Herritarren mugikorrei jarraipena egiteko proiektuak zalantza sortu du

Ataria 2019ko azaroaren 1a

Espainiako Estatistika Institutuak herritarren mugikorren bidez euren mugikortasuna aztertzeko proiektuak zalantza ugari sortu ditu, bai erabiltzailen artean, bai eta kontsumitzaileen elkarteetan ere.

Aste honetan ezagutzera emandako berriaren arabera, Espainiako Estatistika Institutuak zortzi egunez (lau lan egun, azaroaren 18tik 21era; azaroaren 24a, igandea; abenduaren 25a, jai eguna eta udako bi egun, uztailaren 20a eta abuztuaren 15a) herritarren mugikorren datuak bilduko ditu, herritarrak nola eta nora mugitzen diren jakiteko. Modu horretan, garraio publikoa hobetu ahal den aztertu asmo du erakundeak.

Bada, albistea jakin orduko zalantzak sortu dira proiektua legearen barruan ote dagoen, hain juxtu, datuen babeserako legea urratzen ote duen. Herritar ugarik sare sozialetan zalantza azaldu duten moduan, kontsumitzaileen elkarteek ere ez dute argi, baina, uste dute proiektuak ez duela araurik hausten, "estatistiketarako datuak erabiltzeko aukera legeak jasotzen duelako". Bere aldetik, Datuen Babeserako Espainiako Agentziatik proiektuaren inguruko datu gehiago eskatu dizkiote Espainiako Estatistika Institutuari.

Espainiako Estatistika Institututik azaldutakoaren arabera, euren operazio guztiek "sekretu estatistikoaren babesa dute, eta funtzio estatistiko publikoaren legediarekin bat datoz".  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!