Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa amaierara iristen ari da, eta atzo, Azkoitiko saioa amaitu berritan ezagutu zen, zein 18 bertsolari ariko diren finalerdietako saioetan. Guztira, bost saio izan dira final-laurdenetan, eta horietako irabazleek zuzenean egin dute aurrera. Gainontzekoek, berriz, puntuazioaren araberako sailkapenari begira egon behar izan dute, atzo bitarte. Sailkapen horretako lehen 13 bertsolariak sailkatu dira finalerdietarako.
Eskualdeko bertsolariei dagokienez, bost aritu dira fase honetan kantuan, eta horietatik hiruk lortu dute hurrengo faserako sailkatzea. Beñat Iguaranek eta Mikel Artolak agur esan behar izan die txapelketari. Oihana Iguaranek, berriz, Azpeitian jokatutako saioa irabazita, zuzenean lortu zuen Tolosan jokatuko den finalerdietako saiorako txartela. Haritz Mujikak eta Unai Mendizabalek azken unera arte, sailkapenari begira egon behar izan dute. Zorionez, baina, biak sailkatu dira hurrengo faserako.
Hauek dira, puntuazioaren arabera zerrendatuta, finalerdietarako sailkatu diren 18 bertsolariak. Letra etzanez idatzita agertzen direnak bere saioa irabazi zutenak dira, hau da, finalerdietara zuzenean sailkatu direnak:
- Agin Laburu Rezola
- Oihana Iguaran Barandiaran
- Iñigo Mantzizidor Larrañaga
- Nerea Elustondo Plazaola
- Eñaut Martikorena Lizaso
- Beñat Gaztelumendi Arandia
- Jon Maia Soria
- Alaia Martin Etxebeste
- Jokin Uranga Isuskiza
- Iban Urdangarin Lardizabal
- Amaia Iturriotz Etxaniz
- Unai Mendizabal Jauregi
- Iñaki Apalategi Astigarraga
- Asier Azpiroz Iztueta
- Beñat Lizaso Alberdi
- Haritz Mujika Lasa
- Ane Labaka Mayoz
- Unai Gaztelumendi Arandia
Iguaran eta Mujika, etxean
Ondorioz, datorren faserako saioak erabakita geratu dira. Arrasaten izango da lehena, azaroaren 17an, igandea. Uarkape pilotalekuan jokatuko da. Unai Mendizabal zizurkildarra ariko da bertan. Berarekin batera, honako bertsolari hauek hartuko dute parte: Agin Laburu, Eñaut Martikorena, Iñaki Apalategi, Nerea Elustondo eta Unai Gaztelumendi. 17:00etan hasiko da saioa, eta gai jartzailea, Iker Iriarte alegiarra izango da.
Azaroaren 24an, igandea, Oiartzungo Elorsoro kiroldegian jokatuko da bigarren finalaurrekoa. Bertan ez da eskualdeko ordezkaririk izango, eta ondorengo bertsolariak ariko dira kantuan: Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Ane Labaka, Amaia Iturriotz, Asier Azpiroz eta Iñigo Mantzizidor. Saio hau ere 17:00etan hasiko da, eta Inaxio Usarraldek egingo ditu gai jartzaile lanak.
Hirugarren eta azken finalaurrekoa Tolosako Usabal kiroldegian jokatuko da, abenduko lehen egunean. Eskualdeko bi ordezkari ariko dira bertan: Oihana Iguaran eta Haritz Mujika. Beraiekin batera, Jon Maiak, Beñat Lizasok, Iban Urdangarinek eta Jokin Urangak kantatuko dute. Beste bi saioak bezala, hau ere 17:00etan hasiko da, eta kasu honetan, Saroi Jauregi izango da gai jartzailea.
Saio hauetan, bertsolariek ondorengo lanak burutu beharko dituzte:
- Binaka, gaia emanda, hamarreko handian hiruna bertso.
- Binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso.
- Binaka, gaia emanda, 6 puntuko motzean hiruna bertso.
- Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte.
- Kartzela: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.
Abenduaren 14an, Donostiako Ilunben jokatuko da finala, abenduaren 14an. Bertara, finalerdietako saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da. Gainerako bertsolarietatik, puntuazioz bost onenak igaroko dira txapelketako azken saiora. Datozen hiru saioetarako eta finalerako sarrerak salgai daude oraindik www.bertsosarrerak.eus webgunean.