Zaldibiako 25. Ardiki Eguna ospatu zen igandean, 25. Mondeju Lehiaketarekin eta Aralarko Gaztaren 22. txapelketa eginez.
Epaimahai jendetsu batek mondeju zuria zein gazta dastatu eta horietatik hoberena zein zen aukeratu zituen. Igandean, 9 lagunek egin zuten epai lana eszenatoki gainean: mondejuaz Iban Mate (Dolarea), Luis Usabiaga (Olano Harategia) eta Eukene Navio (Castillo) arduratu ziren. Gaztaz ordea, Eneko Azurmendi (Lazkaoetxe), Ander Barandiaran (Amasa-Idiazabal) eta Joseba Beitia (Lurlan).
13:30ak aldera jakin zen zeintzuk izan ziren aurtengo edizioko mondeju zein gazta lehiaketako irabazle eta sarituak. Andoni Egañak eta Sebastian Lizasok oholtzaratu zituzten irabazleak.
Mondeju lehiaketan 20 partaidek eman zuten izena. Horietatik garaile Amezketako Unai Galartza suertatu zen. Bigarren postua Zaldibiako Modes Sukiak eta Josune Etxeberriak irabazi zuten. Hirugarren postuan, Zaldibiako E.A.U.
Aralarko gazta txapelketan 19 izan ziren aurten lehiakideak. Orendaingo Zelaieta elkartea izan zen txapeldun, lehenengo postuan. Ordiziara joan zen bigarren postuko saria, Joseba Intsaustik ekoizten duen gazta izan zelako bigarren sailkatua. Zeraingo Haritz Harreguyk eta Martina Urbistondok itxi zuten Aralarko gazta txapelketako sailkapena.
Lehiaketez gain, artzain lanbideen erakustaldiak, artisau postuak, asta-zerra erakustaldiak, eta zenbait abere egon ziren Ardiki egunaz gozatu ahal izateko.
Janaria eta edaria ere barra-barra izan zuten bertaratu ziren guztiek. Ekintza gehienak goizean izan ziren arren, bazkaldu ostean, erromeriaz eta kalejiraz disfrutatzeko unea ere egon zen.