«Artzaintzatik bizi daiteke, baina ez da inor aberastuko»

Irati Urdalleta 2019ko urr. 6a, 09:00

Ander Barandiaran artzaina. OIHANA IGUARAN

Ordiziako gazta lehiaketa entzutetsuan hirugarren saria eskuratu du Ander Barandiaran amasarrak. Ez zuen espero eta saria jaso behar zuenean, beste artzain batzuekin tabernan zegoela eta konturatzea kosta zitzaiola aitortu du.

Ander Barandiaran (Amasa-Villabona, 1982) artzaina gustura dago, Ordiziako azokako gazta lehiaketan hirugarren postua lortu berritan.

Egun, 5.000-5.500 gazta kilo inguru ekoizten ditu eta 300-350 buruko ardi muturbeltzen artaldea dauka, baina lan ugari egin behar izan du egoera horretara iristeko, eta lehen sektorerako laguntza gehiago eskatu ditu.

Noiz eta nola hasi zinen artzaintzan eta gazta ekoizten?

Nire istorioa nahiko xelebrea edo berezia da. Sortzez ez nahiz baserritarra, kalean jaio nintzen, nahiz eta txikitatik baserri munduarekin lotura izan dudan. Betidanik eduki izan dut ametsa baserritik bizitzeko eta baserri baten bila nenbilela, Idiazabalen tokatu zitzaidan aukera, 2006an.

Poliki-poliki hasi ginen. Nire ilusioa behiekin hastea zen, baina eskatzen zuten inbertsioa ikusita, ardiekin hasi nintzen. Hamar ardi hartu nituen lehendabizi, bazterrak garbitzeko. 2007an, beste hogei bat ardiren desiran joan nintzen Etxarri Aranatzera eta 80 erosi nituen. Horrela, ardi mordoxka baten jabe egin nintzen denbora gutxian, eta esne putzu dezentea osatzen zen. Zerbait egin beharra zegoen eta ez nuen ekoizpen gune handira eraman nahi. 2007an hasi ginen gazta egiten etxeko sukaldean, ahal zen bezala. Aurrena ez ziren jateko modukoak ateratzen, baina poliki-poliki hasi egin ginen eta 2009ra arte, etxerako eta ingurukoei saltzeko aritu ginen. Orduan eraiki genituen gaztandegiak eta Artzai Gaztan nahiz jatorri izendapenean sartu ginen.

Gaztea izanda, ez da oso ohikoa artzaintzaren aldeko apustua.

Ez. Gaur egunean, uste dut tontoak, eroak edo ilusionistak garela horretan hasten garenak, izan ere, beltz samarra dago kontua. Loturaz eta eskatzen duen lanaz aparte, inbertsio handiak daude eta hutsetik hasten denak dena dauka egiteko: ganadutegiak, gaztandegiak... Gainera, genero ona egin behar duzu saltzeko eta bezero on bat bilatu beharra daukazu. Gaur egunean, hasi behar duenarentzako nahiko zaila dago. Ez dut esaten ezinezkoa denik, baina negar eta izerdi asko eskatzen dituen ofizioa da hau.

Eta ez gara sartuko arkumearen prezioan. Gaur egun, arkumea kostuaren azpitik ari gara botatzen. Arkumea erabateko galera da artzainontzat, baserritarrentzat haragitarako txekorrak eta behiak diren bezala.

Nolakoa da artzain baten egunerokoa?

Gustukoa bada, hau bezalako bizimodurik ez dago. Gustukoa ez bada, berriz, izan daitekeen ofiziorik txarrena da. Ez dauka ordutegirik ezta soldata finkorik ere. Beraz, horrela ohitu ez denarentzat zail samarra da.

Nik hamabost urte egin nituen fabrika batean lanean. Ez nintzen ero-ero zuzenean hemen sartu. Izan ere, alde batetik, inbertsioak daude eta beste aldetik, bezeroak eta generoa. Hasieran, fabrikara ardiak jetzita joaten nintzen. Amak egiten zituen gaztak eta inbertsioari buelta eman arte, lanera joanez aritu nintzen. Industriara ere joan beharrak sakrifizio handia eskatzen zuen, baina arintasun bat ere bai, soldata finko bat baneukalako. Gaur egunean, kolpetik dena utzita hasi behar izanez gero, beldurra emango lidake.

