Herria da gorputza, eta hizkuntza, bihotza. Bihotzak, baina, oxigenoa behar du. Herri honen berezko hizkuntza, modu naturalean, arnasguneetan ari da taupaka, sendo eta osasuntsu. Horregatik, arnasguneen garrantzia lau haizetara zabaltzeko eta herritarrek horren kontzientzia hartzeko beharra ikusi dute. Joshua Fishman soziolinguistak Reversing Language Shift (1991) liburuan hizkuntza baten biziraupenerako eta biziberritzerako breathing space edota arnasgune bat zein garrantzitsua den nabarmendu zuenetik, hizkuntzen biziberritze-prozesuetan iparrorratz bihurtu da arnasguneak zaintzea. Euskal Herrian ere lan handia egin da ildo horretan. Ikerketa eta programa soziolinguistiko ugari egin dira azken 20 urteetan herri hauen egoera soziala ezagutzeko eta zaintzeko asmoz. Uema eta neurri batean Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua ere, besteak beste, eragile garrantzitsuak izan dira arnasguneen ezagutzan sakontzeko orduan, eta egindako lanek arnasguneen egoeren bilakaeraren berri eman dute. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak 86 udal biltzen ditu gaur egun, guztien artean 253.000 biztanle inguruko azalera euskalduna osatuz. Kontuan hartu behar dira, halaber, Uemako kide ez diren gainerako arnasguneak, guztien artean osatzen baitute Euskal Herriko arnasguneen mapa. Tolosaldea osatzen duten 28 herrietatik, erdiak baino gehiago, 15, dira Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide.
Hedabideetan, euskalgintzan eta hizkuntza-politikako arduradunengan mezua errotu baldin bada ere, arnasguneen kontzeptua eta arnasguneen garrantzia arrotz samarra da herritar gehienentzat oraindik. «Hizkuntza biziberritzerako funtsezkoak dira arnasguneak, bertan modu naturalean bizi delako, transmisioa ziurtatuta dagoelako eta hizkuntzaren hedapenean laguntzen dutelako». Horregatik, lehen aldiz arnasguneen garrantzia azpimarratuko duen Arnasa Gara izeneko kanpaina abian jarri dute 3ko Itunkide diren Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak; Uemak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.
«Arnasgune diren herrien balioa nabarmendu nahi dugu, eta euskararen ongizatean duten garrantzia azpimarratu nahi diegu herritarrei. Ekimen honen bitartez, arnasguneetako herritarrak ahalduntzea nahi da», diote Uematik. Arnasguneak eta udalerri euskaldunak zein diren ebazteko ez dago marra zurrun bat; oro har, euskararen ezagutza zein erabilera %80 ingurukoa dutenak sartzen dira multzo horretan.
Lehen hizkuntza eta transmisioa aintzat hartuta, ezaugarri ezberdinak dituzte arnasguneek. «Bizilagunen lehen hizkuntza euskara izan ohi da, eta erabat naturala da euskaraz bizitzea eremu guztietan. Oso faktore garrantzitsua da hori, hizkuntzak iraungo badu. Horrez gain, euskalkidunak direla nabarmendu behar da». Arnasguneetan, bestalde, belaunaldiz belaunaldi transmititu da hizkuntza, gurasoetatik seme-alabetara, modu naturalean. «Bizi-bizirik dago euskara arnasguneetan. Bertako ohiko hizkuntza da, eta egunero berritzen ari da. Arnasguneetan, garai eta ohitura berrietara egokitzen da euskara, bertako bizilagunek egoera guztietarako erabiltzen dutelako. Azken batean, arau soziala bihurtu da gune horietan euskaraz egitea. Goitik behera nahiz modu horizontalean gertatzen den transmisioa da, herriko arlo guztietara zein herritar bakoitzaren esparru pribatura iristen dena».
Prozesu parte hartzailetik, ondorio nagusietara
2018an abiatu zen kanpaina, Nafarroako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Uemaren ekimenez. Hastapenean, ikerketa kualitatibo labur bat egin zen, herriz herri parte hartze prozesuak eginez. Goizuetan, Lekeition, Zumaian, Azpeitian, Elizondon, Mallabian, Diman eta Anoetan izan ziren Iametza komunikazio enpresa eta Uema. Herritarrengandik bildutako esperientzietatik hainbat ondorio eta hausnarketa atera zituzten, kanpaina diseinatzeko eta helburu nagusiak betetzeko baliagarriak. Uemak arnasguneen gainean eraikitako ezagutza eta praktikak ere baliatu ziren prozesu horretan.
Herri bakoitzak bere ezaugarriak eta berezitasunak dituela kontuan izanik, errealitate ezberdinak biltzeko asmoz antolatu ziren saioak herritarrekin. Ezaugarri sozioekonomikoen arabera tipologia desberdinetan sailkatu ziren herri horiek: nekazaritza guneak, industria guneak eta turismo guneak. «Sailkapenaren bidez tipologia bakoitzean herritarrek euren bizimoduarekiko zuten pertzepzioa jaso nahi izan zen, eta sakonean, bizimodua eta hizkuntza bizipenak eta erabilera eguneroko martxan nola uztartzen zituzten».
