Etxean egoteko moduko giroa

Erabiltzailearen aurpegia Iker Ibarluzea 2019ko azaroaren 15a

Negu bete beteko eguraldia izango dugu gaurkoan. Egun guztian zehar hodeiak nagusituko zaizkigu eta zaparradak etenik gabeak izan daitezke. Gainera, goietan aire hotza egongo da eta lehen orduetan kazkabarra botatzeko arriskua egongo da. 

Haizeak ipar mendebaldetik joko du, eguerdira arte indar dezenterekin, eta ondorioz, tenperaturak oso hotzak izango dira; gehienez jota 7-8 gradutara iritsiko dira. Elur maila jaitsi egingo da 600-800 metrotara.

Asteburuan ere giro kaxkarrarekin jarraituko dugu.

Larunbatean, giro euritsua izango dugu, batez ere, egunaren bigarren zatian. Litro dezente pilatuko zaizkigu. Tenperaturek hotzak izaten jarraituko dute, gehienez 8 gradutara iritsiz. Elur mailak antzeko balioetan jarraituko du, baina arratsaldean zertxobait gora egingo du 1.000 metro ingurura.

Igandean, antzeko giroarekin jarraituko dugu baina tenperaturak gora egingo duenez elur mailak ere gora egingo du. Eguerdi partean lasaialditxo bat izango du eguraldiak, baina ondoren, beste fronte batekin berriz ere euri asko botako du. Tenperaturak 9-10 gradutara iritsiko dira eguneko erdiko orduetan.

Astelehenean oraindik ere giro euritsuarekin jarraituko dugu. Lehen zatian zaparrada mardulak eta nahiko etengabeak izango dira. Ondoren, arratsalde partean arintzen hasiko da eta eguna bukatzerako ahulak izango dira zaparradak. Tenperaturak antzeko balioetan mugituko dira, eta elur maila 1.000-1.200 metrotan kokatuko zaigu.

Ondoren, joera aldaketa bat izango dugula dirudi. Hego haizea sartuko zaigu indartsu. Tenperaturek gora egingo dute, baina aste erditik aurrera borraska berri batek euria ekarriko du berriro.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!