Tolosaldean igo egin da, bere nagusitasuna areagotuz, eta euskal lurralde guztietan ere bai, diputatu bat gehiago eskuratuz, Nafarroan gainera, falta zitzaion lurralde bakarra. EAJ ere irabazten atera da, Bizkaian beste diputatu bat lortuz, nahiz eta boto kopurua jaitsi leku guztietan, baita gure eskualdean ere. PP eta Vox ere garaileen artean sartu beharko genituzke, baina batez ere estatu mailan, EAEn ez baitute ordezkaritzarik lortu eta Nafarroan mantendu besterik ez baitute egin.
Galtzaileen artean Ciudadanos eta Elkarrekin Podemos izan dira nagusienak. Estatu mailan izan duten porrotak izan du isla gurean ere. PSOEk ere boto jaitsiera izan du leku guztietan, han eta hemen. Sanchezek hauteskundeak berriro deitzerakoan EPen bozkak bereganatu nahi bazituen, eta hauek boto asko galdu badituzte ere, ez dira sozialistengana joan, baizik eta alderdi abertzaleetara. Mesede handiena PPri eta Voxi egin dio jardunean dagoen presidenteak bere erabakiarekin. Alderdi eskuindarren blokea igo egin da eta kezkagarria da ultraeskuinaren gorakada nabarmena. Badirudi Franco hilobitik ateratzerakoan, bere aldeko boto asko berpiztu direla, Berazubiko koadrillak Inauterietan ederki iragarri zuen bezala.
Madrilgo Kongresuari begira, alderdi abertzaleek lau diputatu gehiago dituzte orain: bi Euskal Herrian eta bana Katalunia eta Galizian. Katalunian azkenaldian jasan duten erauntsiari aurre egiteko ez zaie gaizki etorriko. Espainiaren gobernagarritasuna kolokan gelditzen da berriro, aldaketa handirik ez dagoelako emaitzetan: eskuinaren blokeak hiru diputatu gehiago ditu eta ezkerrekoak, zortzi gutxiago. Bi bloke horien horrela gelditzen dira: ezkerrak 158 diputatu eta eskuinak 152. Erabakigarritasuna batez ere alderdi abertzaleen esku gelditzen da berriro. Horien beharra izango du PSOEk, lehendabizi EPen laguntza lortzen badu, gehiengoa lortzeko. PPrekin fronte zabala osatzea edo bere abstentzioa lortzea izan daiteke beste aukera. Horren truke alboko kalte larria jasango genuke Euskal Herrian: Nafarroako gobernua galduko lukete ezkertiarrek eskuindarren mesederako.
Ibilaldi luzearen ondoren, elementu guztien kontra izerdia bota eta gero, Boulebarrera iritsi ginela uste genuenean, berriro Behobian gaude, abiapuntuan. Eta ez du atertzeko itxurarik.