II. Berdintasun Planak emakumeen ahotsa behar du

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko urr. 16a, 11:59

Saiaz Mankomunitatea II. Berdintasun Plana egiten ari da, eta hilaren 22an, Albiztur, Bidania-Goiatz, Errezil eta Beizamako emakumeek hitzordua dute.

Saiaz mankomunitatea II. Berdintasun Plana aurrera eramateko lanean buru-belarri sartu da, eta Albiztur, Bidania-Goiatz, Beizama eta Errezilgo emakumeak elkartzea dute xede.

II. Berdintasun Plana gauzatzen, lehenik eta behin, ordezkari politikoekin eta teknikoekin hasi dira, aurkezpen bat eginez. «Nora goazen eta non gauden azaldu zaie», dio Elena Rikondo gizarte langileak, eta «beraien hitza ere oso garrantzitsua dela konturatzeko» baliatu dute. «Lan asko egin nahi dugu eta egin dezakegu, baina ez badugu ordezkari politikoen babesik, ez daukagu zer eginik». Mankomunitateko lehendakari den Agurtzane Zelaiak dio, «egoeragatik behartuta gaude hor egotera». Eta «honelako gai konplexu batean formakuntza oso garrantzitsua da, eta baita ordezkari politikoena ere, eta formazioan jarri dugu begirada», gaineratu du gizarte langileak.

Zirriborroa egina dute, eta lantzen ari dira. Elkargune edo foro bat sortu nahi dute, baina «baldintzak betetzen diren edo jendeak nahi duen ikusiko dugu talde dinamiken bidez», azaldu du Rikondok, eta Zelaiak gaineratu, «nik uste dut baietz, beharra badago behintzat, nahiz eta ezin den jakin nola aterako den».

Guzti honi forma ematen hasteko, urriaren 22an, asteartean, dute lehen hitzordua jarria lau herrietako eragileei eta emakumeei begira. Bidania-Goiatzeko balio anitzeko gelan elkartuko dira, 19:30etik 21:00etara. Aurpegiak ikusi nahi dituzte, eta elkar ezagutzea dute helburu: «Oso garrantzitsua izango da gure arteko loturak egitea, gero lana elkarrekin egin ahal izateko», esan du Zelaiak.

2008TIK LANEAN

Atzera urte asko egin, eta elkartzeko beharrak bultzatuta hasi ziren emakume asko etxetik ateratzen, eta eskulan edota elkartze horietan entzundakoetatik tiraka egin du bidea Saiaz mankomunitateak. 25 urte beteak ditu, eta berdintasunera begira, 2008an, diagnostiko bat eginez hasi ziren «beharra» ikusten zutelako: «Oso garbi ikusi zen familietan gizonen erantzunkidetasuna oso-oso baxua zela, eta emakumeen parte hartzea ere oso eskasa zela. Zaintza ardurak guztiz emakumeek eramaten zituzten, bai adineko eta baita umeetan ere. Era berean, etxetik kanpo lana egiten zuten emakume gutxi ziren, eta oso ezkutatuta zegoen emakumeen kontrako indarkeria», aletu du egoera Elena Rikondo gizarte langileak. Eta parte hartze soziopolitikoan, «garai haietan, apenas zegoen emakumerik; langileak emakumeak ginen, baina politikariak guztiz gizonezkoak ziren».

Bide luzea izan duen prozesutzat definitu du Agurtzane Zelaia lehendakariak, eta era berean «behar handia» zegoen gune bat zela. «Diagnostikoak lehenengo plana ekarri zuen», azpimarratu dute. 2011tik 2018ra arte luzatu zen I. Berdintasun Plana.

Bigarren planari heldu aurretik, ebaluazioa egin dute. «Kuantitatiboaz gain kualitatiboki ere landu eta jaso da, eta konturatu gara adar asko mugitu ditugula». Egindakoa jaso eta etorkizunean nora doazen ikusteko balio izan die. «Jasotze handi bat egin zen eta oso garrantzitsua. Orain hor dugu lana, hori guztia, hau da, jasotako adar guztiak elkartzen», argitu du Zelaiak.

«II. Berdintasun Planaren adar nagusi bat, foroa edota elkargunea sortzea da lau herrietako eragile ezberdinekin; berdintasuna lantzen ari diren eragileekin», gaineratu du Rikondok. Horrekin sare bat sortu eta indarrak metatu nahi dituzte. «Garrantzitsua da talde txikiak egotea eta bere esparrua izatea, baina askotan zure taldera mugatzen zara, eta bakarrik sentitzen zara, indarrik gabe. Elkartzea behar dugu, indarrak berritzeko», gaineratu du Zelaiak.

Gai asko eta asko mahai gainean jarri dituzte, eta urteetan egindako lanak emaitzak eman ditu, eta aldaketa nabariak eman dira herrietan: «Martxoaren 8ko ekimenetako parte hartzean edota indarkeria matxistaren aurkakoetan izandako erantzunetan ikusten da», diote.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!