Arnasa bizitzeko ekintza da, ezinbestekoa, bihotzarekin eta naturarekin lotzen gaituena. Mugimendua eta lasaitasuna. Sinplea bezain indartsua. Dinamikoa. Uneoro arnasten dugu, eta arnasten dugun aireak badu izaera fresko bat, lasaitasuna ematen duena. «Ideia horrekin, arnasgune diren herri euskaldunetako herritarrak Euskal Herriaren arnasgune direla nabarmendu nahi da; azken finean hori baita euskara bizirik mantentzearen berme nagusietako bat».
Norberak bere buruari balio bat ematean oinarritzen da Arnasa gara. «Arnasguneetako herritarren ahalduntzea sustatzen du, eta mezua kolektiboan osatzeak identitate sentimendu bat indartzen du. Jabetze ariketa bat egitea da helburua, herritarrei direnaz eta izango direnaz jabetu daitezen tresnak ematea».
Aireak eragindako mugimendu leunaren ispilu, tximeleta aukeratu dute kanpainaren logorako ikur. «Inor molestatu gabe ibiltzen da, arnasa bezala. Tximeleta eraldaketa da. Beldar izatetik, kolore bizi eta ederrenak edukitzera hel daitekeen animalia, etorkizunean izan gaitezkeenaren metafora. Txikia eta hauskorra da, zaindu beharrekoa, arnasguneak bezala».
«Munduaren Arnasgunea irudikatzeko erabili izan da maiz Amazonas oihana. Zuhaitzaren formak badu antzik birikaren formarekin. Eta honek, aldi berean, tximeletaren hegoekin. Eta, honek, bihotzarekin». Funtsezko lau irudi horiekin sortu da iruditeria. «Era berean, arnasguneak etorkizuneko errealitate gisa irudikatu nahi ditugu. Alde batean tximeleta dago, eta beste aldean, bektoreak, hedatzeko duen gaitasunaren erakusgarri. Tximeleta etengabe zabaltzen doa, arnasguneak bezala».
Fikzioan, askatasun eza irudikatu nahian
Askatasunarekin lotu izan da arnasa. Kartzelak, berriz, askatasun ezarekin. Oraingo honetan, kanpainak elementu berritzaile bat sortu nahi izan du, sekula ez baita egin arnasguneei buruzko fikziozko lanik. Hori dela eta, Kartzela serie digitala argitaratuko dute. Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzi du zazpi kapituluko proiektua eta urte amaieratik aurrera izango da ikusteko aukera www.kartzela.eus webgunean.
BECen harrapatuta dauden sei lagun dira istorioaren protagonistak, guztiak, arnasguneetako herritarrak. Eraikineko zenbait tokitan harrapatuta gelditu ondoren, pixkanaka elkarrekin egingo dute topo, eta bertatik nola atera pentsatzen hasiko dira. Horretan ari direla sortuko dira lehen galderak: zenbat egunez iraun beharko dute BECen? Nola moldatuko dira elkar ulertzeko? Beraiek hor egoteko ezkutuko arrazoiren bat al dago?
Arnasguneetan egindako parte hartze prozesuan ateratako ondorioetan oinarritzen da gidoia. Kanpaina orokorraren helburuak ez ezik, iruditeri kolektiboa aldatzea eta erreferenteak sortzeko egitekoa ere izango du serieak. Gainera, zenbait gai jorratuko ditu, zeharka nahiz zuzenean: adin eta jatorri desberdinetako herritarren arteko aurreiritziak, hitanoaren erabilera, euskalkien edota batuaren arteko talka edota jarrera desberdinetako gazteen arteko harremanak. Seriea euskalkian egina da, «errealitate bat ikustarazteko eta erreferenteak sortzeko ideiarekin. Euskalkiak eta euskara batua ez dira kontrajarriak; bakoitzak bere papera du, eta bere eremua aitortu behar zaio».
