Gaur, duela... 2 urte

Ataria 2019ko ira. 24a, 05:57

Handia filma 2017ko irailaren 24an estreinatu zuten Donostiako Zinemaldian. Altzoko Handiari buruzko pelikulak altzotarrak eta Ataria alfonbra gorrira eraman zituen.

 

Joseba Usabiaga aktore tolosarrak honela bizitu zuen eguna: 

«‘Handia’-rekin Zinemaldian izatea aurrerapausoa da niretzat aktore bezala»

Joseba Usabiaga aktore tolosarra izan da protagonistetako bat Handia filmaren Zinemaldiko egun handian. Batetik, bera delako pelikularen bi protagonista nagusietako bat, eta bestetik, naturaltasun handiz bizitu zituelako alfonbra gorriaren gaineko uneak. Altzoko Handiaren anaia Martinen rola egiten du filmean.

Donostiako Zinemaldia, Sail Ofiziala eta aktore protagonista. Nola ari zara bizitzen hau guztia?

Aktore bezala sekulako poztasunarekin. Sail Ofizialean gaude eta argi gehienak hor daude, prentsa gehienak hori jarraitzen du, eta kritika gehienak ere Sail Ofizialekoak izaten dira, batzuk onak eta gutxi batzuk txarrak. Orain dela bi urte izan nintzen eta hau pixka bat ezagutzen dut, baina aurrerapauso bat dela ezin ukatu. Protagonista paperean eta gainera Altzoko erraldoiari buruzko pelikula denez, eta ni tolosarra izanik, horrek izan dezakeen sentimendu puntu hori gehituta, are gehiago.

Gustura zaude egindako lanarekin?

Norberaren lanarekin ez gara askotan inor konforme geratzen. Imajinatzen dut kazetariok zerbait idatzi eta hori bigarren aldiz idaztekotan beste zerbait jarriko zenuketela. Gu berdin. Nik zerbait ikusten dut eta berriro egitekotan beste modu batera egingo nituzke gauza batzuk. Baina, beno, lana eginda dago, zuzendariak oso zorrotzak izan dira nahi zutenarekin, eta horiek onespena ematen zutenean, ni konforme geratzen nintzen horrekin. Esperantza banuen beraiek ikusitakoa ondo zegoela. Beraz, ez dago aitzakiarik, eta nik uste dut hor dagoena ondo dagoela, eta kontentu nago egindako lanarekin. 

Nola bizituko dituzue Zinemaldiko egunak?

Ez pentsa agenda oso estresatua dugunik. Gaurko egunean [igandea] bai, elkarrizketak, prentsaurrekoa eta saio ofiziala dugulako eta publikoarekin batera ikusiko dugulako. Baina astean zehar nahiko egun lasaiak izaten dira, elkarrizketaren bat baina telefonoz, eta ni gainera normalean ez naiz urduri jartzen. Alde horretatik oraingoz nahiko lasai.

Zinemaldian ‘Handia’-k zer bide egingo duela uste duzu?

Zinemaldian bidea laburra da. Hainbat saio emango dira eta etorri behar dena etorriko da. Garrantzitsuena da Zinemalditik kanpo datorrena, urriaren 20tik aurrera etorriko dena. Garrantzitsuena Zinemalditik pelikula indartsu ateratzea da eta jendea zinema aretoetara joatea pelikula ikustera, eta ez Euskal Herrian bakarrik. Pelikula hau aurrekontu handikoa da, eta zergatik ez, bere aukerak izatea Espainian eta Europan ere, eta hor ere harrera ona izatea.

Aurki Londresko zinema jaialdian izango da pelikula.

Bai, bertako Sail Ofizialean izango da. Hori bai, lehiaketatik kanpo, baina Londresen Sail Ofizialean sartzea ez da batere erraza. Gero zinema aretoetara iritsiko da, baztertu gabe Europako eta munduko beste zinema jaialdi askotan izateko aukerak dituela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!