Tolosako kultur etxean aurkeztu zuten azterketa. ATARIA

Etxeko langile migratzaileen egoeraren inguruko ikerketa plazaratu du SOS Arrazakeriak elkarteak; 108 migratzaile eta 30 ez-migratzaileren lagina jaso dute.

Gipuzkoako SOS Arrazakeriak eta Tolosaldea Garatzeneko Migrazio sailak elkarlanean egin dute etxeko langile migratzaileen egoera sozio-laborala eta pairatzen dituzten diskriminazioak ikertzeko lana. Maitane Arnoso eta Jone Urionaguena Sos Arrazakeriak taldeko kideek egin dute ikerketa, eta proiektua Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bizikidetza eta Giza Eskubideetako zuzendaritzaren laguntzaz garatu dute.

Tolosako kultur etxean egin zuten aurkezpena, eta sei emakume migratzaileen bizipenek biltzen dituen Chica seria y responsable dokumentala ikusteko aukera izan zen. Ikerketarako 108 emakume jatorri atzerritarrekoak izan dituzte, eta horietatik %95,5a jatorri latinoamerikarrekoak izan dira, eta kasu gutxi batzuk izan dituzte Europa ekialdekoak. Horiez gain, 30 emakume ez-migratzaile elkarrizketatu dituzte.

Jone Urionaguenak «beldurra» aipatu du. «Beldurra dute emakume langileek jendaurrean agertzeko, eta beraien bizipenak kontatzeko». Laginerako bai, baina esaterako, «martxoaren 8an jendaurrean ez zuten agertu nahi izan. Lana galtzeko beldurra dute. Beraiek kaleratzea oso merkea da, eta inongo azalpenik gabe kaleratu ditzakete».

Piramide demografikoa dagoeneko iraulita dagoela azpimarratu du eta zaintza krisi handi batean sartua dagoela. Haurrak heztea edo gaixotasunak dituztenen zaintza kolektibizatu egin direla dio, eta espazio handi eta publiko batean zentralizatu direnean, profesionalizatu egin direla azpimarratu du Urionaguenak, eta «atentzio hobe bat ematen zaie». Aldiz, zaintza lana zergatik dugun horren sartua zahartzaroan etxean eman behar dela, arlo pribatuan, dio. Egoera berriez pentsatzera eraman nahi dute gizartea, «ulertu dezaket pertsona nagusi batek bere etxetik atera nahi ez izatea, eta izango ditu bere ondorio positiboak eta negatiboak. Baina bilatu behar ditugu bide berriak, zaintza ere, kolektiboki bideragarria eta sostengarria izateko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!