Zabaldu dituzte bi errailak N-1 errepidean

Ataria 2019ko urr. 22a, 20:31

20:30ean zabaldu dituzte bi errailak Trafiko Zuzendaritzak jakinarazi duenez. N-1 errepidetik Irurako sarbidea oraindik itxita dago, Donostiarako noranzkoan.

Iruran 12:30ak inguruan kamioi batek matxura izan du, eta ondoren su hartu du. Lasto fardoak zeramatzan. N-1 errepidea itxi egin dute ertzainek. Suhiltzaileek sua itzaltzea lortu dute, baina ondoren errepidea garbitzen aritu dira. 16:15ak inguruan ezkerreko erraila zabaldu dute. Eskuinekoa, 20:30ean zabaldu dute. N-1 errepideko 438 kilometroan izan da istripua. 20:00etan, Trafiko Zuzendaritzatik esan dutenez, auto pilaketak gutxituz zihoazten, nahiz eta oraindik 424 kilometrora arte luzatzen ziren.

Istripuaren ondorioz, auto ilara luzeak sortzen hasi dira eta Tolosako Santa Luziatik hasi dira bideratzen zirkulazioa. Ilarek ordea luzatzen jarraitu dute, 22 kilometrotatik pasaz. Tolosa barnean ere kaosa nagusitu da. Sarbideetan eta irteeretan auto ilarak eta trafiko astuna zegoen. Bien bitartean, N-1 errepidean harrapatuta gelditu diren gidariak, Tolosa eta Irura artean, orduak eraman dituzte geldirik. 14:00ak inguruan ertzainek autoei buelta emateko esan diete, N-1 bertan. Ondoren nahasmena sortu da eta berriro Donostiako noranzkoan jartzeko esan diete. Azkenik, ertzainek zuzenduta eman dute buelta, Santa Luzia aldera. Kamioi eta autobus gidariei errepidea 15:45ak aldera zabalduko zutela esan diete.

16:15ean, ezkerreko bidea zabaldu ondoren, zirkulazioak ez du erabat hobera egin, ilarak Olaberriaraino iritsi direlarik. Bidean geldirik zeuden beste hainbat autok matxurak izan dituztela azaldu dute Trafiko Zuzendaritzatik, lehendik zeuden eragozpenak handituz.

Gidariak kexu agertu dira gaur N-1 errepidean gertatukoarekin. Informazio eza, kaosa eta antolaketarik eza salatu dute. Hiru ordu ez aurrera eta ez atzera autoan egon behar izan duenik ere izan da, lanera joan ezinik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!