Endekapena

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Gonzalez-Etxebarri, TOPAko kidea 2019ko azaroaren 27a

Osasungintza bezalako oinarrizko zerbitzu publikoen kudeaketa pribatizatzeko legeak onartu behar diren garaian, elkarlanean jarduten du EAJk Madrilen, PSOE edo PPrekin. Eta gero Madrilen onartutako legeak garatu ahal izateko araudia onartzen du Eusko Legebiltzarrean, PSOE edo PPren laguntzarekin. EAEn, ordea, EAJk beti gobernatu behar izan du ezkerreko sentsibilitatedun taldeekin, eta horri esker aurrekontuaren zati handi bat herritarrentzako zerbitzuak ematera bideratu du, hori bai, guztia edo ia guztia kudeaketa pribatutik pasata.

Honenbestez, hezkuntzaren erdia kontzertatuta dago; osasun garraioak (anbulantziak), ospitaleen eraberritzeak, erietxeen garbiketak pribatuki kudeatzen dira. Tolosaldeko eskualdeko ospitalearekin gertatzen ari dena, pribatuki kudeatzen diren gainerako oinarrizko zerbitzu publikoekin gertatu daitekeenaren erakusgarri da.

Oinarrizko zerbitzuek ez dute mozkinik ekarriko. Ezinezkoa da. Beti gastatu ahal izango da dirua oinarrizko zerbitzua hobetzen. Eta hori ez dago, sinestarazi nahi diguten bezala, gauza publikoen erabilera arrazoitu eta efizientearekin lehian. Zerbitzua enpresa pribatu batek kudeatzen badu beti lortu nahiko du etekina, zerbitzuetatik edo lan baldintzetatik zati bat hartuta. Edo diru publikoarekin muntatutako azpiegitura aprobetxatuta, mozkinak ematen dituzten zerbitzu pribatuak bertan eskainiz. Honenbestez, modu batera edo bestera, oinarrizko zerbitzuen pixkanakako endekapena etorriko da, krisian sartuko dira eta azkenean diru publikoarekin erreskatatu beharko dira. Eta berriro, ostera, hastera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!