Beste urte batez, udalak martxan jarri du Enplegu Plana

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko ira. 25a, 15:57

Langabezian dauden pertsonentzako 48 postu eskainiko dira aurten; Enplegune Azokan egingo da aukeraketa, azaroan.

Tolosako Udalak, Tolosaldea Garatzenekin eta Lanbiderekin elkarlanean, abian jarri du Enplegu Plana ekimena. Langabetuak kontratatzeko 48 lanpostu eskainiko dira aurten. Pertsona berriak kontratatzeko beharra edo nahia duten enpresek edota saltokiek Lehiberrin egin behar dute eskaera, eta gaur dute azken eguna.

Kontratazioek sei hileko iraupena izan beharko dute gutxienez, eta lanaldi osokoak izango dira. Diru laguntza bitartez kostu totalaren %75 ordainduko da, gehienez ere 6.000 euroko diru-laguntza emanez. Kontratazioak abenduaren 31 baino lehen egin beharko dira eta enpresak ezingo du joan den urtean kontratatutako pertsona bera hartu. Interesa duten langabetuek Lanbiden izena emanda egon beharko dute eta hautagaien kudeaketa Lehiberrik egingo du. Azken aukeraketa, berriz, Lehiberri Zentroan egingo da urriaren 10ean eta 11n egingo den Enplegune azokan.

Esperientzia gutxi edota batere esperientziarik ez duten gazte langabetuak kontratatzeko Lanbidek euskal enpresei diru laguntzak eskaintzen dizkie, lanean hasteko aukera izan dezaten. Lehen Aukera programa 30 urtez azpiko pertsonei zuzendua dago eta gazteen enplegurako gaitasuna hobetzea du helburu, lehen aukera baten bitartez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!