ELAk aldarrikapenetatik "urrun" dagoen hitzarmena sinatzea eta borroka desaktibatzea leporatu dio LABi

Tolosaldeko Ataria 2019ko urr. 31a, 07:59

Gipuzkoako Grafikagintzako sektorean sindikatuek mahai gainean jarritako "aldarrikapen asko alboratu" eta Adegi patronalarekin hitzarmena sinatu izana leporatu dio ELAk LABi.

ELAren esanetan, Gipuzkoako Grafikagintzan "aldarrikapenetatik urrun" dagoen hitzarmena sinatu du LABek Adegirekin, eta borroka desaktibatu du: "Borrokari esker, patronala mugiaraztea lortzen ari zen momentuan patronalak eskainitako hobekuntza txikiak onartu eta gatazka desaktibatu du LABek". 

ELAren esanetan, "lau hilabete baino gehiago Adegiren berririk gabe egon eta gero, asteartean, urriak 29, patronalak sindikatuei dei egin zien presaka, denbora luzez atzeratuta zegoen proposamen bat aurkezteko. Eta LABek onartu egin du".

ELAren ustez, patronalaren azken "proposamen serioa" 2019ko maiatzaren 15ekoa da: "orduan jarri baitzuen mahai gainean hiru urterako KPIaren igoera". Ordutik, Adegik negoziazioa luzatu eta hustu baino ez duela egin azaldu dute ELAtik, "eraginkorrak ez diren bilerekin eta sektorea 8 eguneko grebara eramanez".

Sektorearen mobilizazioari esker, gaurko egunean patronalak aurreko proposamenari hobekuntza batzuk gehitu dizkiola uste du ELAk, "beti ere, sindikatuen eskaeretatik urrun". Ondorengoa litzateke eskaintza hori:

  • Soldatak: 2019= KPI [% 1,2] + % 0,6; 2020 =KPI [gaur egun % 0,5] + % 0,6; 2021 = KPI + % 0,75 (2021).

  • 1.16 eta 1.22 profilak ezabatzea.

  • Hitzarmena aplikatzeko lehentasuna, Estatukoaren aurrean.Inaplikazioaren inguruan ordea, ez du aipamenik egiten.

  • Medikuaren kontsultetarako lizentzien hobekuntza, guraso bakarreko familietara ere zabaldu daitekeena; eta larrialdietako box-a gaixotasun larritzat parekatzea.

ELAren ustez proposamen hori "murritza" da. Hauek dira sindikatuak aipatu dituen arrazoiak baieztapen hori egiteko:

  • Patronalak ABLEen eta lizentzien arloko lege eta jurisprudentzia-egokitzapenak bere proposamen gisa saltzen jarraitzen duelako.
  • 1,47 profilak sektore honetarako gutxienekoa izan beharko lukeelako.
  • Igoerak benetan ez direlako nahikoak eta ELAk eta LABek azken bileran proposatutako KPI+ %2,75etik urrun jarraitzen dutelako.
  • Azkenik, lan-erreformaren aurrean erabat blindatuta ez dagoen hitzarmena izaten jarraitzen duelako.

Era berean, ELAk patronalari gogorarazi nahi izan dizkio, "LABekin batera osatutako plataforman bildu ziren eta kanpoan utzi diren beste puntu garrantzitsu batzuk, besteak beste, errelebo kontratua". 

Azken bilera horretan "LAB hartutako norabidearekin harrituta" agertu da ELA.  "Adegiren lehen proposamen horren ondoren, sektoreko bost greba egunak bertan behera uztea proposatu du, borroka presaka utziz eta jada fruituak ematen hasia zen gatazka bat desaktibatuz". ELAren ustez badago lorpen handiagoak lortzeko marjina, eta "sindikatua beti egongo da prest sektoreko enpresetako langileei laguntzeko, haien lan-baldintzak ahal den neurrian hobetzeko", gaineratu dute.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!