Akordioa adostuta, espetxea saihestu dute bik ez beste guztiek

Ataria 2019ko irailaren 16a

11/13 sumarioko epaiketan akordioa adostu dute aldeek, eta Jon Mintegiaga ibartarrak eta Jesus Mari Aldunberri elduaindarrak ez dute espetxera joan beharrik izango.

Hogeita bost minutu eskas iraun zituen atzo goizean Madrilgo Auzitegi Nazionalean egin zuten 11/13 sumarioko epaiketak. Aldeek akordioa egin zuten, eta 47 lagunek onartu egin zituzten leporatutako akusazioak. Jon Enparantza eta Arantza Zulueta hilabete batzuetarako sartuko dituzte kartzelan; gainerako 45 kideei, tartean, Jon Mintegiaga Minderi eta Jesus Mari Aldunberri Kuduri, urtebete eta sei hilabete eta bi urte arteko zigorrak ezarri dizkiete, beraz, ez dira espetxera joango.

Fiskalak «erakunde terroristako kide» izatea leporatzen zien auzipetu guztiei eta 601 urteko espetxe zigorra eskatua zuen, guztira. Akordioa tarteko, aldatu egin ditu leporatzen zaizkien delituak. Minderen kasuan, bi urteko zigorra ezarri diote aurrekariengatik, eta Kuduren kasuan urtebete eta sei hilabetekoa. Espetxea saihestuko duten arren, hiru urterako inhabilitazio absolutua jasoko dute epaitu guztiek.

Atzoko epaiketan, egozten dizkieten akusazioak onartu egin zituzten epaituek. Fiskalaren galderei soilik erantzun zieten, eta akusazioak onartu ostean, aldeek esan zuten ez zegoela frogarik egin beharrik. Beraz, ondorioetan zigor eskaera berriak jakinarazi zituen fiskalak, eta amaitutzat eman zuten epaiketa. Gaur baieztatuko du sententzia epaimahaiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!