Pasa den larunbatean eman zitzaion hasiera Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari, Oñatin, eta jarraipena igandean, Amasa-Villabonan izan zuen. Irailaren 14tik abenduaren 14ra, hiru hilabetez luzatuko da txapelketa eta lehen bi saioetan, Oñatiko Santa Ana antzokia eta Amasa-Villabonako Gurea antzokia, biak jendez goraino bete ziren. Bat baino gehiago geratu zen bertsolariak ikusi eta entzun nahi eta aukerarik gabe, sarrera guztiak internet bidez salduak baitziren eta alferreko bidaia egin zuten sarrerarik gabe bertaratu zirenek. Bi antzokietan 270 ikusletik inguru bildu ziren.
Final-zortzirenetan bertsolariek hamalauna bertso kantatu beharko dituzte: zortziko nagusian eta zortziko txikian ofiziotan ariko dira, bina punturi erantzun beharko diote, hamarreko txikian segidan eta amaitzeko, kartzelako lanean, bakarka hiruna bertso.
Txapelketako berrikuntza puntu-erantzunetan gaia ematearena da. Bat-batean puntuari erantzun partez, gai-jartzaileak lehenik eta behin gaia esaten dio bertsolariari, esaterako, Mujikaren kasuan, Iban Narbaizak puntuak kantatu aurretik gaia esan zuen, garraio publikoaeta handik segundo gutxira, betiko moduan jarri zituen puntuak. Txapelketako berrikuntza da, eta ikusiko da aurtengoan geratzen den edo geratzeko datorren aldaketa den. Momentuz, entzun diren hamabi puntu erantzunetan ez da alde nabarmenik igarri aurreko urteekin alderatuz.
HARITZ ETA BEÑAT, NAGUSI
Oñatin Haritz Mujika asteasuarrak lortu zituen puntu gehien eta beraz, hurrengo fasera sailkatzea lortu du. Final-laurdenetan, urriaren 20an kantatuko du, Irunen. Agin Lauburu zain dauka bertan. Amasa-Villabonako Gurea antzokian berriz, herriko semea izan zen lehenengo, Beñat Iguaran. Final-zortzirenetan herrian kantatu badu, final-laurdenetan auzo-herrian kantatuko du, Andoainen, urriaren 19an. Iñaki Apalategi dago zain.
HAMARREKO TXIKIA
Oñatin, Maider Arregi (Oñati), Felix Zubia (Zarautz), Amaia Iturriotz (Urretxu), Aratz Igartzabal (Gabiria) eta Andoni Mujika (Urnieta) izan ziren asteasuarraren oholtzakideak eta guztiak Iban Narbaizaren aginduetara aritu ziren. Zortziko nagusian, hamarreko txikian eta kartzelan puntuazio altuena lortu zuen Mujikak eta puntu erantzunetan ere bigarren puntuazio altuena lortu zuen Zubiaren atzetik. Beraz, zortziko txikiko ariketa kenduta, nagusitasuna erakutsi zuen asteasuarrak.
Horixe bera zen Santa Anako antzoki kanpoan, saioa amaitutakoan ere entzuten zena, Haritz Mujikak segurtasuna transmititu zuela. Batez ere, azken bi ariketak nabarmendu zituen jendeak eta asteasuarra bera ere, ariketa horietan geratu zen asebeteen.
Amasa-Villabonako Gurea antzokiaren kanpoan ere Beñat Iguaranen ariketa berberak azpimarratu ziren: hamarreko txikia eta kartzelako lana. Iguaranek, Iñigo Mantzizidor Mantxi(Zarautz), Maialen Akizu (Urretxu), Iban Urdangarin (Ataun), Oier Etxeberria (Azpeitia) eta Odei Lopez (Legorreta) izan zituen kantukide eta Eresti Oiarbide aurkezle.
Amasarrak saio erregularra egin zuen. Ez zuen hutsik egin eta bertsoaldiro eroso ikusi zen. Zortziko nagusia eta zortziko txikia amaitzean Mantxi zen punturik gehien zituen bertsolaria, eta Iban Urdangarinek jarraitzen zion, eta biek aldetxoa atera zien beste lau bertsolariei. Baina, biek poto egin zuten puntu-erantzunen ariketan. Hurrengo ariketetan ere, Urdangarinek kartzelan beste poto bat egin zuen eta Mantxi hamarreko txikian trabatuta ibili zen. Aldiz, Iguaranek azken bi ariketak osatu zituen ondoen eta kartzelan orain arteko hamabi bakarkakoetako puntuaziorik altuena lortu zuen, 107 puntu; igandeko kartzelako bigarren puntuazio altuenari, Mantxiri, 11,5 puntu kendu zizkion ariketa bakarrean. Beraz, erregularra izateak eta amaieran gora egiteak eman zion lehen postua amasarrari.
Datorren astean beste bi bertso saio izango dira: larunbatean Ordizian eta igandean Zumaian eta azken saio horretan kantatuko du Iñigo Gorostarzu berastegiarrak.