Igandean azoka bana, Leaburun eta Belauntzan

Irati Saizar Artola 2019ko urr. 25a, 11:57

Leaburun goizean egingo dituzte ekitaldiak eta egun osoko egitaraua antolatu dute iganderako Belauntzan.

Goizean zehar, bertako nahiz kanpoko produktuak erosteko aukera izango da Leaburun. Hamaikagarren urtez jarraian antolatu dute Azoka Eguna iganderako. 10:00etan emango diote hasiera eta 14:00ak bitarte giroaz gozatzeko aukera izango du bertaratzen denak.

Mota guztietako produktuak izango dira eskuragai igandean. Herritarrek ere jarriko dute euren aletxoa: herriko baserritarrek postuak jarriko dituzte.

Goizean zehar, bestalde, ez da aspertzeko astirik izango, izan ere, zuzeneko erakustaldiak izango dira tartean-tartean. Besteak beste, koadro bat margotuko dute momentuan bertan. Bestetik, gatza nola egiten den erakutsiko diote bertaratzen den orori. Kulturari ere tartea eskainiko diote, eta Arrain mutanteak ipuinaren aurkezpena egiteko aprobetxatuko dute. Azkenik, antolatzaileek jakinarazi dutenez, sukalde txiki bat jarriko dute, eta bertako produktuekin zuzeneko sukaldaritza egiteko tartea hartuko dute.

Belauntzan egun osoko festa

Aurten ere prestatu dute Azoka Eguna Belauntzan. Urriaren azken asteburua, igandea, baliatuko dute horretarako. Goizean zehar izango da azoka, eta arratsalderako hainbat egitasmo prestatu dituzte.

10:30ean emango zaio hasiera azokari eta postuak frontoian jarriko dituzte; mota guztietako produktuak eskainiko dituzte. Bestalde, goizean zehar, Belauntzako baserrietako abereen erakusketa jarriko dute plazan.

Postuak eguerdian kenduko dituzte, baina festak jarraitu egingo du. 17:30ean, Minimaliaren eskutik, mahaiko jokoak izango dira adin tarte guztientzat. Horren ostean, 18:30ean, The Funes Troup konpainiak zirku ikuskizuna eskainiko du.

Eguna borobiltzeko,ikuskizunaren ondoren, mahaiaren bueltan eseriko dira: saiheski jana izango dute.

Belauntzako Udalak herritarrak eta inguruko guztiak gonbidatu nahi ditu egun horretan parte hartzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!