Eta bestela, zure eguna nola antolatzen duzu?

Ardia, azienda guztiak bezala, lotua da. Gauza asko utzi behar dituzu eta dedikazio erabatekoa eskaini behar diozu. Goizean, jaiki eta ardiak jezten dituzu, aziendak gobernatu eta gaztak egiten hasten zara, eta bitartean, ardiak kanpora atera behar dituzu, ahal bada, larre desberdinetara egunero. Korrika bazkaldu eta siesta egiteko betarik baldin bada, ordu erdikoa edo egiten duzu. Arratsaldean ere goizeko lan berdinak egin behar dituzu. Hau da, ardien bila joan behar duzu, ardiak jetzi behar dituzu, goizean egindako gaztak prentsatik atera behar dituzu eta lehen egindako gaztak ere zaindu behar dituzu. Hau da, buelta eman, lizunak nola dauden begiratu...

Artzainak daukan beste lan handi bat bulegokoa da. Askotan, ukuiluan bezainbeste denbora pasatzen duzu bulegoan edo paper artean. Batean, ganaduen mugimenduak direla; bestean, osasungintzako ikuskapenak direla; hurrengoan, jatorri izendapeneko jarraipenak edo analitikak direla... Egunak 24 ordu dituela esaten dugu, baina 48 balitu ere, beteko genituzke.

Urtea ere ardien arabera antolatzen duzu?

Dudarik gabe. Udara garai lasaiena da. Izan ere, azienda jetzi behar denean, lotu egiten zaitu. Hori egin behar ez denean, beste era batera moldatzen zara eta eguna beste era batera antolatzen duzu. Udaran gaixotu zaitezke, baina neguan ez. Neguan gaixotzen baldin bazara, segi egin beharra daukazu. Udaran, berriz, gaur egiten ez duzun lana bihar egingo duzu, gaztarik egin beharrik ez daukazulako eta ardiak mendian daudelako.

Udaran izaten den lan nagusia belarretan aritzea izaten da, baita baratzea, soroa eta egur lanak ere, baina lasaiagoa da. Egun bat kanpoan pasa nahi baduzu ere, pasa egiten duzu, neguan ezta pentsatu ere. Niri ere parranda gustatzen zait. Neguan parranda egiten baduzu, eta goizeko lauretan etortzen bazara, badakizu seietan jaiki egin beharko duzula eta hurrengo eguna ez da motzegia izaten. Orain, berriz, hamarrak arte lo egiten baduzu ere ez dio horrenbeste axola.

Artzain izatetik, zer gustatzen zaizu gehien eta zer ez duzu horren gustuko?

Denean aritzen naiz gustura: ardiak jezten, gazta egiten, ardiak larrean nola jaten ari diren ikusten... Nik zerbait apartatzekotan, bulegoko lan hori baztertuko nuke. Gazta eskakizunak online ere egiten dizkigute eta hango fakturak prestatu behar dituzu, gazta horiek bidali behar dituzu... Nik parte hori kenduko nuke, baina egin beharra dago, eta ez dago besterik.

Gaur egun, bizi al daiteke artzaintzatik?

Bai. Hemen bizi gara eta ez naiz bakarra. Hala ere, matematikarik ez da existitzen gurean eta hori pentsatuta ez dago hasterik. Dudarik gabe, bizi daiteke, baina ez da inor aberastuko.

Artzaintza osasuntsu dagoela esango zenuke?

Ez, ez dago eta. Lehen sektoreari begiratuta, etekinik handienak ematen dituen arloa da. Esne behiak badakigu nola dauden eta haragitakoak zer esanik ez. Gaur egun, artzaintza zerbait bada, gaztarengatik da eta jatorri izendapenak eta Artzai Gaztak bere garaian hartu zituzten erabakiengatik. Hala ere, gero eta gehiago kostatzen da soldata duin bat ateratzea eta gazteak ez gaude iparraldean bezala. Industrian zortzi ordu lan egitea, asteburuak jai izatea, oporrak edukitzea eta aparteko ordainsariak oso barneratuta dauzkagu gure gizarte honetan. Baserrian jaio denari eta ofizio hau etxetik jan duenari gogo gutxi geratzen zaio aurrera segitzeko. Zeregin handi bat dago gizartearen eta administrazioaren aldetik, gazteek aurrera segi dezaten.

