Ekitaldi txiki bat izan da, eta txapelketak irauten duen bitartean entzungo den sintonia eta aldizkaria aurkeztu dituzte. Pello Errotaren heriotzaren mendeurreneko ekitaldien barruan kokatzen da gaurko aurkezpena. Asteasuko alkatea den Pili Legarrak hartu du hitza ongietorria emanaz, eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaria den Saroi Jauregik egin ditu txapelketari dagozkion azalpenak. Tolosaldeko hainbat ordezkari agerraldian izan dira.
Ekitaldi laburra Don Inorrez taldeak txapelketarako sortu duen Errotaren martxa sintonia entzunez amaitu da. Imanol Ubedak sortu duen abestia txalo zaparrada batekin hartua izan da. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako aldizkaria bertaratutakoen eskura jarri dute.
Txapelketari begira
Tolosaldeak finalerako lehian sei ordezkari izango ditu txapelketan: Haritz Mujika, Beñat Iguaran, Iñigo Gorostarzu Etxorde, Unai Mendizabal, Mikel Artola eta Oihana Iguaran.
Hilaren 14an izango da final-zortzirenetako lehen kanporaketa Oñatin, eta bertan ariko da Haritz Mujika asteasuarra. Egun bat beranduago, igandean, Beñat Iguaran amasarraren txanda izango da, eta herrian bertan kantatu beharko du.
Hilaren 22an, igandean, Iñigo Gorostarzu berastegiarrari dagokio kantatzea, Zumaian. Unai Mendizabal zizurkildarra, Zumarraga-Urretxuko kanporaketan ariko da, hilaren 28an. Mikel Artola alegiarrari ia hilabete falta zaio txapelketako lehen saioa egiteko. Urriaren 5ean Lasarte-Orian abestuko du. Eta azkenik, Oihana Iguaran amasarra faltako da txapelketan murgiltzeko. Urriaren 27a da bere eguna, eta Azpeitian izango du saioa.
Bertsolariez gain, eskualdeko beste sei pertsona ere buru-belarri ariko dira bestelako lanetan. Gai jartzaile taldean Imanol Artola felix, Iker Iriarte eta Ion Zaldua ariko dira. Eta aldiz, epaile lanak egin beharko dituzte Zigor Leunda, Felix Irazustabarrena eta Mikel Belokik.
Finalaurrekoak azaroaren 17an, 24an eta abenduaren 1ean jokatuko dira, eta azken saioa Tolosan izango da.
Final handia, berriz, abenduaren 14an izango da, Donostian.