«Zaintza pribatua izaten mantentzen den bitartean, egia da, emakumeon gain eroriko dela zaintza, eta are gehiago emakume migratzaileengan»

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko aza. 10a, 10:00
Jone Urionaguena eta Maitane Arnoso SOS Arrazakeriak elkarteko kideak ikerketa aurkezten. IRATI SALSAMENDI / IRUTXULOKO HITZA

Jone Urionaguena Gipuzkoako SOS Arrazakeriak taldeko kidea da. Elkarteak berak Tolosaldea Garatzeneko Migrazio sailarekin elkarlanean landu duen ikerketa aletu du.

Nolatan egin duzue ikerketa hau?  

Sos Arrazakeriak elkartean duela urte dezentetik aholkularitza bulegoak ditugu, diskriminazio kasuen aurrean salaketak iristen direnean abokatuen bitartez aurrera eramateko. Atzerritarren legea bera diskriminazio egoera kontsideratzen dugu. Paperen tramitazioarekin ere laguntza eskaintzen dugu. Kontua da, duela bost bat urtetik, etxeko langile asko etortzen direla diskriminazio kasuekin edota atzerritar legearen kasu ezberdinekin; bizitzen ari ziren egoerak, edota lan eta bizi baldintzen egoerak kontatzen zizkiguten edota erakutsiarazten zizkiguten. Testuinguru horretan konturatu ginen oso antzekoak zirela euren artean, eta pentsatu genuen oso ideia ona izan zitekeela zerbait egitea guzti honekin; «hau gertatzen ari da» eta «modu honetan gertatzen ari da» esateko izango genuela moduren bat. Euskal Herrian edo Gipuzkoan egindako azterketak duela urte batzuetakoak dira, eta guk emakume migratzaile hauekin zer gertatzen den zehaztu nahi izan dugu. 

Gipuzkoako hainbat herritako emakume migratzaileak elkarrizketatu dituzue. Zer da jaso duzuena?

Sektorea berez da prekarioa, eta baldintzak ez dira betetzen, ez kasu batean eta ez bestean ere. Lagintzat emakume migratzaileak izan ditugu, baina baita ez-migratzaileak ere. 10etik 4k ez ditu oporrak, 10etik ia 5ek ez ditu ordu osagarri ordainduak, gauez lan egiten den hori ere ez da pagatzen, eta egunez dagoen emakume berak egiten du lan, hau da, %73,4aren kasua da. Zifra asaldagarriak dira. Ez dute lan hori kobratzen. Gainera, asteburuak eta jai egunak ere 10etik 6k,... Datu gordinak dira eta oso altuak. Erregularizazioa oso zaila dela ikusi dugu sektore honetan; bai ikerketan eta baita errealitatean ere. Bien kasuan da, baina emakume migratzaileak beti okerrago daude.

Datu hauek dira bistaratu edo azaleratu nahi izan dituzuenak?

Hau azaleratu nahi izan dugu, eta Sos Arrazakeriak sartu da honetan, zergatia oso argia delako: badakigu sektorea oso prekarioa dela, sektore feminizatu dela eta erakutsi egin nahi genuen. Eta nola erakutsi jatorriak eragina duela guzti honetan. Testigantzetan, jatorriaren faktore edo ardatz hori oso pontente ikusten da, eta oso garrantzitsua da diskriminaziorako; eta bai lan baldintzetan edo jasotzen dituzten erasoetan. Erasoak ere jaso ahal izan ditugu-eta.

Jatorriak eragin nabarmena du, beraz.

Oso nabarmena da, bai.  

