Igandea arte uda beteko eguraldia

Erabiltzailearen aurpegia Iker Ibarluzea 2019ko irailaren 13a

Eguraldi eguzkitsu eta egonkorra izango dugu gaurkoan. Egun guztian zehar eguzkia nagusituko da eta horrekin eta ekialdeko haizearen laguntzari esker termometroak balio beroetara etorriko zaizkigu. 

Eguneko erdiko orduetan 26-28 bitartean errendituko dira tenperatura maximoak; uda beteko eguraldia, beraz. Arratsalde partean goi hodeiren bat edo beste ikusiko dugu baina batere ondoriorik ekarri gabe. 

Asteburuak bi aurpegi erakutsiko ditu. Larunbatean eguraldi polita espero da. Aurreko egunarekin alderatuz hodei gehiago ikusiko dugu, batez ere arratsalde partean. Goiz partean giro eguzkitsua izango da, ondoren, arratsalde partean bero hodei batzuk garatuko zaizkigu baina ez dute ekaitzetarako joerarik izango. Beraz, larunbatean eguraldi lasaiarekin jarraituko dugu eta bero egiten segiko du.

Goiz partean hego ekialdeko haizea sartuko denez tenperaturek gora egingo dute, 28-30 graduetan errendituko dira eguneko erdiko orduetan. Arratsalde partean ipar ekialdeko haizea sartuko du eta zertxobait freskatuko du baina oso gutxi, beraz, larunbatean bero egingo du.

Igandean, berriz, eguraldi nahasiagoa espero da. Goizaldean, egunsentian eta goizean goiz, baliteke ekaitz zaparradaren bat izatea. Aukera txikia da, eta lau tanto bakarrik izango dira, ondoren eguneko erdiko orduetan giro lasaia izango da. Berriz ere tenperatura altuak izango dira, 30 graduren bueltan errendituko dira berriz ere maximoak, eta ondoren, arratsalde erditik aurrera ezegonkortasuna areagotu egingo da. Aurreko egunekin alderatuz dezentez ezegonkorragoa egongo da eguraldia igande arratsaldean, eta ekaitzetarako joera hartuko du. Arratsalde erditik aurrera modu irregularrean baina ekaitz zaparradak izango ditugu eta egoera zertxobait nahastu egingo da. Ekaitzak jotzen duen lekuetan zaparrada gogor xamar bat edo beste botako du, eta noski, tenperaturak beheraxeago etorriko zaizkigu. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!