Iazkoa baino grisagoa

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko abu. 29a, 20:16

Ez da posible izan, eta Tolosaldeko Arraun Klubeko traineruak ez du sailkatze estropadako zazpi onenen artean sartzea lortu; burumakur lehorreratu dira arraunlariak, zaleen animo artean. 

Bazekiten ez zegoela erraza, ligako azken saioetan zazpigarren postuaren bueltan ibili izan diren arren. Kontxa kontxa da, hala esan ohi dute arraun zaleek, eta gaur ere hala erakutsi du badia donostiarrak: pronostikoak betetzeko bai, baina ezustekoen sehaska izateko ere atontzen dela irailero. Eta, beharbada horregatik, tentsio eta kontzentrazio aurpegiekin ontziratu dira TAKeko emakumeak; iazko irudiak errepasatuz, eta horietara iristeko lanekin pentsatuz. 

Eguraldiarekin nolabait mimetizatuta, iazkoa baino grisagoa izan da Kontxako sailkatze estropada, eskualdeko arraunlari eta zaleentzat, eta datozen bi igandeetan ez da Donostiara zapi urdinekin bertaratzeko aitzakiari izango. Oriorengandik 37 segundora, Tolosaldeko trainerua 12. postuak sailkatu da, azkenean, lanak osatuta.

Zozketak hala erabakita, TAK lehena izan da erlojuaren aurkakoan, eta aurreko erreferentziarik gabe jardun behar izan dute. Metro inguruko olatuak zeuden, baina ontzien zenbait arazo izan dituzte ziabogak egoki ematerakoan. Faboritoek, dena den, ez dute hutsik egin, eta Oriok denborarik onena markatu du, bai ziabogan, bai helmugan; tostetan zihoan Ohiane Iraola tolosarra. Itxaso Aranburu tolosarra, berriz, Hernanirekin aritu da lehian, eta 17. postuan amaitu dute sailkatze estropada, lehen sailkatuagandik 54 segundora. 

Gutxi-gorabeherako pronostikoak egiten aritu direnek galiziarren mailarekin zalantzan izan zitzaketen, baina, gaurko errendimenduari begiratuta behintzat, ez dira Euskotren eta ETE ligako zenbaiten gainetik izan, ere zazpigarren postuan, azken sailkatua izan da Riveira ontzia. 

Kontxako sailkatze estropada 2019, emakumeak

1. Orio 11:12

2. Arraun Lagunak +18 

3. Hibaika + 22

4. Zumaia + 25 

5. Hondarribia +29,80

6. San Juan +29,96

7. Riveira +32

8. Cabo da Cruz +40

9. Deusto + 43

10. Ondarroa + 47,10

11. Isuntza +47,32

12. Tolosaldea +55

13. Tiran +58

14. Kaiku +59,32

15. Mecos +59,42

16. Perillo + 1:10

17. Hernani +1:12

18. Mugardos +1:23

19. Lapurdi +1:54

20. Colindres +2:37

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!