Konparaketa egiteko bertako 30 emakume langile ere elkarrizketatu dituzue. Alderik bada? Badago, eta deigarriena erasoen kontua izan da. Erasoak emakume ez-migratzaileek eta emakume migratzaileek pairatzen dituzte. Emakume ez-migratzaileen kasuan, laurdenak maitatzeko proposamenak jasan ditu, baina emakume migratzaileen kasuan, %37,2a da jasan duena. Irainak emakume migratzaileek jaso dituzte, eta ez-migratzaileek ere bai, baina %20 gehiago da ez-migratzaileen kasuan. Jaramonik ez egitearen kasuan ere ezberdintasuna altua da. Mehatxuak ere erregistratu ditugu, eta emakume ez-migratzaileen kasuan %8,3 bat da, baina emakume migratzaileen kasuan, 10etik 4k jaso dituzte. Eraso fisikoak eta ukituak ez ditugu erregistratu emakume ez-migratzaileetan, baina migratzaileetan laurden batek pairatu ditu eraso fisikoak, eta 10etik 2k ukituak.

Gogorra izango zen emakume hauekin elkarrizketak egitea.

Gogorra izan da, baina hilabetean behin elkartzeko taldea dugunez, ez zaigu arrotza egin. Jada harreman bat dago gure artean, eta elkarrizketa hauek egiteko ere, beti txoko ezagunak bilatu ditugu, kafe baten bueltan. Asko zaindu dugu ingurua badakigulako hau ez dela erraza kontatzea, eta konfiantzazko klima hori beharrezkoa izan da.  

Lasai hitz egin dute bizitakoa kontatzeko, hau da, barruak askatu dituzte?

Askatu dituzte, eta taldean elkartzean, esaterako, lan baldintzen inguruan hitz egin dute, kanpainak egitea proposatu dute, askatu dira, bakoitzari zer gertatu zaion kontatuz. Behar bat dago. Behar handi bat dago bakoitzari zer gertatzen zaion kontatzeko. Entzuna izateko eta taldean konpartitzeko. Azkenean sektore hau ez dago enpresa edo fabrika batean, ez dago espazio komun batean. Oso isolatua dago, etxeetan dago, bakarrik daude eta beraien lan baldintza egoerak edota emozioak ezin dituzte inorekin konpartitu. 

Bakardadea bizi dutela esango zenuke?

Bai. Bakardade oso handia bizi dute. Imajinatu etxe batean ari zarela lanean 24 ordutan, kasu askotan, eta kakotx artean etxe horretako parte zara, baina ez zara parte. Batzuetan familia sentitzen zara, edo beste askotan oso garbi uzten dizute, edo zure buruari oso garbi uzten diozu hori ez dela zure etxea. Askotan ez daukazulako ezta gela propio bat bertan.

EAEn egun 115.559 pertsonek  laguntza behar dutela adierazi duzue.  Asko da, ezta?

Asko da, eta gainera laguntza hori goraka doa. Populazioaren piramidea iraulita dago jadanik. Jende oso nagusia daukagu, eta jende hori gero eta nagusiago egiten ari da. Maria Angeles Duran antropologoari entzun nion esaten, espainiar estatuan, oraintxe bertan, 65 urte betetzen direnetik bizitza esperantza 19,4 urte direla. Horrek esan nahi du mendeko horiek areagotzeaz gain, luzatu egingo direla denboran. Krisi handi bat daukagu, eta momentuz ez daukagu baliabiderik ondo erantzuteko.  

Zuek erakunde publikoen betebeharrak emakume migratzaileen gain jartzen ari direla salatu duzue. 

Bai. Denok dakigu zaintza azkenean emakumeon gain erortzen dela. Kasu hauetan oso garbi ikusten dugu hitz egiten ari garen zifrentzako ez dagoela zaintza publikoaren inguruko benetako lanketa bat. Ekonomikoki ere zenbat familiek sostenga dezakete, esaterako, beraien pentsioekin? Irudikatu mendeko pertsona batek pagatu behar duela bere zaintza; ezingo lioke horri aurre egin gaur egun sistema publikoan dauden baliabideekin. Egon badaude, baina ez dira nahikoak. Orduan zer gertatzen da? Pribatizatu egiten da zaintza. Interesak dauden edo ez, badaude hainbat teoria. Zaintza pribatua izaten mantentzen den bitartean, egia da, emakumeon gain eroriko dela zaintza, eta are gehiago emakume migratzaileengan; guk kontratatu ahal izateko pertsona bat, guk irabazten dugunaren azpitik.

