Lau egun baino ez dira geratzen Jan Tolosaldea Bideo Laburren Lehiaketako irabazleak jakiteko. Tolomendi Tolosaldeko Landa Garapen agentziak TOLOSALDEKO ATARIA-rekin elkarlanean antolatutako ekimenak pasa den astera bitarteko epea jarri zuen parte hartzeko, eta larunbatera bitarte zabalik dago zortzi bideoren artean gustukoenari botoa emateko aukera. Horretarako www.ataria.eus webgunera sartu behar da, eta Bideo Lehiaketa jartzen duen atalean daude ikusgai bideoak eta bertan dago, halaber, bozka emateko aukera. Dagoeneko 120 boto baino gehiago jaso dituzte, eta badira boto kopuruagatik nabarmentzen ari diren bi bideo. Oraindik, ordea, aldatu daiteke egoera, lau egun gehiago geratzen baitira botoa emateko, baina, kontuan izanik, bideo bakarra aukeratu daitekeela, eta gailu batetik behin bozkatu daitekeela.
Gazteen elikadura ohiturak ezagutu eta beraiengan Tolosaldean ekoiztutako produktuen kontsumoa sustatzeko helburuz antolatu du estreinakoz Tolomendik Jan Tolosaldea ekimena. Sari interesgarriak jarri dituzte irabazleentzat: Zumardiako urteko bazkidetza edota ikastaroen matrikula, Bizi Bizikik eskainitako abenturaz betetako asteburua eta bertako produktuekin osatutako otarra eta ekoizlearen ustiategira bisita.
Irabazle suertatu diren lanen berri abenduaren 12an Tolosako Topic zentroan egingo den sari banaketa ekitaldian emango dute.