Zer egin beharko litzateke gehiago bultzatzeko?


Artzaintza baino lehen sektorea bultzatu beharko litzatekela esango nuke, arrazoi askorengatik. Lehen sektorea da benetan ekologista eta ingurunea zaintzen duena, beti ere, era estentsibo batean lanean ari bagara. Gizarteak konturatu behar du nekazaritza eta abeltzaintza estentsiboak oinarrizkoak direla biodibertsitatearen aldeko eta klima aldaketaren aurkako neurri bezala. Hori egiteko giltza zein izango den ez dakit, baina uste dut jende asko eta asko prest egongo litzatekeela gure produktuak gehiago ordaintzeko, jakinez gero nork ekoizten dituen eta diru hori nora doan.

Esate baterako, arkume bat kalean erosiz gero, askotan ez da jakiten nondik datorren eta eguberrietan, hemezortzi edo hogei euro ordaintzen dituzte kiloko. Jendeak jakingo balu hogei euro horietatik baserritarrari zenbat etortzen zaizkion eta bitartekariek zenbat jaten duten, aldatuko litzateke martxa hau. Gure lehengaiak erosten dira eta erosle horrek ordaintzen ditu, baina diru hori ez da geratzen lehen sektorean. Tartean daudenak gure kontura aberasten dira eta guretzako ez da errentagarria. Gaztarekin ere berdina gertatzen da, eta administrazioak hori ez gertatzeko neurriak ezarri beharko lituzke. Arkume bat hogei euro ordaindutakoan, hortik hamarrek edo hamabostek ekoizlearentzat izan beharko lukete eta gainerakoak bitartekarientzat. Hori horrela balitz, honek beste era batera funtzionatuko luke. Europa mailan, esaterako, hasi dira modu horretara lanean esnearekin.

Garai batetik, asko aldatu al da artzaintza edo tradizioari eusten diozue?

Noski baietz, baina zer ez da aldatu? Bizirauteko aldatu beharra daukazu, era batera edo bestera. Hala ere, artzaintzan lehengoari segitzen zaio: %90ean estentsiboan ari gara lanean, hau da, ardiak larreratu egiten dira, garai batean bezala, egunero. Hala ere, gazta egiteko teknikak eta ardien ukuiluak asko aldatu dira, eta lanak asko erraztu dira, bestela, hau aspaldi bukatu zen.

Zailtasunik baduzue artzaintzan aritzeko?

Zailtasuna da gure produktuek ezin dutela lehiatu kanpotik bi peztatan intentsiboki hazita datozenen arkumeekin eta gaztekin.


Ordizian iritsi zitzaizun egindako lan horren guztiaren saria. Nolakoa izan zen hirugarren saria eskuratu zenuela jabetu zinen momentua?

Nik ez nekien hirugarren saria eman zidatenik ere. Banekien finalisten artean nengoela, baina horregatik ez nuen pentsatzen horra hurreratu ere egingo nintzenik. Nire martxan, aspaldi ikusi gabeko artzain kuadrilla batekin tragoak hartzen ari nintzen. Momentu horretan, tabernako burrunbarekin, ez nuen ezer entzuten. Kanpora atera ginenerako, hamaika dei galdu neuzkan, eta pentsatu nuen han bazela zerbait. Batek aipatu zidan nire izena esaten ari zirela eta azkar joan nintzen. Surrealista samarra izan zen, ez nekielako ezta non nengoen ere. Hautsita geratu nintzen, baina polita izan zen. Hori onartzea ez zen errazegia izan, baina polita izan zen, muturreko bat baino hobea.

Beraz, ez zenuen espero.

Nola bada! Aurten nahiko ondo ibili naiz, bost sariketetan podiuma eginda. Banekien gazta polit bat bidali nuela, baina dagoen mailarekin, gaur ni izan naiteke eta bihar beste bat. Nire buruarekin nahiko ezkorra izaten naiz kontu horietan, eta sarien zain egonez gero, urduritasunak jaten nau. Hobe da pixka bat ahaztea eta etortzen bada ondo eta bestela ere bai.

Nolako gazta zen Ordiziara eraman zenuena?