Zein da bizitzen duten lan baldintza, kontratu edo soldaten egoera?

Lan baldintzen kasuan, legeak markatzen dituen lan orduak baino askoz ere gehiago egiten dituzte. Etxeko langileen zerbitzua sistema berezi baten barruan dago, sistema generalaren barruan. 40 orduko lan astea daukate, guztion moduan, baina aukera dute lan egiten duten etxebizitzan gaua emateko; eta aldi berean, presentziazko orduak deitzen diren 20 ordu dituzte astean. 24 ordu etxe batean bazaude, nola markatu dezakezu zein den zure lan ordua edota presentziazkoa? Mugak ez dira oso argiak, eta are gutxiago ezagutzen ez duzunean legedia. Lanaldi izugarriekin topatu gara. Izan ditugu pertsonak 100dik gora ordu lan egiten dutenak. 

Soldaten kasuan, 2019a baino lehen jaso genituen datu guztiak, eta aldatu egingo lirateke datuak soldata minimoa 1.050 eurora igo delako. Justu, %20 igo da soldata, hori baino lehen egin genituen galdeketak, eta soilik %12,7ak gainditzen zuen 1.000 euroko soldata. Gehiengoa 700 eta 800 euro artean zeuden.

Kontratuei dagokionean, berriz, migratzaileetan zentratu gara, eta estereotipo edo uste faltsu batekin topatu gara. Emakume migratzaile hauek ezkutukoa edo beltza den ekonomia bultzatzen dutela, kontraturik gabe daudelako. Argi utzi behar da emakume migratzaile hauek ez dutela beraien interesen artean kontraturik gabe lan egitearena. Azken batean, paperak lortu ahal izateko edo beraien egoera administratiboa erregularizatzeko behar-beharrezkoa dute lan kontratu bat. Egia da, eta horrela da atzerritarren legea, lehen hiru urteetan, zure bitartekoetatik atera behar duzu bizitza. Eta erakutsi behar duzu hiru urtez erroldatuta egon zarela edo bertan bizi izan zarela. Gero, sustraitze sistemaren bitartez, lehenengo erresidentzia txartela lortu ahal izateko. Hiru urte horiek pasatzean emakume hauek kontratu horren beharra dute. Estereotipoa deseraikitzeko bidean, emakume ez-migratzaileak dira, gehienbat, kontraturik gabe lan egiten dutenak. Lan honen bitartez, familiako ekonomiari ekarpen bat egiten diote, eta ez da sostengu. Aldiz, emakume migratzaileen kasuan, askotan, etxeko lanaren bidez lortzen duten soldata hori da familia osoaren sostengua, eta baita beraien jatorrizko herrialdekoarena ere. 

Datu edo egoera guzti horiek uste duzu ezkutuan mantendu nahi izan direla? 

Nik uste dut ezjakintasun handia dagoela, edonorengan. Nik neronek, duela urte batzuk, ez neukanean ideia handirik, nire familiako mendekoren bat zaintzeko norbait kontratatu behar izan banu, hau guztia jakin gabe, posible da, nik ere, horrelako zerbait egin izana. Honekin esan nahi dudana da, ezjakintasun handia dagoela orokorrean gizartean kontratazio hauen inguruan. Askotan langileek beraiek ere ez dakite zein eskubide dituzten. Ez da erraza honetaz jabetzea, eta orain ari da gehiago ikusarazten. 

Etxean langile migratzailea dutenekin hitz egin ahal izan duzue?

