateko, 10 euro ordaindu beharko dira eta aurrez eman beharko da izena harituz.bzt@gmail.com helbidean edo 628 912 230 telefono zenbakian. Bestela herriz herri izena emateko aukera izango da: Alegian kultur etxean, Tolosan Gipuzkoako Bertsozale elkartearen egoitzan, Anoeta eta Irurako liburutegietan, Asteasuko kultur etxean, Zizurkilgo Iriarte jatetxean, Villabonako Amasa kafetegian eta Andoaingo Ernaitza liburu dendan.
Oraingoz, Agin Laburuk eta Beñat Gaztelumendik dute ziurtatuta abenduaren 14ko finalean kantatzeko txartela. Tolosan, abenduaren 1ean, igandean erabakiko dira gainerako sei finalistak. 17:00etatik aurrera Usabalen jokatuko da azken finalerdia eta ATARIA irratiak zuzenean eskainiko du saioa.