«Ezin eman zerbitzu berdina diru gutxiagorekin»

Jon Miranda Labaien 2019ko aza. 27a, 19:58

TOPA plataformak batzar irekia egingo du Tolosan abenduaren 14an; aurrez eskualdeko udalbatzekin bildu da hilabeteotako informazioa emateko.

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak aurrez ere esana du Osakidetzak zor historikoa duela gure eskualdearekin. Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako eskualde bakarra da ospitale publikoa ez daukana. Urteetan Donostialdeko ospitalearen osagarri bezala funtzionatu zuen Asuncion Klinikak, baina Eusko Jaurlaritzako Osasun sailarekin sinatutako hitzarmenaren ondoren, 2011tik eskualdeko erreferentziazko zentroa da. Urtean 21 milioi euro jasotzen ditu klinikak Tolosaldeko herritarren osasun beharrizanak asetzeko eta TOPAko kideen ustetan, «ez du ez azpiegitura, ezta pertsonal egokirik funtzio publiko hori emateko».

Eusko Jaurlaritzaren 2017ko aurrekontua oinarri hartuta azterketa egin du plataformak eta ateratako ondorioen arabera, eskualdeko biztanle bakoitzeko 555 euroko gastua egiten du Osakidetzak, «OEIra eta Asuncion Klinikako kontzertura bideratutako diru guztia kontuan hartuta». Alderaketa egin eta ikusi dute beste eskualdeetako herritarrei urte batean batez beste bideratzen zaiena baino 160 euro gutxiago gastatzen dela Tolosaldeko herritarren osasun arretan. 2018 eta 2019ko aurrekontuetan joera hori mantendu egin dela esaten dute plataformako kideek. «Non dago ekitatea? Nola eman daiteke zerbitzu berdina diru gutxiagorekin?». Asuncion Klinikarekin sinatuta duen kontzertua da diru gutxiago gastatzeko Eusko Jaurlaritzak erabiltzen duen «aitzakia» TOPAren ustez. «Beste eskualdeetara diru gehiago bideratzen da, azpiegiturak eta pertsonala mantentzeko baliabide ekonomiko gehiago behar dituztelako».

ARRETAREN ESKASTEA

Osasun publikoaren alde ari den taldeak ez du zalantzan jartzen gaur egun klinikan aritzen diren profesionalek egiten duten lana, baina aldi berean salatu du oso baldintza zailetan jarduten dutela. Asuncioneko langileek duela pare bat urte egin zuten grebak erakusten du hori, baina baita beste datu batek ere: «Azkeneko urte eta erdian 30 mediku aldaketa izan dira klinikan».

Erretiroa hartu dutelako batzuk, lekuz aldatu direlako beste batzuk, sare publikora pasatu direlako gehienak... Asuncion Klinikan hainbeste mugikortasun eta aldaketarekin talde lanaren arrastorik ez dagoela uste dute TOPAko kidek. «Presiopean, baldintza oso zorrotzetan jardun behar dute eta beren kontsulta pribatuan edo sare publikoan aritu ondoren etortzen dira klinikara, ordu batzuez lan egitera edo ebakuntza bat egitera». Plataformak salatu duenez, Asuncion da Gipuzkoako mutua askok duten erreferentziazko zentroa, eta hortaz, mediku hauek «nagusiki diru publikoarekin finantzatzen den azpiegitura batean eman behar dute, aldi berean, asistentzia pribatu eta publikoa».

Mediku faltari aurre egiteko klinikak egiten dituen kontratazioak ere auzitan jarri ditu TOPAk. Salatu duenez, gaur egun Asuncionen lanean ari diren medikuen erdiak ez daukate euren espezialitatea homologatuta mediku elkargoan. «Mediku horiek ezingo lukete Gipuzkoako beste eskualde bateko ospitale publikoan jardun, ezingo lirateke azterketetara aurkeztu ere egin».

Plataformako kideen haserrea oraindik gehiago handitu da, Asuncion klinikako pertsonala begiratu eta jakin zutenean lau mediku kolegiatu gabe zeudela. «Ulerkorrak gara. Esaten digute kolegiatzeko tramiteak falta zaizkiela, baina oso larria iruditzen zaigu. Elkargoan izena eman gabe dagoen mediku bati ez zaio ospitale publiko bat zapaltzen ere uzten, eta hemen berriz guri asistentzia publikoa ematen ari zaigu». Ekitatea eskatu dute, beste behin, TOPAko kideek. «Eusko Jaurlaritzak 21 milioi euro ematen dizkio klinikari urtean, funtzio publikoa betetzeko eta hori bermatzeko pertsonalarik eta azpiegiturik ez dauka Asuncionek».

TOPAk batzarra egingo du abenduaren 14an Tolosako kultur etxean eta informazio hau partekatuko du herritarrekin. Bien bitartean, Tolosa, Aiztondo, Andoain, Alegialdea eta Ibarraldeko udalbatzekin bildu da gaiaren «larriaz» ohartarazteko, eta hautetsiei eskatzeko eskumena duten erakundeetan «presio egin dezaten». Ezinegona sumatzen dute kalean eta mugimendua «aktibatzeko» deia luzatu dute TOPAtik. «Herritarren arnasa kokotean sumatzen dutenean mugitzen dira administrazioak». Horretarako lehen aukera, azaroaren 30ean, Tolosako Trianguloan egingo den elkarretaratzean.

Erlazionatuak

Endekapena

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Gonzalez-Etxebarri, TOPAko kidea 2019 aza 27 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!