Denetik izan dugu. Muga txikia da, eta zaintza lana beti izan da emakumeek maitasunetik egin duten zerbait. Lana da berez, baina gure begietatik lantzat ikustea, eta benetan zaintza lana kontsideratzea oraindik eman gabe dagoen prozesu bat da edo bukatu gabe dago. Askotan, hor, mugak txikiak izaten dira, eta jarrera oso ezberdinak egon daitezke, bai kontratatzailearen aldetik, eta baita langilearen aldetik ere. Elkarbizitza izan daiteke hor sortzen dena, eta eman behar da etxe batean elkarrekin bizitzean. Gu gehien kezkatzen gaituena da, zein puntutaraino normalizatuak dauden diskriminazio egoera batzuk edota lanaren testuinguruan ematen diren eraso batzuk. Hauek naturalizatzeak dakarren arriskuak kezkatzen gaitu, eta datu hauekin topo egin, eta halare pertsonak ez duela kontsideratzen egoera kaxkar batean dagoela. Soldata edo denbora librearen aipua egingo du, baina beste hainbat egoeraz ez da kontziente edo ez du botatzen arazo bat balitz bezala; ukitu bat, adibidez, normalizatua du.

Aurrerapausorik eman da?

Orain, kolektibizatzean ari dira kontziente egiten; beraien istorioa beste aho batzuetatik entzutean. Guztiok egin dezakegun prozesua da, taldean elkartu eta arazo baten gainean hitz egitean. 

Emakume migratzaileen izenean aldarrikapen batzuk ere plazaratu dituzue.

Oso garrantzitsua iruditzen zaigu instituzioek duten papera. Kanpaina publikoak egitean, benetan ikusarazteko  zein den egoera eta emakume hauek zein baldintzatan ari diren lanean. Baldintza horiek ez direla bidezkoak, eta azkenean beraiek langilek direla eta zaintzaren edo maitasun horren izenean denak ez duela balio. Zaintza lana dela, eta hori da gure lehenengo ideia. Hor instituzioek erantzukizun handia dute, eta hau gizarteratzeko eta helarazteko kanpaina handia egin beharra daukate. Bide batez, kontratatzaileei zein eskubide errespetatu behar dituzten azaltzea. Zein eskubide dituzten etxeko langileek, nola izan behar diren beraien lanaldiak, interna kontratua ez dela existitzen, hori jardunaldi oso bat litzateke; gaua bertan igarotzeko eskubidearekin eta 20 orduko presentziarekin, baina ezin duzu 24 ordutan pertsona bat zure etxean eduki lanean. Hori ez da legala. Zaintza lana denean, eta 24 ordutan mendekoa den edo atentzioa behar duen pertsona batek, gutxienez, euren lan baldintzak errespetatzeko hiru pertsona izan behar ditu kontratatuta. 

Eta gaur egun hori posible da familia batean?

Hori da kontua, eta hori da beste aldea. Guk hor botatzen diegu erantzukizuna. Zaintza publiko egitea, eta hor dago arazoaz jabetzearen garrantzia. Pentsio bat kobratzen duen pertsonak, nahiz eta aldundiak ematen dizkion laguntzak izan, ezingo lituzke kontratu bateko baldintzak errespetatu. Ez da posible eta ez da bideragarria. Eta pentsioekin daukagun krisiarekin, are eta gehiago. Emakumeon bizi esperantza altuagoa da, eta nortzuk ditugu pentsio okerragoak? Emakumeok. Beraz, nortzuk egongo dira zaindu gabe? Gauza askotan jabetzen joan beharra daukagu, eta instituzioei dauzkaten erantzukizunak eskatu.

Zer lortu nahiko zenukete zuek ikerketa honekin?

Emakumea, langilea eta guk ardatza, migratzaile izatean jarri dugu. Hori da ikusarazi nahi duguna. Zaintzaren kontua ikuspegi makro batetik hartu nahi izan dugu, eta noski, emakume hauek jarraituko dute lana izaten zaintza lanetan. Behar dugulako eta gure piramide demografikoa dena delako. Guztion ardura dela ikusarazi nahi dugu, eta ez emakumeona. Instituzioek beraien ardura dute, familiek, kontratatzaileek, eta era berean, langileak ahaldundu nahi ditugu beraien eskubideen jakintzetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!