Arnasguneen errealitate osoa konplexuagoa eta hari-mutur gehiagokoa den arren, lagin gisa erabili dira zortzi herri horietako esperientziak, kanpaina zabala diseinatzeko. Ikerketa kualitatiboak dira, hau da, une jakin bateko ondorioak, herritar jakin batzuek eginiko adierazpenak nahiz bizi izandako bizipenak. Arnasguneetako herritarrekin egindako saioetan jasotako ekarpenetatik, zenbait ondorio nabarmendu nahi izan dituzte.
Lehen ondorio nagusia, eremu desberdinetako erabilerari eta herritarrek horrekiko duten pertzepzioari dagokio. «Arnasguneetan, herritarrak naturaltasun osoz euskaraz bizitzeko aukera dute, izan aukera naturala edo izan erronka». Herritar askok, ordea, ez du balioan jartzen bere herriko hizkuntza-errealitatea. «Inguruko herrien errealitatea hobea dela uste dute, euren herriek euskararen erabilera maila altua duten arren».
Euskal Herriko eremu gehienekin alderatuta, egoera hobea dela aitortzen badute ere, euskararen erabileran gainbehera sumatzen dute bere herrietan. «Parte-harEuskal Herriko eremu gehienekin alderatuta, egoera hobea dela aitortzen badute ere, euskararen erabileran gainbehera sumatzen dute bere herrietan. «Parte-hartzaile gehienek, lagun-eremuan euskaraz egiten dute. Erdaldunen bat badago, ordea, gaztelaniara salto egiten dutela aipatzen dute. Gazteenak dira jarrera hori mantentzen dutenak». Lan-eremuari dagokionez, gehienek kezka adierazi dute, «euren lantokietan gaztelaniak duen presentzia altuagatik». Merkataritzan nahiz ostalaritzan, berriz, hizkuntza nagusia euskara da. Hala ere, bitxikeria modura, «tabernetan telebista gaztelaniaz ikusten eta entzuten dela» nabarmentzen dute.
Hizkuntza ohiturez ari garen bakoitzean, ohikoa da erabiltzaileak adinez ere banatzea. Kezka nabarmena agertu da haur eta gaztetxoen euskararen erabileraren inguruan. Guztien ustez, «haurrek geroz eta gehiago egiten dute gaztelaniaz. Herritik ateratzean, baina, gazteenak dira euskarari eusten diotenak, edo behintzat ariketa kontziente bat egiten dutenak». Beste batzuek, lehen hitza ere ez dute euskaraz egiten, ulertuko ez dieten beldur edo ez dakitenaren aurreiritziz.
Hori, ordea, ez da aurreiritzi bakarra; «euskalduna» izan ahal direnen inguruan ere eraikitzen dira. Etorkin itxura dutenekin, askok gaztelaniara jotzen dute, nahiz eta arazoa ez izan etorkinek ez ikastea. Euskaraz egiten dutenek, berriz, ariketa kontziente moduan hartu dute ohitura hori».
Euskararekiko edo norberaren euskalkiarekiko konplexuak ere badirela adierazi dute herri batzuetako parte hartzaileek. «Emakume helduen kasuan, besteak beste, gainerakoek ez dutelako ulertzen, euren euskalkia «zakarra edo itsusia» dela entzuten dutelako, aldaera estandarra hobea dela uste delako edo eurenak balio txikiagoa duela uste dutelako». Azkenik, bere ingurua euskalduntzeko izan duten gaitasunak «oso harro» sentiarazten ditu partaide asko, batez ere, herritik kanpoko harremanetan. Askok, ordea, bere harrotasuna euskalkiarekin lotzen dute. «Balioan jarri behar da bertako euskara naturaltasuna, gainerako lekuekin alderatuta».
Arnasguneen garrantzia euskara eraberritzeko
Bada beste ondorio bat, hiztun askoren ohiturak aldatu, eta ondorioz, hizketaldi asko eraberritu ditzakeena. Izan ere, herri batzuetan aipatu dute geroz eta ohitura handiagoa dagoela hizkuntza batetik bestera «saltoka» hitz egiteko eta hizketaldi elebidunak ohikoak izaten direla. Askorentzat ez da aldaketa erraza, hizkuntza batean soilik aritzetik bi hizkuntzetako elkarrizketak izatera igarotzea. Hala ere, herritarrei dagokie hori aldatzea.
Arnasguneetako herritarrak eredu dira euskararen normalizazioan. «Herrian euskaraz bizitzea posible dela erakutsi dute, baita bizitzako esparru guztietan euskaraz egitea ere. Denek egiten dutelako euskaraz egiten dute denek euskaraz. Egun, gainera, erakunde asko eredu dira, eta erakutsi dute euskara politikarako eta administraziorako hizkuntza ere badela».
Arestian aipatu bezala, arnasguneetan euskara arau soziala denez, herritarrak herriko sektore guztietan aritzen dira euskaraz, ahozko komunikazioan bereziki. «Hizkera informalak eta naturalak hitz eta molde berriak ekartzen dizkio euskarari, hizkuntza batek ezinbestekoa duen berrikuntza ekarriz, egunero biziberrituz. Bizitza euskaraz egin daitekeela gogorarazten dute. Bertako herritarrak gainerako euskaldunekin hizketan daudenean euskaraz aritzeko joera gailentzen da, ohiturak hedatuz. Hala ere, gazteek, arnasguneetan euskararen erabilera jaisten ari dela uste dute. Erantzukizuna haurrei jartzen zaien arren, normalean, helduen ohiturak jarraitu baino ez dituzte egiten».