Giro beroa, baino ezegonkorra

Erabiltzailearen aurpegia Iker Ibarluzea 2019ko irailaren 20a

Gaur, hego haizeak indarra hartuko du. Tenperatura maximoek nabarmen egingo dute gora, eta eguerdiko orduetan 28-30 gradura iritsiko dira. 

Eguerditik aurrera egoera ezegonkortu egingo da. Zerua ia estalirik geratuko zaigu eta ekaitzerako joera hartuko du. Tartean, zaparrada batzuk botako ditu eta ekaitz hauek momenturen batean edo bestean handi xamarrak izan daitezke. Kazkabarra ere bota dezake. Tenperaturek behera egingo dute ekaitz giroa sartzen denean. 

Larunbatean, giro lasaiagoa izango dugu. Hego haizeak jotzen jarraituko du eta horrekin tenperaturek altuak izaten jarraituko dute; 28-30 gradutan kokatuko dira maximoak. Goiz partean giro argiagoa izango da. Arratsaldean zerua estali egingo da eta iluntze partean euritarako joeratxo bat egongo da. Orokorrean ez du ezer handirik egingo baina zaparradaxkaren bat edo beste bota dezake, ekaitz kutsukoak oraindik ere izaten jarraitzeko aukerarekin. 

Igandean, berriz, fronte baten bisitak eta ipar mendebaldeko haizeak euri giroa utziko dute, batez ere, egunaren lehendabiziko zatian. Zaparradak izango ditugu, momenturen batean gainera handixeagoak izan daitezke. Ondoren, eguerditik aurrera, zaparradak geroz eta tartekatuagoak izango dira. Gau partean hego haizea sartuko da eta ostarteak zabalduko zaizkigu. Tenperatura maximoak 20-22 graduren bueltan ibiliko dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!