Serieko pertsonaiak arnasguneetakoak dira, baina era askotakoak eta aurreiritziei aurre egiten dietenak, topikoak hautsiz. Iratxe Urkiaga aktoreak irudikatuko du Mara, Sambou Diabyk Iba, Juanen Saralegik Juan, Erika Olaizolak Iune, Amaiur Eppherrek Ekhi, eta Ainhoa Etxebarriak, berriz, Garazi.
Aurkezpenak eskualdeko lau herrietan
Pasa den astelehenean, Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean aurkeztu bazuten ere, kanpainaren informazio saioek jarraipena izango dute Euskal Herriko txoko ezberdinetan. «Kartzela serie digitala aurkezteko parada izateaz gain, kanpaina gizarteratzeko eta herritarrekin lehen hartu-emana izateko balioko duen tartea izango da». Aurkezle batek gidatuko du saioa, eta Kartzela serieko bina aktorek ere parte hartuko dute, ikus-entzunezkoan zehar lantzen diren gaien inguruko hausnarketa modu alaian eta erakargarrian eginez.
Gutxi gorabehera, ordu eta erdiko iraupena izango du saio bakoitzak. «Arnasguneen garrantzia nabarmentzeko espazioa izango dela kontuan hartuta, hainbat bide erabiliko dira mezua behar bezala zabaltzeko: bideoak, hitzaldiak, aktoreen hitz-hartzea... Gainera, seriearen lehen bi kapituluak primizian ikusteko aukera ere izango da, eta amaieran herritarrek euren ekarpenak egin ahal izango dituzte».
Guztira 23 udalerritan egingo dira saioak: Araban, Aramaion; Behe Nafarroan Baigorrin; Bizkaian, Ajangizen, Bermeon, Diman, Lekeition, Markina-Xemeinen eta Zeanurin; Gipuzkoan, Abaltzisketan, Adunan, Aian, Altzon, Azpeitian, Itziarren, Leintz-Gatzagan, Orexan, Urnietan eta Zerainen; eta Nafarroan, Etxarri-Aranatzen, Elizondon, Goizuetan, Leitzan eta Lesakan. Tolosaldean, beraz, lau herrietan aurkeztuko dute. Gaur izango da Orexan; Abaltzisketan, azaroaren 15ean; Adunan, azaroaren 22an eta Altzoko data zehazteke dago.
Euskararen arnasguneetako errealitateak ezagututa eta helburuak zehaztuta, bi fasetan banatu dute kanpaina. Lehen fasean, arnasguneen ahalduntzeari eta aitortzari ekingo diote. Herriz herri egingo diren aurkezpenez gain, www.arnasagara.eus webguneak kanpainaren nondik norakoak biltzen ditu. Baina ez da internet bitartez informazioa lortzeko tresna bakarra izango. Izan ere, Facebook, Twitter, Instagram eta Mastodon sare sozialetako profiletan ere kanpainari buruzko mezuak nahiz herrietako saioen agenda zabalduko da. Durangoko Azokan amaituko da lehen fasea, Kartzela serie digitalaren aurkezpen publikoarekin batera.
Hain justu, serie digitala Euskal Herri osoarentzat ikusgai egongo da abenduaren erdialdetik aurrera. Orduan ekingo zaio bigarren faseari, arnasguneak ezagutzera emanez eta duten garrantziaz jabetzeko ariketa eginez. Euskal Herriko gainerako euskaldunei zuzenduko zaie mezua: «Asmoa ez da erdaldunagoak diren eremuak gutxiestea, gehigarri moduan arnasguneek duten garrantzia azpimarratzea baizik».
Ondorioz, urrats berri bat eman nahi dute euskararen biziberritze prozesuan, nahiz eta, Kike Amonarriz soziolinguistak 2013an aipatu moduan, «euskara munduan hiztun gehien dituzten hizkuntzen %10ean dago». Beraz, osasuntsu dago euskara, galtzeko arriskuan dauden hizkuntzen taldean erortzeko beldurrik gabe. Orain datuei eustea edo horiek hobetzea besterik ez da geratzen.