Tolomendi Landa Garapen Elkarteak Jan Tolosaldea Bideo Laburren Lehiaketa antolatu du, gazteei begira.
Zer dela eta antolatu duzue bideo laburren lehiaketa?
Jan Tolosaldea dagoeneko ibilbide bat egin duen ekimena da. Eskualdeko udalekin, eta batez ere, lehen sektoreko eragileekin martxan jarri genuen ekimena. Izenak berak esaten du: Tolosaldea garatzeko eta Tolosaldea egiteko moduetako bat eskualdeak berak ekoizten dituen produktuak kontsumitzetik abiatzen da. Mezu hori da Jan Tolosaldeak bilatzen duena. Gure kasuan, batez ere, landa eremuak sortzen dituen produktuak, nagusiki nekazaritzakoak, kontsumitzea sustatu nahi da. Batez ere, bertan. Guk geuk nahi duguna da eskualdean produzitzen den hori, kontsumitzea; ulertzen dugulako horrek ekonomiaren gurpil bat mugitzen laguntzen duela. Bertako garapena sustatzeko modurik iraunkorrena hortik abiatzen dela eta Jan Tolosaldeak hori sustatu nahi du, bertakoaren kontsumoa sustatuz.
Gazteak dituzue helburu.
Bideo lehiaketarekin jende gaztearengana iritsi nahi da. Mezu hau jende gazteengana ere iristea nahi dugu, eta gazteengana iristeko zerbait ezberdina egitea iruditu zitzaigun egokia. Teknologia guztiz berea dute, eta beste eskema eta kode batzuekin funtzionatzen dute, eta ziurrenik hitzaldi edota eskuorrien formatuak ez zirela erabilgarri izango, eta buelta bat eman diogu. Beraiengana iristeko eta mezua jasotzeko, beraiei jarrera aktiboago bat proposatu diegu, eta lehiaketa da gai horretara gerturatzeko bidea.
Zer lortu nahi duzue?
Jende gazteak eskualdeko lehenengo sektorea, eskualdeko produktuak, elikadura,... Zein begirada duten, eta nola bizi duten gazteek jakin nahi dugu. Hori jaso nahi da, eta horra iritsi nahi dugu. Hausnarketa baterako balio badie ere oso ondo, baina ez dugu nahi izugarrizko hausnarketa sakonetan sartzea. Jolas baten bidez, eta lehiaketa bera, jolas baten moduan proposatzen diegu. Jolas horren bidez eskualdeko lehen sektore, produktu eta elikadura sistemara gerturatzea nahi dugu. Eta beraien sormen eta jolasetik bururatzen zaiena egin dezatela. Gure ondorioak ateratzeko balioko digu. Gazteen begietatik nola ikusten den eskualdean landa eremua, lehen sektorea, bertako produktua eta elikadura. Hori da nahi duguna, eta jolas-ariketa hau proposatu zaie, eta ea zer erantzun jasotzen dugun.
Gazteak aipatu dituzu. Zein adin tarteri zuzendua dago?
Bideo lehiaketa bat proposatzean bideoak egin, egin behar dira. Bideoak modu xume eta erraz batean egiteko, esaterako, errazena mugikorren bidez izan daiteke. Guk, ordea, ez dugu esango nola egin behar duten, eta arrazoizko adin tartea, 12-18 urte artekoa izango da.
Zenbateko iraupena izan behar du bideo laburrak?
Bideo laburra esatean hiru minutu jarri dugu gehienez. Hortik gora luzeegia dela esaten dute, eta inork ez dugula ikusten, eta beraz, hori hartu dugu oinarri.
Gaia garbi utzi duzu.
Bai, baina gauza bat azpimarratu nahi nuke. Guri ikustea gustatuko litzaizkigukeen bideoekin ez dugu topo egin nahi. Esan dugun marko horrekin, gazteen begietatik, bakoitzak beretik egin dezala eta beretik sortu dezala. Guk gure mezuaren baieztapen bat ez dugu bilatzen, baizik eta, beraiek beraien begietatik ikusten dutena; beraiek barrutik dakitena, beraiek sentitzen dutena. Hortik ekoitzi eta egin dezatela. Benetan horrek emango digulako benetako argazkia.
Banaka edo taldean aurkeztu daitezke, ezta?
Banaka edota taldean aurkeztu daitezke. Gehienez zortziko taldeak izan daitezke. Eta ikastetxeka ere aurkeztu daitezke.
Nori zuzenduko diegu gazteak parte hartzera animatzeko mezua?
Batez ere ikastetxeen bidea dela baliagarria iruditzen zait, eta gurasoena ere bai, noski. Ikastetxeek hala nahi baldin badute, ikasketa prozesuan lanketa bat egiteko ere baliagarria izan dakieke. Lotu dezakete, eta jolas edo lehiaketa hau baliatuz, atzean dagoen guzti horren lanketa egin dezakete. Ikastetxeena bereziki bide interesgarria ikusten dugu; esparru garrantzitsu bat dago.
Noizko aurkeztu beharko dituzte bideo horiek?
Azaroaren 10a jarri dugu epe muga moduan. Ostean, epaimahaiak biltzen hasi beharko du, eta abenduan dagoeneko baloratuta eduki beharko ditugu. Sari banaketa abenduan egin nahi dugu. Sariak egongo dira, eta sari banaketa ekitaldi baten barruan egingo dugu, eta bideoak gizarteratu egingo dira. Bideoak jantolosaldea@gmail.com helbidera bidali beharko dira.
Zer esango zenieke gazteei?
Animatzeko parte hartzera, eta jolas egitera animatzen ditut. Bakoitzak beretik ematen badu, uste dugu eskualde aberatsago bat egiteko izango dela. Eta horretarako Tolomendiko web orrian, eta TOLOSALDEKO ATARIA-rekin dugun elkarlanari esker, bi webguneetan dago informazio guztia.
Bertakoa kontsumitzeak garrantzia du.
Bai, hasieran esan dut. Batez ere eskualde honetako landa eremuen garapenerako hor dauden aktibitate ekonomikoetarako, produktuen ekoizle moduan ulertuta, oinarrizkoena nekazaritza da. Produktu horien garapena kontsumotik dator, bestela, gurpilak ez du bueltarik ematen. Eskualdeko eremu horien sustapena da bultzatu nahi duguna. Giltzarri da bertan ekoizten dena kontsumitzea. Hirigunean bizi diren herritarren elikadura sistema iraunkor bat izatea nahi baldin badugu, zer hobe gertukoena kontsumitzea baino.