Asko gustatzen zitzaidan gazta bat zen, ketua eta nahiko orekatua. Maiatzean egindako gazta bat zen eta baneukan beste bat ere garai berean egindakoa eta bien artean zalantzak nituen. Aurrena, beste bat neukan apartatuta. Astelehenean genuen gazta eramateko azken eguna eta goizean bertan aritu nintzen berriz ere probatzen eta beste bat eramatea erabaki nuen.

Ordizian hirugarren saria eskuratzeak ba al du eraginik?

Bai, sariketa guztiek dute eragina, batez ere, komunikabideek lantzen baldin badute. Ordiziakoak badu beste balio erantsi bat eta gehiago zabaltzen da, eskualde mailan ez ezik, baita Euskal Herri mailan eta Espainia mailan ere.

Horrelako sariek aurrera jarraitzeko indarra ere emango dute.

Bai, dudarik gabe. Sariak beti dira onak, baina niretzat saririk onena da etxera datorren bezero horrek gazta bat erosten duenean, hurrengoan berriz etortzea. Beste sariak noizean behingoak izaten dira; bezeroek fideltasuna, berriz, ez dizute noiznahi ematen. Niretzako saririk onena urtean egiten duzun hori saltzea da.

Bezero horiek egiten duzuen lanari balorerik ematen al diote?

Bai, %80k bai behintzat. Etxera etortzen den bezeroa oso fidela izaten da. Horiei euro erdi bat igotzen badiezu ere, horregatik ez zaizkizu etorri gabe geratuko, normalean behintzat. Hori da zuk egiten duzun lanaren esker ona.

Zuk Idiazabal gazta ekoizten duzu. Zein ezaugarri behar ditu gaztak Idiazabal izan dadin?

Oinarri-oinarrizkoa da latxa edo karrantza ardien esnea izatea. Horrez gain, alturan neurri zehatz bat eduki behar du eta pisuan, kilo bat eta hiru kilo bitartekoa izan behar du. Idiazabalen ere bereizketa handi bat egingo nuke. Hau da, gazta industrialak direnak edo artzainen gaztak direnak. Izan ere, gazta industrialak artzainaren gaztarekin ez dauka zerikusirik. Horiek gaztak produkzio handian egiten dituzte, artzainen gaztak, berriz, mimo handiz tratatutako artaldearen esnetik ateratzen dira.

Horrek, azkenean, ezaugarri berezi batzuk edukitzea eragingo du. Zure Gaztanaditxulo gaztak zein dauzkala esango zenuke?

Nire gaztak bakarrik ez, beste artzainen gaztak ere bai. Ardiak egunero larreratzen dira, eta larreak beti aldatzen dira. Larreak zureak izanagatik ere, guztiak desberdinak dira eta ardiak zer jaten duen, hura ematen du. Beraz, esnea ere desberdina da eta esnea desberdina den momentutik, generoa ere halakoa da. Nire gazta jaten baldin baduzu eta beste artzain batena ere, bi gaztak ederki bereiziko dituzu, esne guztiak desberdinak direlako. Gurean ere, gazta guztiak ez dira berdinak ateratzen, eguraldiak asko baldintzatzen duelako. Ardiak kanpoan baldin badabiltza, naturak agintzen du, ezin diozu aurka egin eta horren araberako produktu bat egiten duzu.

Gaztanaditxulo gazta non eta nola saltzen duzu?

Nik gehiena salmenta zuzenetik saltzen dut, bai etxera datozenei baita online ere. Artzai Gaztako komertzializazio taldean ere banago eta hortik ere beste pixka bat bideratzen dut eta gero, dendaren batean edo bestean ere saltzen ditut. Hala ere, ni ez naiz dendetara bidali zalea.

Etorkizuna nola ikusten duzu bai zurea pertsonalki eta bai artzaintzarena?

Nik baikorra izan nahi dut. Uste dut, honi eman beharko litzaiokeela beste buelta bat eta denok dauzkagula zeregin handiak: gizarteak, administrazioak eta lehen sektoreak. Iruditzen zait, gure jarduna errentagarri bihurtu eta beste bizi maila batean bizi gaitezkeela lehen sektorekoak, hau da, artzain eta baserritar guztiok. Nik uste dut dagoeneko hondoa jo dugula eta jendeak gero eta kontzientziazio handiagoa duela, produktu naturalak eta hemen ekoitzitakoak kontsumitzeko. Hala ere, argi dut zeregin handia dugula egoera horretara iristeko, orain daramagun martxan honek ezin duelako luze segi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!