Prospektiba asko eta estrategia gehiago. Azken sei hilabeteetako aldaketa nagusia agenda politikoaren bilakaera izan da. Urte hasieran sozialistek lortu egin zuten beren indarguneak ziren gaiez hornitzea pil-pilean zauden eztabaidak: pentsioak, gizarte politikak… ongizate estatua finean. Gobernu aurrerakoi baten buru izateko aukera eman zion horrek Sanchezi. Deialdi honetan ordea, identitatea eta Kataluniako nazio-prozesuaren aurrean erakutsitako sendotasuna izan dira ardatz, indartuz eskuin muturra batetik eta independentismoak bestetik.
Eskuin eta ezkerreko blokeen arteko indar korrelazioa ez da eraldatu: ezkerra (158) nagusitu egin zaio eskuinari (150), baina orain arte zuen diferentzia gutxitu egin da (-10). Ezkerrean, bai sozialistek, bai Podemosek behera egin dute. Eskuinean, hiru alderdien artean izandako oreka aldaketa da azpimarragarria: Cs-ek azken hatsa eman duen gauean PPk gora egin du, baina VOXek, apirilean lortutako eserlekuak biderkatuta, eskuin politikoaren hegemonia lapurtu dio.
Eskuin muturraren igoerak merezi du aipamen berezia. Batetik, ikustekoa da nola lortu duen bere burua zuritzea kontserbadoreek boterera iristeko bere babesa behar izanaz baliatuta. Hazten jarraitzeko aldeko testuingurua dauka gainera. Ez soilik Kataluniako aferak jarraituko duelako, baizik eta Europako ekonomia moteltzen ari den honetan jendarteari aterabide sinpleak eskaini ahalko dizkiolako: Estatuaren zentralizazioa eta «espainiarrak lehenbizi» arazo ororen konponbide modura. Ikusiko da nolako bilakaera duen.
Ezin aipatu gabe utzi indar abertzaleen emaitza onak, bai Euskal Herrian, bai Katalunian. EAJk inoizko ordezkari gehien bidaliko ditu Espainiako Gorteetara: 7 diputatu eta 9 senatari. EH Bilduk Nafarroako diputatu abertzalea berreskuratu du eta lehenbiziko aldiz historian talde propioa edukiko du Kongresuan lortutako 5 ordezkariekin. Kataluniako hiru indar independentistek bertako bozken %42,6a erdietsi dute, inoizko ehuneko altuena Espainiako hauteskunde batzuetan.
Presidentetza lortu eta gobernua osatzeko lanetan hasiko da Sanchez gaurtik aurrera. Lehen mugarria inbestidurako bigarren itzulian ezezkoak baino baiezko gehiago jaso eta Moncloara itzultzea izango da. Bi aukera dauzka mahaiaren gainean hori lortzeko. Bata, PPren abstentzioa lortzea. Bi muturrak -VOX eta independentismoa- indartu egin direla hauspotu eta erantzukizun konstituzionalaren aldarri egingo du. Ez litzateke gozoa izango hau popularrentzat, baina beste aukera guztiak agortzen badira, ezezkoan gotortzea zail edukiko luke.
Sanchezen beste aukera ezkerrera eta periferietara begiratzea da. Podemos bere babesa eman nahian dabil. Negoziazio fasean erakusten duen abilezia politikoaren arabera, lortuko du koalizio gobernua edo babes parlamentario hutsean geratuko da. EAJ eta talde mixtoko erregionalismoa batuko litzateke eskema horretara, tokian tokiko eskaerak diruz ordaintzeko konpromisoa hartuta. Ez da nahikoa ordea. Beharrezkoa dute sozialistek Llotja de Marreko akordioan bildutako talde independentistaren baten abstentzioa. Hauen gutxieneko baldintzak argiak dira babes hori emateko: autodeterminazioa eta Kataluniako presoen amnistia. Eskakizun orotan ordea, bestearen mugetatik kanpo dauden gutxienekoak eskatzea estrategia itsua izan liteke epe ertainera. Eta ez ahaztu, Katalunian hauteskundeak udaberrian.