Mikel Artola ere bai

Lasarte-Orian jokatutako final-zortzirenetako azken saioa irabazi du alegiarrak eta saio horretatik sailkatu den bertsolari bakarra izan da.

Mikel Artola 429 punturekin saioko lehena izan da eta beraz, final-laurdenetako txartela lortu du. Bigarren, Iñaki Zelaia (Hernani) geratu da, 412,5 punturekin eta ez dira aski izan. Behin betiko sailkapenean 24. geratu denak, hau da, final-laurdenetara sailkatu den azkenak, 416,5 puntu baititu. Beraz, Lasarte-Oriako saiotik irabazlea bakarrik sailkatu da. Beraz, hernaniarrarentzat bezalaxe, txapelketa amaitu da Oier Aizpurua (Zarautz), Unai Izagirre (Azkoitia), Aitor Salegi (Zestoa) eta Eneko Araiztegirentzat (Segura) ere.

Datu horrek ematen du saioaren nondik norakoaren pista bat. Behea jo gabe, baina lehertzea falta izan zaio. Zortziko nagusian txukun eta oso maila antzekoan hasi dira sei bertsolariak. Antzekoa esan daiteke, orokorrean, zortziko txikiaz eta puntu erantzunez ere. Azken bi ariketa horietan, batean besteek baino gehixeago asmatu duenak, bestean gutxixeago egin du. Horrela, hamarreko txikira gauzak oso berdinduta iritsi dira.

HAMARREKO TXIKIA ETA KARTZELA

Azken aurreko ariketaren aurretik, Artola laugarrena zen. Oier Aizpurua zen lehena, baina bien artean bost puntu baino gutxiagoko aldea zegoen. Bost bertsolari sei punturen barruan. Saioa ezin berdinduagoa beraz.

Azken bi ariketetan eman du alegiarrak bere mailarik onena. Hamarreko txikian Salegirekin batera, euskal musika talde bateko musikariak biak. Salegik orain arteko euskal politikari buruzko letrekin nazkatu dela esan dio Artolari. Diferentziak markatu ditu Artolak ariketa horretan eta beste kantukideei aldetxoa atera die. Adibide moduan, bigarren bertsoa honela amaitu du: inoiz atera behar/ izan bazen gaia,/ jendea ahaztu da ta/ orain da garaia.

Kartzelako ariketan ere, onena izan da. Zure ohiko tabernara joan zara. Atea zabaldu, barrura begiratu, eta, bat-batean, alde egin duzugaia entzun eta adarrak jarri zizkion bikotekide ohiaren bi begiak eta gorroto aurpegia ikusi ditu taberna barruan. Ariketa honela amaitu du: horrenbeste maite banau/ ba segitu beza hala,/ hurrengoan sartuko naiz/ ta nahi duna egin dezala.

Ez da lehen aldia, kanporaketako azken saioko bertsolari gutxi sailkatzea hurrengo fasera. Tentsio handiagoa egoten da, bertan erabakitzen da guztia, jakina da zenbat punturekin dagoen bertsolaria barruan eta zenbatekin kanpoan... eta Lasarte-Oriako kasua ez da salbuespena izan.

HAMARRETIK BOST

Modu horretan beraz, Haritz Mujika, Unai Mendizabal eta Beñat Iguaran bezala, final-laurdenetara sailkatzea lortu du Artolak ere.

Iñigo Gorostarzu azkenean, puntu erdiagatik geratu da sailkatu gabe.

Gipuzkoa Bertsotan, udaberriko sailkapen fasean, zazpitik hiruk lortu zuten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketara sailkatzea. Artolak eta Iguaranek final-zortzirenetan hasi dute txapelketa, eta bostetik lauk lortu dute final-laurdenetara sailkatzea. Oihana Iguaran orain sartuko da txapelketan. Beraz, udaberritik kontatuz gero, Tolosaldeko hamar bertsolarietatik bost lehian daude oraindik.

BOSTETATIK LAUTAN

Final-laurdenetan bost saio izango dira: Andoain, Irun, Eibar, Azpeitia eta Azkoitia. Bost saioetatik lautan ariko dira Tolosaldeko bertsolariak. Urrian 19an, Andoainen, Beñat Iguaran eta Unai Mendizabal ariko dira. Hurrengo egunean, 20an, Irunen, Haritz Mujikaren txanda izango da. Eibarko saioan ez da Tolosaldeko ordezkaririk izango kantuan. 27an, Oihana Iguaranek kantatuko du Azpeitian. Eta, azkenik, azaroaren 2an kantatuko du Mikel Artolak, Azkoitian.

30 bertsolarietatik hemezortzik lortuko dute final-erdietarako txartela. Duela lau urte, Iguaran lehengusuek eta Artolak lortu zuten sailkatzea, eta Mendizabal puntuetara berdinduta geratu zen kanpoan.

ZUZENEAN SAILKATUAK

Haritz Mujika Lasa

Beñat Iguaran Amondarain

Beñat Lizaso Alberdi

Gorka Maiz Alustiza

Unai Mendizabal Jauregi

Ane Labaka Mayoz

Mikel Artola Izagirre

Erlazionatuak

Filosofo bat bertso saioan

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Azurmendi 2019 urr 08 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!