Zortziko handian, katarroak eragindako «hotz edo ikarengatik» deseroso sumatu genuen zizurkildarra musikari ospetsuaren paperetik. Ofizio horretan, Elustondo eta Tapiarekin hasi zen aretoa berotzen. Nerea, Mikelen terapeuta izan zen denbora luzez eta Mikelek dagoeneko ondo zegoela eta, terapia utziko zuela adierazi zion Nereari «mesede earra egin didazu / ta eskerrikasko Nerea» Mikelek, eta Nereak aldiz «ondo zaudela uste arren zuk / badakit hala ez dela».
Zortziko txikian, Mendizabal bere ohiko tonura gerturatzen hasi zen, Iñigo kartel diseinatzailearen lanak behin eta berriz atzera botazen zituen zinegotziaren azaletik. Iñigok egindako kartelari barre eginez «Bi kolore bakarrik ditu beltz ta txuri / Diario Vascoko eskela dirudi».
Hortik aurrera, bere onera etortzen hasita edo, Mendizabalek puntu erantzun ederra bota zuen Zinemaldiaren aitzakian: Onurarik ba al du hiritarrentzako? / asko behintzat ez du ba ekarri netzako / baina ze jende pila hartzazu aintzako / ondo etorri da lehendik asko dunantzako.
Puntako Hamarreko txikia egin zuten Mendizabal eta Elustondok ondoren.
Binakako lanak amaituta, kartzelara abiatu ziren bertsolariak. Hortxe lortu zuen Mendizabalek saioko puntuaziorik altuena. Honela zioen gaiak: «Suhiltzailea zara, saiatu arren ez zara garaiz iritsi». Erre berri zen baserri batera ailegatutako suhiltzailearen paperetik kantatu zuen, Getarian gertatu berri den gertakariari keinu bat botaz. Edukian landutako hiru bertso kantatu zituen, oso modu deskribatzailean, Zelai Arizti aretoan geundenok ere baserria irudikatzeko moduan. Azken ariketa honekin uxatu zituen hasieran birusak eragindako duda-mudak.