"Berdintasun foro hori sortzeko, edo behintzat hitz egiten hasteko izango da"

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko urr. 16a, 09:35

Miren Aranguren Emagin elkarteko kidea da, eta Saiaz Mankomunitatearekin lanean ari da II. Berdintasun Plana egiten.

Hasteko, I. Berdintasun Planaren ebaluazioa egin duzue. Zer jaso duzue?

Iaz egin genuen ebaluazio kualitatibo bat, eta horretarako bertan parte zuten emakumeekin hitz egin dugu, talde eztabaida eta elkarrizketa sakonak edukiz. Hortik ondorio batzuk atera genituen. Txostena nahiko potoloa bada ere, indargune batzuk topatu genituen. 2011n, berdintasun plana hastean babes instituzionala izan zuen, eta horren bueltan babes handia sortu zen, mankomunitatea osatzen duten lau udalerrietan. Berdinbidean programak ere iruditu zaigu alde jokatu zuela. Hau, aldundiak herri txikietarako martxan jartzen duen lan plangintza da, eta horrek Saiaz mankomunitatean egin nahi zen ibilbidea babestu zuen. Herri ezberdin, baina mankomunitate bat eraikita izateak ere uste dugu lagundu zuela berdintasun planaren zenbait egitasmo aurrera eramaten.

Urte guzti horietan aldaketarik eman da?

Nahiko orokorra eta oso ohikoa da Euskal Herrian genero rolak oso markatuak egotea, eta baita eremu publikoa eta pribatuaren artean sekulako aldea egotea ere; hori topatu genuen. Baina egia da berdintasun plana martxan jarri zenetik emakumeen ahalduntzea eta balio batzuen aldaketa sustatu dela.

Zertan esan daiteke?

Ez ziren emakumeak jai batzordean ikusten edo herrietako ordezkaritza politikoan, eta urteetan garatu den ahalduntze ildoari esker, gaur egun, nagusi dira udalerri askotako eremu publikoari lotutako egitasmoetan. Egia da, ez dela berdina gertatu eremu pribatuari dagokionean. Etxeko eta zaintza lanei dagokionean, emakumeek, oraindik orain, presentzia handia dute. Ez gizonen, ez eta emakumeen aldetik ere, ez da aldatu. Ondorio orokor moduan esan daiteke. Erantzunkidetasuna oraindik erronka handia da Saiazen. Bestetik, emakumeen aurkako indarkeria guretzat ezustekoa izan zen, oraindik ere, nola kokatzen zen kanpo eragin moduan. Tabu izaera badu, eta bertan gertatzen ez den moduan kokatzen da. Indarkeriak adierazpen asko dituela ulertu behar dugu, eta eremu askotan ematen dela.

Gaur egun, zertan ari zarete?

Berdintasun plana babes sare batean eta jende askoren borondatean sostengatu zen, eta hori guztia egituratzeko premia badago. Uste dugu bultzada handia emango liokeela foro feminista bat, emakumeen mahai bat edo kontseilu baten sorrerak, bai zeharlerrotasunari eta baita herrietan eragiteko gaitasunari ere. Mankomunitate guztiko emakumeak bilduko lituzkeen gune bat, alegia, eta hori da orain abiatuko dugun prozesuaren helburuetako bat.

Zein da zuen egitekoa?

Guk prozesua lagunduko dugu. Gure funtzioa da bertakoen iritziak jaso, horiek sistematizatu, eta haien beharrei eta desioei izaera tekniko eta politiko bat ematea. Horretarako fase ezberdinak planteatu ditugu. Hasteko, herrietako ordezkari politiko eta teknikoekin lan bat egingo dugu beraien premiak jasotzeko, eta beste fase batean, berdintasun foro horren sorrera eta parte hartze prozesua abiatuko ditugu. Gure helburua erantzunkidetasuna, emakumeen ahalduntzea eta balio berriak, eta baita indarkeria eta baita gobernantzari lotutako gaiak ere lantzea da, talde bat sortzeko helburuarekin. Eta bukatzeko hirugarren fasean jasotako guztia txosten batean jasoko dugu berdintasun estrategiaren bideorri bilakatzeko. Oso borondate ona dago udalerrietan eta horrek asko erraztuko du gure lana.

Hilaren 22an emakumeei begirako hitzordua jarri duzue.

Berdintasun foro hori sortzeko, edo behintzat hitz egiten hasteko izango da; Saiaz mankomunitatean berdintasunarekin lotuta emakumeek ikusten dituzten beharrak jasotzeko. Hiru saio egingo ditugu hasiera batean, eta 22an izango da lehenengoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!