Zer kolore du bertakoak? Galdera horren erantzuna jaso nahi du Tolomendi Landa Garapen Elkarteak. Eta, asmo horrekin, gazteei zuzendutako bideo laburren lehiaketa abiarazi du, TOLOSALDEKO ATARIArekin elkarlanean.
Jan Tolosaldea ekimenaren barruan kokatzen da egitasmoa. Tolomendik azaldu moduan, «elikadura ona» du oinarri Jan Tolosaldeak: «ekoizpen modu egokien bidez ekoiztua izango dena, lanean ari direnen duintasuna mantenduko duena; eta, aspektu sozial, ekonomiko, kultural eta ingurumenarena kontuan hartuko dituena». Hala, bideo laburren lehiaketaren helburu nagusia eskualdeko elikadura sistema iraunkorra elkarlanean eraikitzea dela dio Tolomendik, «etorkizuneko tokiko elikadura sistema bultzatu eta sustatuz». Gazteek, gaiarekin jolas eginez eta irudimen eta sorkuntza landuz, elikadura eta bertako produktuen inguruan duten begirada ezagutu nahi da, gazteak Jan Tolosaldearen helburuetara gerturatuz.
HIRU MINUTUKO BIDEOAK
Tolosaldeko 12 eta 18 urte arteko gazteek hartu ahalko dute parte lehiaketan, banaka, taldeka edo ikastetxeka, gehienez 8 lagunez osatutako taldeetan. Bideoak azaroaren 10era bitarte bidali ahal izango dira jantolosaldea@gmail.com helbidera. Gehienez 3 minutuko iraupena izango dute, elikadura, lehen sektorea eta bertako produktuen kontsumoa gaiak landu beharko dituzte eta euskaraz izan beharko dute. Grabaketarako kamerak, mugikorrak edota tabletak erabili ahalko dira.
Parte hartzeko tolomendi.eus eta ataria.eus webguneetan dauden izen-emate dokumentua bete beharko da. Eta jasotzen diren bideo guztiak Tolomendiren eta ATARIA-ren webguneetan egongo dira ikusgai. Sari banaketa ekitaldia abenduaren erdialdean egingo da, eta bost lagunek osatutako epaimahaiak izango du saridunak izendatzeko ardura.
Sari politak eskuratzeko aukera izango da lehiaketaren bitartez. Batetik, DBH 1 eta 2 mailakoen artean irabazten dutenek Zumardiako urteko bazkidetza eta ikastaro batean matrikula eskuratuko dute. DBH 3 eta 4 mailakoen artean irabazten dutenen artean, berriz, Zumardiako urteko bazkidetza eta bi ikastarotan matrikula banatuko da. Eta, Batxilergoko 1 eta 2 mailakoen artean irabazten dutenek Bizi Bizikik eskainitako abenturaz betetako asteburu pasa jasoko dute. Hiru sari nagusiez gain, publikoaren saria ere banatuko da; saria bertako produktuekin osatutako otarra eta ekoizlearen ustiategira bisita izango da.
Informazio guztia tolomendi.eus eta ataria.eus webguneetan dago.