Espainiako Estatistika Institutuak herritarren mugikorren jarraipena egingo du 8 egunetan

Tolosaldeko Ataria 2019ko urr. 29a, 19:59

Telefonoen bidez herritarren mugikortasuna aztertuko duela iragarri du INE-k. Tolosaldea eremu desberdinetan banatuko dute. Movistar, Vodafone eta Orange operadoreek kolaboratuko dute ikerketan. Hauek bidaltzen duten informazioa "anonimoa" izango dela azaldu dute.

El Pais egunkari espainiarrak zabaldu du albistea, Ekonomia sailean. Erreportaje batean, Espainiako Estatistika Institutuaren (INE) ikerketaren helburuak eta institutuarentzat ekarriko dituen onurak aipatzen ditu. 

INE-k zortzi egunez herritarren mugikorren datuak bilduko ditu, herritarrak nola eta nora mugitzen diren jakiteko. Horretarako Movistar, Vodafono eta Orangen laguntza izango du. Datuak "anonimoak" izango direla azaldu dute Espainiako Estatistika Institututik. "Datu bilketa horrekin, herritarrak zein eremutan mugitzen diren jakingo dugu, gune horietan zerbitzu publikoak edo azpiegiturak indartzeko beharra dagoen edo ez aztertzeko". Herritarrak oporretara nora joaten diren ere aztertuko dutela jakinarazi dute. Ikerketa hiru aste barru hasiko da.

Mugikorrak jarraituko dituzten egunak ondorengoak izango dira: lau lan egun, azaroaren 18tik 21era; azaroaren 24a, igandea; abenduaren 25a, jai eguna eta udako bi egun, uztailaren 20a eta abuztuaren 15a

Espainiako Estatistika Institututik azaldu dutenez, "El Pais-en hasierako informazioan akats bat zegoen. Ondoren zuzendu dute sarean. Hasieran esaten zuten operadoreek mugikorren posizioak emango zizkigutela. Hori ez da zuzena. Emango digutena kontaketa bat da, momentu bakoitzean, zonalde bakoitzean, zenbat mugikor dauden. Adibidez, Tolosan goizaldeko 04:00etan zenbat mugikor dauden eta arratsaldean zenbat. Edo Bilboko industrialde batean 04:00etan eta 16:00etan zenbat dauden. Horrek jendea etxetik lanera nola mugitzen den erakutsiko digu. Zuzenketa hau egitea garrantzitsua da. Operadoreek ez digute telefono baten posizioa emango, baizik eta kontaketa baten datua". 

Espainia zonaldetan banatuko dutela esan dute INE-tik: "Zona bakoitzean gutxienez 5.000 telefono egongo dira. Ondorioz, herri batean telefono gutxiago baldin badaude, ondoko herriarekin elkartuko da. Hirietan, adibidez, zona horiek lauki edo zelda txiki batzuk izango dira. Herri txikiz osaturiko eremuetan, berriz, landa eremuen kasu, lauki horiek handiagoak izango dira; gutxienez 5.000 mugikorretara iritsi artekoak. Baina garrantzitsua da azpimarratzea mugikor hori norena den ez dugula jakingo; edo bere adina edo sexua zein den. Jasoko dugun informazioa anonimizatua iritsiko zaigu".

Legediaren inguruan, Espainiako Estatistika Institututik ondorengoa azaldu dute: "Guk egiten ditugun operazio guztiek sekretu estatistikoaren babesa dute, eta funtzio estatistiko publikoaren legediarekin bat datoz".  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!